MUNDUA

Netanyahu: "Akordio txar bat okerragoa da akordio eza baino"

Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuan hitz egin du Israelgo lehen ministroak. Adierazi du hobe dela Iranekin akordio nuklearrik ez egitea hitzarmen "txar bat" erdiestea baino, eta ohartarazi du: "Geure burua defenda dezakegu, bakarrik bada ere".

Benjamin Netanyahu, AEBetako Kongresuan eginiko hitzaldian. JIM LO SCALZO / EFE
jon olano
2015eko martxoaren 3a
08:15
Entzun

"Oso kezkatuta nago Israelgo egoeraz, eta edozer egiteko prest nago nik ordezkatzen ditudan herritarren etorkizuna ziurtatzeko", esan zuen astelehenean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak AEBetara heldu bezain pronto, eta ildo beretik jo du AEBetako Ordezkarien Ganberan egin duen hitzaldian.

Errepublikazaleen eskariz aritu da Netanyahu, Iranekin akordio nuklearra lortzeko "arriskuaz" ohartarazteko. Txalo zaparrada batekin egin diote ongietorria, eta bisitak eragin duen polemikaren jakitun dela aitortuta, AEBek Israeli emandako babesa eskertuz ekin dio hizketaldiari.

[Youtube]http://youtu.be/lELXynhbS84[/Youtube]

Iranen programa nuklearraren "mehatxuaz" aritu da Netanyahu, eta Estatu Islamikoarekin nahastu du. Esan du mehatxu handiena "islam militantea" dela, eta nabarmendu hobe dela Iranekin akordiorik ez egitea "akordio txar bat" egitea baino. Akordio hobea lortzeko, "presioari eustera" deitu du, azalduz Iranek "askoz gehiago" behar duela akordioa AEBek baino.

Irani ere zuzendu zaio Netanyahu, esanaz "herrialde normal" gisa har dezatela nahi badu hala jardun dezala. Baldintzak jarri dizkio: "terrorismoa babesteari" uztea, ekialde hurbilean "jokaera negatiboa" izateari uztea eta Israel "suntsitzeko" deiak ez egitea. Ordura arte, zigorrei eusteko eskatu die AEBetako ordezkariei.

Ohartarazpen batekin amaitu du hitzaldia: "Etsai genoziden aurrean herri judutarrak jarrera pasiboa zuen egunak amaitu dira. Gure burua defenda dezakegu, bakarrik bada ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.