Gerra Ukrainan. Negoziazioak

Negoziatzen jarraitzeko prest azaldu dira Ukraina eta Errusia

Bi aldeak bat etorri dira plazaratu dituzten lehentasunezko alderdi batzuetan, eta datozen egunetan bilduko dira berriz. Macronek dio Putinek zibilen aurkako erasoak gelditzeko konpromisoa hartu duela

Vladimir Putin Errusiako presidentearen aholkulari Vladimir Medinski, ezkerrean, eta Volodimir Zelenski Ukrainako agintariaren aholkulari Mikhail Podoliak, eskuinean, atzo, Homelen. SERGEI KHOLODILIN / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Errusiak Ukraina zartarazi eta handik bost egunera eseri dira bi aldeetako ordezkariak aurrenekoz mahaiaren itzulian, gatazkari irtenbidea aurkitzeko asmoz, Bielorrusiako Homel eskualdean. Bost ordu luzeko lehen hartu-emana izan ondoren, «urrats txiki» batzuk egin dituztela adierazi zuten atzo Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhail Podoliakek eta Vladimir Putin Errusiako agintariaren aholkulari Vladimir Medinskik, bileraren ostean egindako balorazio laburrean.

Podoliaken arabera, «zaila» da Errusiarekin negoziatzea, joan den ostegunean hasi zuen «prozesu txikitzailearen» ikuspegi «zeharkako bat» duelako. Bere Twitter kontuan idatzitako mezuan nabarmendu zuen, ordea, «aurrerapauso batzuk» antzeman daitezkeela bi aldeek plazaratutako «lehentasunezko» alderdi batzuetan. Medinskik, berriz, ez zuen gehiegi zehaztu nahi izan, baina azaldu zuenez, «puntu batzuk identifikatu» dituzte, «zeinetatik jarrera orokorrak aurreikus ditzakegun». Ukrainak eta Errusiak hasi dituzten negoziazioek jarraipena izango dute, eta datozen egunetan batzartuko dira, Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko mugan, Putinen aholkulariak adierazi zuenez. Bi aldeek elkarrizketarako atea zabalik utzi dute.

Putin Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin mintzatu zen atzo, eta Eliseoak ohar batean adierazi zuenez, Errusiako agintariak prestasuna agertu zion helarazi zizkion hiru eskaerak onartzeko: su-eten bat egotea negoziazioek irauten duten bitartean, zibilen eta haien bizilekuen aurkako bonbardaketa guztiak geldiaraztea, eta hegoaldetik Kievera doan errepidea irekita mantentzea. Halere, ikusi beharko da Macronek egindako ahaleginak arrakasta izango ote duen; izan ere, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra saihesteko azkenekoz egin zituen saiakerak hutsalak izan ziren.

Elkarrizketek bide berri bat ireki duten heinean, ordea, gerra hotsek ez dute etenik. Ukrainako armadaren esanetan, borroka «gogorrak» egon ziren atzo herrialdean barreiatuta, batez ere Kharkiven, Ukrainako bigarren hiririk populatuenean. Kharkiveko oblastako agintariak salatu zuenez, errusiarrek gutxienez 11 lagun hil zituzten, eta ehunka zauritu. Kieven arabera, 352 zibil hil dira gerra hasi zenetik, horietatik hamalau haurrak. Bestelakoak dira Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak emandako azken datuak; Michelle Bachelet agentziaren goi mandatariaren esanetan, 102 zibil ukrainar hil dira, tartean zazpi haur. Zehazki, Ukrainan egindako ustezko gerra krimenak ikertuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Hala adiazi zuen atzo Karim AA Khan Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak. Haren esanetan, «arrazoizko oinarriak» daude pentsatzeko Moskuk Kieven gerra krimenak zein gizateriaren aurkako krimenak egin dituela.

Errusiaren erasoari erantzuteko asmoz, Zelenskikmezu bat helarazi zien atzo esperientzia militarra duten herrialdeko presoei: aske utziko ditu, baldin eta Ukrainako armadarekin bat egiten badute. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, berriz, Zelenskiri jakinarazi zion arma gehiago bidaliko dizkietela Ukrainako tropei. Storlenbergek Ukrainaren «ausardia» nabarmendu zuen. Gainera, Finlandiak, Suediak eta Luxenburgok ere jakinarazi zuten Ukrainari armak, munizioa eta beste hainbat militar tresna igorriko dizkiotela. Egoerak hala behartuta, bestalde, Alemaniako kantziler Olaf Scholzek defentsako gastua barne produktu gordinaren %2ra igoko du, herrialdeko indar armatua «indartzeko».

Suitzak azken egunotan gatazkaren inguruan askorik hitz egin ez duen arren, bat egin du Europako Batasunarekin, eta herrialde horrek Errusiari ezarritako zigor ekonomiko berberak jarriko dizkio: Suitzako finantza sisteman dauden Errusiako funtsak izoztuko ditu. Ignazio Cassis presidenteak adierazi zuen «onartezina» dela Moskuren erasoa. Gainera, Putinen, Mijail Mitxoustine Errusiako lehen ministroaren eta Sergei Lavrov Atzerri ministroaren ondasunak ere izoztuko ditu.

Gerrako sugarrak apaltze aldera, zenbait herrialdek neurriak hartu dituzte. Turkiak Itsaso Beltzerako bidea itxiko die Errusiako eta Ukrainako ontzi militarrei. Mevlut Cavusoglu herrialdeko atzerri ministroak iragarri zuenez, Ankarak Montreuxeko Konbentzioa aplikatuko du. Hala, Bosforoko eta Dardaneloetako itsasarteetatik gerran inplikatutako herrialde horien ontziei igarotzea debekatuko die. Aldiz, Hungariako Atzerri ministro Peter Szijjartok, iragarri zuenez, gobernuak ez du utziko Ukrainara ekipamendu militar «hilgarria» euren herrialdetik igarotzen.

«Gezurren inperioa»

Mendebaldearen zigorrei erantzunez, Errusiak aire espazioa itxi die 36 herrialdeei; Erresuma Batuari, Alemaniari, Espainiari eta Kanadari, besteak beste. Halaber, Putinek, «gezurren inperio» bat izatea leporatu dio Mendebaldeari. Errusiako arma nuklearrak maneiatzeko arduradunak «alerta gorenean» daude igandetik, Putinek hala aginduta. Era berean, haren aliatu Bielorrusia Errusiako arma nuklearren biltegi berria bihurtu da; bertako herritarren %65ek konstituzio erreformari buruzko erreferenduma onartzearen alde bozkatu baitzuten herenegun. Politika nuklearrean aldaketa esanguratsua eragiteaz gain, Bielorrusiak «neutraltasun estatusa» ere bertan behera utzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.