Netanyahuk ez du onartu Herzogen erreforma judizialaren alternatiba

Protestak piztu dira berriro Jerusalemen eta Tel Aviven, eta hamar lagun atxilotu dituzte

Gobernu koalizioak egin nahi duen botere judizialaren erreformaren aurkako protesta, Tel Aviven, atzo. ABRIR SULTAN / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Israel amildegiaren ertzean dago». Horixe uste du Israelgo presidente Isaac Herzogek. Agintean dagoen eskuin muturreko koalizioak aurkeztutako lege erreformak sortu du ika-mika, zeinak xede duen Israelgo Auzitegi Gorenaren eskumen judiziala mugatzea. Herzogek erreforma horren alternatiba bat aurkeztu zuen asteazken gauean, baina koalizioko kideak «ez datoz bat» presidentearen planarekin, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk atzo esandakoaren arabera.

Koalizioaren asmoa da Auzitegi Goreneko epaileak hautatzeko prozedura aldatzea. Proposatzen dute parlamentuan gehiengoa duen alderdiko bost politikarik eta oposizioko politikari bakarrak osatzea epaileak izendatzeko batzordea. Herzogen proposamenaren arabera, ordea, 11 kidek osatuko lukete batzorde hori: gobernuan indarrean dagoen alderdiko edo koalizioko lau ordezkarik, botere judizialeko hiru kidek, oposizioko bik, eta Justizia ministroak eta Goreneko presidenteak hautatutako bik.

Israelgo Gobernuaren beste helburuetako bat da parlamentuak eskumena izatea Auzitegi Gorenaren erabakiak baliogabetzeko. Baina Herzogen alternatibak ez lioke horretarako gaitasuna aitortuko parlamentuari. Are, indartu egingo luke Knesseten, Israelgo Parlamentuan, legeak behin betiko onartzeko prozedura. Egun, lege proiektuek hiru bozketa gainditu behar dituzte onartuak izateko. Presidentearen proposamenaren arabera, lau beharko lituzkete; lehen hiru bozketetan, aldeko 61 boto, eta azkenekoan, berriz, 80.

Herzogen arabera, «herritarren parte handi baten iritzia islatzen du» aurkeztutako alternatibak, eta ohartarazi zuen «gerra zibil baten ertzean» dagoela herrialdea. Oposizioak alternatibaren alde egin du; koalizioko kideek, ordea, bereari eutsi, eta baztertu egin dute presidentearen dokumentua.

Protestek ez dute etenik

Gobernuak bere asmoak iragarri eta gutxira piztu ziren protestak herrialdean, eta atzo ere kalera irten ziren milaka lagun. Jerusalemen eta Tel Aviven bildu ziren gehien-gehienak. Iparraldeko Haifa herrian ere izan ziren protestak.

Israelgo segurtasun indarrek negar gasarekin erantzun zieten manifestariei, eta hamar lagun atxilotu zituzten. Manifestariek salatu dute gobernu koalizioaren lege erreformak helburu duela «botere judizialaren eskumenak ahultzea», eta «antidemokratikotzat» jo dute sistema moldatzeko egitasmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.