Gazako egunerokoa (26)

«Negu hau infernua izango da»

GAZA
Palestinar talde bat Gazako herrikideen artean laguntza humanitarioa banatzen. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Azaroaren 12a, igandea

Hogeita hamazazpigarren eguna. Bart lozorroak hartu nau. Esnatu eta harrituta geratu naiz, denak esaten ari baitira oso larriak izan direla gaueko erasoak. Eta guztia gertatu bitartean, ni lo seko. Neka-neka eginda egongo nintzen. Ilunabarreko zortziak aldean etzan nintzen ohean. Begiak zabaldu ditudanerako, goizeko seiak hogeita bost gutxi ziren.

Faraj goizeko otoitzean ari da, eta itsutu egin nau komunera joateko erabili duen linternak. Oso arraroa da nik bederatzi ordu baino gehiago lo egitea. Hala ere, berriz etzan naiz, ea lokartzen naizen. Goizean goiz ez baitago egitekorik batere. Beste ordubete lo eginez gero, bai ederki. Ezin izan dut, ordea, kanpoan bueltaka eta hizketan dabiltzan gizon-emakumeen hotsak ez baitit utzi lokartzen. Faraj nire ondoan etzan da, telefonoan dituen kanaletako baten albistegia aditu nahian.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Bart gauean irrati berria erosi dugu. Farajen ama gure etxe azpian bizi da, eta badu irrati bat, noiz edo noiz erabiltzen duena Korana entzuteko. Emakumeak 90 urte ditu, eta, informazioa jasotzeko baino gehiago, konpainia izateko behar du irratia. Aste honetan, ordea, ezin izan du konpainia hori ere izan, irratia ez zebilen eta. Farajek esan zion konponduko ziola, eta etxera ekarri zuen, ea asmatzen zuen. Bi ordu pasatu genituen horretan, alfer-alferrik. Seinalerik ez. Soinurik ez. Aparatu gorria paretan zintzilik dago orain, garai batean erretratuak egoten ziren bezala: lehengo egunak gogoan izateko argazki gorrixka bat. Ni lotan nengoela, Faraj eztandak aditzen egon da, ezeren berri ez zekiela.

Zerua lainotua dago gaur goizean. Badator euria, nonbait. Normalean, berri ona litzateke, urte guztian ez baitu euririk egin, azaroaren erdialdean gauden arren. Negu lehor batean, normalean estimatu egingo genuke euri tanta bakoitza. Baina gauden bezala egonda, bada, ez. Negu hau infernua izango da eskoletan, egurats gorrian edo leihorik gabe bizi diren ehunka mila lagunentzat —eztandek txikitu egin dituzte leihoak—, ikasgelak lotarako hartu eta elkarren ondoan bizi direnentzat. Euria erruz sartuko zaie geletan, eta blai utziko dizkie tapakiak. Kaleetako hustubideak dauden bezala egonda, urak indarra hartzen badu efluenteak gora egingo du, kale eta karkabak hartzeraino.

«Euria egiteko itxura du», esan diot Faraji. Otoitzean ari naiz eguzkia atera dadin, lainoak pasa daitezen. Gu, neurri batean, eroso-edo gaude apartamentu honetan, eta, halere, euria txarra baino txarragoa litzateke guretzat. Eraikineko leiho guzti-guztiak hautsita daude. Bainugelan aterik ez daukagu. Ate asko hondatuta daude, edo gontz batetik zintzilik. Eta, seguru asko, hau izango da Gazako zerrendan kalte gutxien duten etxeetako bat. Gazan ez dago leiho bat bakarra osorik. Orain arteko eguraldi epel lehorra ez da ohikoa izaten urte garai honetan, baina Jainkoaren bedeinkazioa izan da guretzat. Jainkoak ez du nahiko guk gehiago sufritzea.

«Mahamoud-ek proposatu digu barau egitea okupazio aldi honetan, baina otordu bakarra egiten dugu lehendik ere. 'Egunean behin baino ez dugu zerbait jaten!', erantzun diot»

Farajek eta Adhamek hiru ordu pasatu dituzte leihoak konpondu nahian. Kristalik gabeak tapatu egin dituzte, mantaren bat irmo tenkatuta markoan; kristal hautsiak hor dauzkatenak, berriz, nylonez estali dituzte. Beste hainbeste egin dute lehenbiziko solairuan, hor bizi baita Farajen ama. Ez da lan fin-fina izan, eta bolada batez baino ez du iraungo, baina euria egiten duenean, behintzat, zertxobait atzeratuko du kaltea. Halako batean, tapakiak ere busti, eta ura tantaka sartuko da apartamentuan. Zer dugu eskura, ordea, hotzik ez pasatzeko? Negua latza izango da. Orain ezin dugu hiria ikusi barrendik; bat-batean, ilun-iluna da etxea.

Atzo gauean, F16 hegazkin batek Eixaren etxearen ondoko eraikin baten kontra jo zuen. Hilabete bazen etxejabeek alde egin zutela handik, ekialdetik datozen tankeen misilen eta granaden beldurrez. Baina bat-batean, ez jakin zergatik, atzo goizean itzultzea erabaki zuten. Haietako bederatzi hilik aurkitu genituen, eta hondakinen azpian daude gainerakoak. Eixa eta haurrak ondo al zeuden begiratzera joan nintzen hara. Kale hartara iritsi nintzenean, haien bizilagunak mirarizko istorio batzuk kontatzen ari ziren, nola atera den bizirik urlia, nola sandia. Senar-emazte batzuek, esaterako, pentsatu zuten sukaldean lo egingo zutela, lehen aldiz egin ere, eta haurrak atzetik joan zitzaizkien. Misil batek txikitu egin zuen haurren gela, baina familia guztia bizirik dago, txiripaz.

Atzo gauean bertan, lurrin denda estimatu bat birrindu zuten esparruko merkatu nagusian. Hurrengo egunetarako erosketak egitera joan naizenean jakin dut. Ez dago ezer ere, janari izoztua baino ez. Azokan jende gehiago zebilen aurrekoan, duela hiru egun etorri nintzenean. Orain, berriz, dozenaka batzuk dabiltza han eta hemen, janari izoztua erosten. Nire senideetako batek, Mahamoud-ek, proposatu digu barau egitea okupazio aldi honetan, baina otordu bakarra egiten dugu lehendik ere. «Egunean behin baino ez dugu zerbait jaten!», erantzun diot. «Baina propio barau egiten badugu, gertuago egongo gara Jainkoagandik», hark. «Sabela beteta, orduan bai hurbilago Harengandik», bota diot, «fundamentu handiagoa izango dugu eta».

Dena garestitu egin da, arrunt. Dendari batzuk egoeraz baliatzen ari dira: produkturen bat monopolizatu, eta normalean halako hiru eskatzen ari dira haren aldera; gauza batzuk, lehen baino hamar aldiz garestiago daude. Irina hamabi shekel ordaintzen da orain kiloa; lehen, ez zen laura iristen. Halakoak osagai oinarrizkoak dira: inork ez lituzke monopolizatu behar.

«Israeldar batzuk hasiak dira beren gobernuari eskatzen jolas parke erraldoi bat jar dezala Gazako zerrendaren iparraldean, Disney World moduko bat kolonizatzaile eta kolonoentzat. Faraji gogorarazi diot beste hainbeste egin zutela 1967an»

Berri kezkagarriak datoz Al-Xifa ospitaletik. Eta antzekoak dira Indonesia ospitaletik datozenak ere. Gaur goizean familia gehiago abiatu dira hegoaldera; gainerakoak, gu bezala, halabeharraren zain daude. Nire adiskide batek dio hegoaldera joandakoei ere falta zaizkiela oinarrizko jangaiak, iparraldekoei bezalaxe. Beraz, zertarako hartu hegoaldera joateko lana? Hemen, behintzat, ez gara errefuxiatuak. «Pentsa: komunera joateko, hiru ordu ilaran», esan dit adiskideak telefonoz. Bai, buruan daukat, eta ez dut horrela bizi nahi, uko egiteko aukera dudan bitartean behintzat. Israeldar batzuk hasiak dira beren gobernuari eskatzen jolas parke erraldoi bat jar dezala Gazako zerrendaren iparraldean, Disney World moduko bat kolonizatzaile eta kolonoentzat. Faraji gogorarazi diot beste hainbeste egin zutela 1967an, palestinarren hiru herrixka txikitu eta eraitsi zituztenean —Imwas, Yalo eta Bait Nuba—. Kanada Parkea deitu zioten, eta Jaffatik Jerusalemera doan errepidearen ondoan dago.

«Nola liteke jendea oporretan joatea beste batzuen hilobietara?», galdetu du Farajek.

«Horretan oinarritzen da israeldarren industria turistiko guztia», esan diot. «Zatozte eta ondo pasa palestinarren hilobietan», esaten diote munduari. «Dantza egin eta gozatu munduko presondegirik handienean. Hartu atseden, gozatu, ondo ibili!».

Hurrengo atala: «Joko bateko pertsonaiak gara»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.