Netanyahuk eta Gantzek azken unera arte luzatu dituzte hizketak

Israelen bart amaitu da larrialdiko koalizio gobernu bat osatzeko jeneral ohiak jasotako epemuga. Bi agintariek akordiorik lortuko ez balute, herrialdea laugarren bozetara begira jarriko litzateke

ander perez zala
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Hiru hauteskunderen ostean, Israelgo paisaia politiko konplexuak irtenbide gutxirako aukerak eman zituen. Bi blokeak gehiengo osotik urrun geratu ziren, eta, balantza alde batera edo bestera mugitu zezakeen Avigdor Lieberman Defentsa ministro ohiaren menpe zeudela, azkenean ia inork espero ez zuen bideari eutsi dio Benny Gantz parlamentuko presidente eta armadako jeneral ohiak: Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroarekin koalizo gobernu bat negoziatzea. Bi agintariek bart gauerdira arte zuten ados jartzeko epea; edizio hau ixterako, ez zuten hizketen emaitzen berri eman.

Urduritasun eta maniobra askotariko egunak izan dira asteotakoak. Gantzi astelehen gauean amaitu behar zitzaion gobernua osatzeko agintea, baina, adostasun batera heltzeko gutxi falta zitzaiola argudiatuta, epea luzatzeko eskatu zion Reuven Rivlin Israelgo presidenteari; hasiera batean agintariak ezezkoa eman zion arren, gerora 48 orduko tarte gehigarri bat eskaini zion, larrialdiko koalizio gobernu bat osatzeko.Urtebetean, parlamentuan gehiengoa segurtatu lezakeen adostasun bat inoiz baino gertuago zegoenaren seinale izan zen.

Netanyahuri agintean jarraitzea komeni zaio, batez ere justiziatik babestu eta haren aurkako epaiketa saihesteko; fiskaltzak hiru kasurengatik inputatu du, eta iruzurra, eroskeria eta uste onaren iruzurra egotzi dizkio. Hain justu, jarduneko lehen ministroaren epaiketarekin zerikusia duen auzi bat izan da egunotako hizketetako eztabaidagai nagusietako bat: Auzitegi Goreneko epaileak aukeratzeko prozeduraren erreforma.

Jarduneko lehen ministroak agerian utzi zuen negoziazioetan bere interesen aldeko irtenbide bat nahi zuela, eta helburu horrekin bat egin behar lukeen akordioa nahi du, kargu horretan izateak epaitua ez izatea ahalbidetuko diolako.

Epaiketaz gain, Palestinako kolonia juduen eta Jordango haranaren anexioaren inguruan ere eztabaida handiak izan dituzte bi agintariek, Gantzek horiek ahalik eta gehiena atzeratzeko asmoa baitu; Netanyahuk, aldiz, ahalik eta azkarrena egin nahi ditu.

Jeneral ohiaren kasuan, negoziazioak arrakasta izatea berebizikoa bilakatu zaio, Likud alderdiaren buruzagiarekin negoziatzeak barne gatazka eta desadostasun handiak sortu baititu Urdina eta Zuria bere koalizioan.

Jarrera aldaketa

Hiru bozen ostean, iragan martxoan 36 diputatu lortu zituen Likudek —irailean baino lau gehiago—, eta 33 Urdina eta Zuria koalizioak —kopuru bera—. Gantzek parlamentuko 61 ordezkariren babesa jaso zuen gobernu bat osatzeko hizketak hasteko, baina, haren alde egin zuten indarren arteko harremanak eta bateragarritasunik ezak, koronabirusak eragindako egoerari gehituta, norabide aldaketa bat egiteko erabakia hartzera eraman zuten.

Jeneral ohiak Netanyahurekin negoziatuko zuela jakin eta berehala, Urdina eta Zuria zatitu egin zen, eta, egun, martxoko 33 diputatuetatik hamabost besterik ez zaizkio geratzen. «Egiaren unea da oraingoa, koronabirusaren aurkako gerra gogor bati aurre egin behar diogu. Historiak ez gaitu barkatuko ez badugu akordiorik lortzen», adierazi du asteon parlamentuko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.