Ukrainako, Errusiako, Amerikako Estatu Batuetako eta Europako Batasuneko diplomazia buruak bildu dira Genevan (Suitza), Ukrainako krisiari aterabide bat emateko asmoz. Aurretik, John Kerry AEBetako estatu idazkaria banaka bildu da Catherine Ashton EBko atzerri politikako buruarekin, Andriy Deshchitsia Ukrainako Kanpo ministroarekin eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin.
Lavrovek iragarri duenez, Ukrainako krisia barezteko "neuri praktikoak" jasotzen dituen dokumentu bat adostu dute. Lavrovek berak proposatu du dokumentua; bertan, Ukraina ekialdean eraikin publikoak hartu dituzten taldeak desegin eta konstituzioa aldatzeko prozesu bat abiatzea proposatu du Errusiak. Ukrainak konstituzioa aldatzeko konpromisoa hartu du, Kerryk jakinarazi duenez.
Konstituzio berri horrek, Errusiaren arabera, Ukraina estatu federal gisa eratuko luke. Horrez gain, liskarretan parte hartu duten guztiei amnistia ematea eta hartutako eraikin publikoak Ukrainaren esku uztea hitzartu dute. Gainera, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko behatzaileak Ukraina ekialdera bidaltzea onartu dute, atxilotuak askatzen eta matxinoak eraikinak uzten ari direla bermatzeko.
Bideoa: Lavroven agerraldia, bileraren ostean (ingelesez)
[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=4hKtKS-Fo1o[/Youtube]
"Laguntza militar ez hilgarria"
Horrez gain, AEBek jakinarazi dute "laguntza militar ez hilgarria" bidaliko duela Ukrainara. AEBetako Defentsa idazkari Chuck Hagelek azaldu du Barack Obama AEBetako presidenteak onartu duela osasun materiala eta hornidura elektrikoa bidaltzea.
Ordu erdi inguruz egon da batzartuta bakoitzarekin Kerry, eta bertan zer hitz egin duten ez da zabaldu. Espero zuten lau ordu inguruz egotea bilduta, baina luze jo du bilerak. Bart, gutxienez hiru lagun hil dira Mariupolen, Ukraina hego-ekialdean, kuartel militar bat hartzeko ahaleginean ari zirela.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak "krimen larritzat" jo du gertatutakoa. Ukatu egin du Ukrainako gertaeren atzean Errusia dagoenik. Halaber, oroitarazi du Ukrainara armada bidaltzeko baimena eman ziola martxoan Errusiako senatuak, eta gaineratu du "eskubide" hori erabili behar izatea espero duela.
NATO, mugitzen
Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak jakinarazi du aliantzako kide diren Europa ekialdeko herrialdeen segurtasuna "berehala" indartuko duela "airez, lurrez eta itsasoz", Ukrainako krisiaren harira. Agerraldi bat egin du Rasmussenek, eta bertan esan du irtenbide "politiko" bat dela krisia konpontzeko modu bakarra. AEBek Errusiari eskatu dio "probokazioak" eten ditzala "berehala" Ukrainaren ekialdean.
Alemaniak gerrako ontzi bat eta sei gudu hegazkin bidaliko dituela jakinarazi du. Elba ontziak 45 soldadurekin, maniobra militarrak egingo ditu Baltiko itsasoan maiatzaren amaiera eta abuztuaren hasiera bitartean. Sei gudu hegazkinak, berriz, irailetik aurrera lan egingo dute, lau hilabetez, eskudearen "zaintzan".
Ukrainan, berriz, talde errusiarzaleek Odesako errepublikaren sorrera aldarrikatu dute: "Gaurtik [atzotik] aurrera, Odesako lurraldea Odesako errepublika popular izango da, eta botere osoa soilik bere lurraldean bizi den herritarrena izango da". Errusiarzaleek manifestazioak egin dituzte, baina gatazka Ukraina ekialdean piztu da, batez ere.