MUNDUA

Nelson Mandela hil da

95 urte zituela hil da Hegoafrikako presidente ohi eta bakearen Nobel sariduna, Johannesburgon, etxean. 'Apartheid' sistema politiko arrazista gainditzeko giltzarria izan zen, eta hamarkadak egin zituen kartzelan. Espetxean zela gaixotu zen, eta azken hilabeteetan asko okertu zen haren osasuna.

jon olano
2013ko abenduaren 6a
09:15
Entzun

Jakob Zuma Hegoafrikako presidenteak eman du bart Mandelaren heriotzaren berri, telebista bidez zabaldutako mezu batean: "Hegoafrikar maiteok, gure Nelson Rohlihla Mandela maitea, gure nazio demokratikoaren aita, zendu da". "Bakean" eta "senideak ondoan" zituela hil da.

Pretoriako ospital militar batean dute Mandelaren gorpua. Astelehenerako, meza handi bat prestatzen ari dira haren alde Johannesburgon, eta hortik aurrera hasiko da hiru eguneko estatu dolua. Abenduaren 15ean egingo dute haren aldeko hileta, Qunun, Mandelak haurtzaroa igaro zuen lekuan.

"Gure herrialdeak seme onena galdu du", esan du Zumak. Ez du hileta egiteko datarik zehaztu, baina ordura arte banderak masta erdira zintzilikatuko dituztela jakinarazi du.

"Nahiz eta bagenekien egun hau iritsiko zela, ezerk ezin du galera hau arindu. Askatasunaren aldeko bere borroka nekaezinak munduaren errespetua irabaztea eragin zuen", nabarmendu du Zumak. Mandelaren "umiltasuna" eta "gizatasuna" gogoan izan ditu egungo presidenteak.

[Youtube]http://youtu.be/58yfqjyNJrI[/Youtube]

Biriketako infekzioa zuen 'Madiba'-k, eta sarri izan ditu osasun arazoak, espetxean egin zituen 27 urteen eraginez. Azken hilabeteetan, ordea, okerrera egin du; ekainaren 8an eraman zuten ospitalera, eta iazko abenduaz geroztik lau aldiz erietxeratu dute.

Uztailaren 18an bete zituen 95 urte, 1918ko egun hartan jaio baitzen. Hamarkada luzez borrokatu zen Apartheid politika arrazistaren kontra, eta 1990an atera zen espetxetik. Lau urte geroago, Hego Afrikako presidente aukeratu zuten, eta bakearen Nobel saria ere eman zioten 1993an, Frederik De Klerk orduko Hego Afrikako presidentearekin batera. “Apartheid-a era baketsuan amaitzeko egindako lana” saritu zuen epaimahaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.