Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu berriz mintzatu da Gazaren gerraosteko egoeraz, baina oraingoan beste ideia bat helarazi du: Israelek ez duela zerrenda okupatzeko asmorik borrokak amaitu ondoren, ezta eremu hori konkistatzeko edo gobernatzeko ere.
AEBetako Fox News telebista kateari emandako eta gaur argitara ateratako elkarrizketa batean, Netanyahuk argudiatu du «gobernu zibil batek» hartu beharko lukeela Gazako agintea, baina, aldi berean, ohartarazi du Israelek bere segurtasuna bermatu behar duela, eta, beraz, horren araberakoa ere izan beharko duela gerra osteko jokalekuak; besteak beste, joan den urriaren 7koa bezalako eraso bat berriz ez gertatzeko. Esan du zerrendan sartzeko «indar sinesgarri bat» izan behar dutela horretarako: «Beharrezkoa balitz, Gazara sartzeko, eta Hamasen antzeko talde bat berriz sortzea eragozteko. Gaza desmilitarizatu, erradikalizatu gabe eta berreraikia behar da».
Israelgo lehen ministroaren adierazpen sorta hori aste honetan bertan hark defendaturiko jarreraren desberdina da; joan den asteartean, Netanyahuk adierazi zuen Tel Avivek zerrendaren «segurtasunaren ardura» hartuko zuela «epe mugagabe batez». Ez PAN Palestinako Aginte Nazionalak eta ez Israelen aliatu AEB Ameriketako Estatu Batuek ere ez dute begi onez ikusi asmo hori, eta baliteke horren ondorio izatea jarrera aldaketa.
Gazaren kontrolaz eta gobernabideaz aritzean, AEBek defendatu dute PANek hartu behar duela ardura hori, eta Mahmud Abbas gobernu horretako burua prest agertu da. Hori bai, Abbasek esana du agintea hartzearekin batera irtenbide politiko bat finkatu beharko litzatekeela, eta horren barne egon behar duela Israelek 1967an okupaturiko eremua uztea.
Eta fronte militarrean, asteotako erasoez galdetuta, Netanyahuk adierazi du Israelgo militarrak «bikain» ari direla, eta Hamasen aurka «lur gainean eta lur azpian» borrokatzen ari direla. Talde islamista hori «suntsitu arte» borrokan jarraituko dutela errepikatu du, eta «ezerk» ez dituela geldituko.
Zibilen egoerari dagokionez, Israelgo lehen ministroak esan du etenak egiten ari direla, eta egiten segituko dutela; hain justu, AEBetako Segurtasun Kontseiluko bozeramaile John Kirbyk atzo iragarri zuen Israelek onartu egin duela Gaza iparraldean egunean lau orduko «eten humanitarioak» egitea. Horretaz, Netanyahuk erantzun du zibilak ez direla militarren helburuak, eta, horregatik, zerrendaren hegoaldean dauden «gune seguruetara» bideratu nahi dituzte. Israelgo armadak 10.800 palestinar baino gehiago hil ditu asteotan, zerrendako Osasun Ministerioaren arabera.
Mila milioi euro baino gehiago laguntzan
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta haren gobernuak antolatuta, Gazaren egoera humanitarioari buruzko konferentzia bat egin zuten atzo, eta adostu zuten mila milioi euro baino gehiago bideratzea zerrendara, Eliseoak atzo gauean jakinarazi zuenez. Hitzordu horren hasieran, gainera, Macronek adierazpen garrantzitsu bat egin zuen: lehen aldiz, eskatu zuen zerrendan su eten bat behar dela, eta agintariek hori lortzearen alde lan egin behar dutela.
Konferentzia horretan, Mendebaldeko hainbat herrialderen eta estatu arabiarren ordezkariak izan ziren —gobernuetako ministroak, oro har—, baita NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak eta gobernuz kanpoko erakundeetakoak ere. Israelek ez zuen parte hartu, baina Macronek azaldu zuen hitzorduaren edukiaz informazioa eman ziola Tel Avivi.