H ilabete batzuen buruan ez dut berriz ere botoa ematera joan nahi», adierazi du gizon batek Erromako Torpignattara auzo popularrean. Abstentzioari buruz arduratuta dago gizona, eta bera bezala, beste italiar andana bat. Eguerdiko hamabiak dira, eta ilararik ez dago hauteslekuan.
«Hauteskundeak neguan egiten ditugun lehen aldia da, eta horren ondorioak ordaintzen ari gara orain», nabarmendu du emakume batek. Eguraldi txarraz ari da; izan ere, euria eta elurra ari du. Erromara hotza iritsi zen bozen bezperan, eta iparraldeko eskualdeetara, berriz, elurra. Italiarren bozkatzeko aldartean eragina izan omen du eguraldiak; hala diote, behintzat, hedabideek.
Nolanahi ere, herritar askorentzat, eguraldi txarra ez da aitzakia bat. «Gure egonkortasun ekonomiko eta politikoa dago jokoan. Behingoz, gure herrialdearekiko ardura pixka bat erakutsi beharko genuke», dio neska gazte batek. Mario Montiren zentroko koalizioari eman dio botoa, lehen aldiz. «Europako Batasunean sinesten dudalako».
Hauteskunde kanpaina nahasia izan bada ere, bozetako bi egunak lasaitasun osoz igaro dira Italian. Boto batzuei egindako argazkiak izan dira erregistratutako irregulartasun bakarrak. Askoren tamalerako, baina, Berlusconi izan zen bozen lehen eguneko protagonista, Femen taldekoen antzeko neska gazte batzuk haren boto kutxan protesta bat antolatu ondotik.
Hiriburuan, banaketa
Hiri plurala da Erroma. Herritar beste iritzi eta iritzi beste boto topa daitezke Italiako hiriburuan. «Alderdi Demokratikoaren alde bozkatu dut, diputatuen ganberan eta senatuan. Hauteskunde Legea aldatzeko borondatea duen bakarra da», dio Leonardo izeneko Filosofia irakasle batek. Hauteskunde Legeak onarpenik ez du italiar gehienen artean; izan ere, zerrenda itxiak aurkeztu ohi ditu, hautagai bakoitzari boto zuzena emateko aukera eskaini gabe. Montik legea aldatuko zuela agindu egin zuen, baina ezintasunak dimisioa aurkeztera bultzatu zuen.
Inoiz baino gehiago, sistema politikoarekiko nekea erakutsi dute italiarrek bozetan. «Bost Izarren Mugimenduari emango diogu botoa, benetako aldaketa batean sinesten duen bakarra da eta», adierazi du gazte talde batek Erromako Vittorio enparantzan. Zalantzarik gabe, abstentzioaren alde zeuden asko erakarri ditu Beppe Grillo umoristak.
Edonola ere, italiar askok boto erabilgarria babestu dute. «Diputatuen Ganberan Bost Izarren Mugimenduari eman diot botoa, sistemari presioa egin diezaion; baina senatuan Alderdi Demokratikoaren alde egin dut, egonkortasun politikoa bermatu behar dugulako», adierazi du autobus gidari batek.
Botoa Berlusconiri eman diotenen artean, ordea, bi joera nagusitu dira: aho txikiz onartzen dutenak eta harrotasunez babes osoa ematen diotenak. «Ez dut inoiz komunisten alde bozkatuko. Berlusconiren kontrako epaiketak iruzur hutsa dira», nabarmendu du emakume batek. Ez da iritzi bakana. Il Cavalierek babes handia du adineko emakumeen artean, eta Italiako magistratuen kontra botatzen dituen irainek eragina dute herritarrengan.
Hauteskundeen kontrako testuinguruaz, baina, inor gutxik eman nahi du iritzia. «Datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira gure errepublikarentzat. Garai gogorrak datoz. Zer egingo diogu, merezita daukagu!», adierazi du Trastevereko agure batek, umore italiarra galdu gabe.
Italiako hauteskundeak. Behin-behineko emaitzak
Nekearen botoa
Arduraren eta abstentzioaren mamuaren artean eman dute italiarrek botoa. Bozketak gobernabide falta ekartzeak ematen die beldurrik handiena. Eta behin-behineko emaitzek ez dituzte uxatu mamu horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu