AEBetako hego ekialdeko kostaldea suntsitu zuen ekaitzak Gobernua «ustekabean» harrapatu zuela esan du George Bush presidenteak, Katrina urakanaren hondamendiaren lehen urteurrenean. Erantzukizunaren zati bat bere gain hartu behar izan du azkenean, herritar gehienek gogor gaitzesten dutelako Gobernuak hondamendiari emaniko erantzuna, oso geldoa izan zelakoan. Atzo eta gaur New Orleansen bisitan da presidentea. Oposizioak irudia garbitzeko kanpaina ikusi du bisitaldian, izan ere, ia ezer ez da berriz eraiki Katrinak duela 12 hilabete suntsituriko guneetan. «Katrinak erakutsi zuen, zoritxarrez, Gobernu Federala, estatukoa eta New Orleansekoa ez zeudela prestaturik halako hondamendi izugarriari aurre egiteko», esan zuen Bushek larunbatean estatubatuarrei astero irrati bidez zuzentzen dien hitzaldian. Oraingo honetan prestaturik ote dagoen frogatzeko aukera izan dezake aurki, beste ekaitz bat urakan bihurtzeko zorian baita Karibean. Iazko abuztuaren 29an indar handiko Katrina urakanak urez estali zuen hiriaren %80. Biztanleetako 1.300 bat hil egin ziren eta 2.000 desagertu.
Irakeko putzu beltzak baino kalte gehiago egin dio Bushi Katrinak. Ehunka mila desplazatu, milaka pertsona urik eta janaririk gabe estadioetan harrapaturik, agintariak ezinean oinarrizko laguntza emateko edo harpilaketak gelditzeko... Hirugarren munduko herrialde baten irudia eman zuten AEBk, nazioartearen begien aurrean. Hilabete honen hasieran eginiko galdeketa baten arabera, estatubatuarren bi herenek Bushen gobernuak Katrinaren gaian izaniko jokabidea gaitzesten dute oraindik. Horrez gain, suntsituriko guneak berriz altxatzeko diru laguntzak blokeaturik daude eta ez dira etxeak galdu dituztenen eskuetara heldu arrazoi burokratikoengatik. Izan ere, banaturiko lehen laguntzen %16an ustelkeria eta iruzurra egon dela salatu dute. New Orleans berriz eraikitzeko plan bat egon arte dirurik ez banatzea erabaki du Washingtonek.
BADATOR 'ERNESTO'.Gonbidatu gabeko bisitaria izango du Bushek iazko hondamendia gogoratzeko ekitaldietan. Ernesto izeneko ekaitzak Kuba astindu zuen atzo, eta hildako bat eragin zuen Haitin, indarra galdu eta urakan izatetik tropikoetako ekaitza izatera pasa arren. Normala baino urakan sasoi gogorra iragarri dute adituek, baina iazkoa bezain latza ez dela izango nabarmendu dute. Aurtengo sasoia oso lasaia izaten ari zen Karibean eta lehen arazoa izan da Ernesto. Floridako kostaldera hurbildu ahala, berriz indartu eta datozen egunotan urakan bihurtuko dela uste dute meteorologoek.
############
alejandro rosales'Katrina'-ren giza laguntzarako Oxfam America erakundeko antolatzailea
«Burokrazia eta erabaki politiko okerrak oztopo dira berreraiketan»
juanma sarasolaOxfam America Gobernuz Kanpoko Erakundeko kidea da Alejandro Rosales, hain zuzen ere Katrina urakanaren ondorengo laguntza banaketarako eskualdeko antolatzailea. Urakana gertatu arte Oxfamek Latinoamerikarako duen sailean lan egiten zuen. Hondamendiaren ondorioak eta giza laguntzaren inguruko gorabeherak gertutik jarraitzen ditu, eta agintariek laguntzarako eta berreraikuntzarako promesak ez dituztela bete nabarmendu du Beloxi hiritik (Mississippi), Oxfamek joan den astean kaleratutako Komunitate ahaztuak, bete gabeko promesak txostenaren haritik.
Alde askotatik gogor kritikatu dituzte AEBetako Gobernua eta honen menpeko erakundeak, urakanaren ondoren berreraikuntza lanetan eta laguntza banatzeko zereginetan oso gutxi aurreratu dela salatuta. Zer iritzi duzu horretaz?
Oxfamek desengainua hartu du Bushen gobernuak ez baititu bere promesak bete. Gobernuaren mailarik gorenetatik hasita apalenetaraino huts egin dute komunitaterik kaltetuenak laguntzeko promesan. Gainera, kaltetuen izandako pertsonak diru sarrerarik gutxien dutenak dira. Hondamendiaren ondorioz pobreagoak dira orain.
AEBetako agintariek urakanaren ondotik eginiko promesetatik zeintzuk bete dituzte eta zeintzuk ez?
Ez dute agindutako ia deus bete. Iaz AEBetako Kongresuak 17.000 milioi dolarreko laguntza onartu zuen etxebizitza publikoak berreraikitzeko, diru sarrera gutxiko pertsonentzat, baita etxebizitza asegururik ez zuten kaltetuentzat ere. Ez da kopuru horretatik zentimo bakar bat ere inbertitu etxebizitza publikoak eraikitzeko. Diru sarrera gutxiko jende ugari trailerretan bizi da oraindik. FEMA Larrialdien Kudeaketarako Agentzia Federalak utzitakoak dira, eta behin-behinean egoerari aurre egitekoak baziren ere, jende horrek oraindik hor segitzen du.
Dituzten baliabide eta diru sarreren arabera 'lehen mailako' eta 'bigarren mailako' kaltetuak egongo dira, ezta? Zer-nolako egoeran bizi da kaltetutako jendea?
Bai, hala da. Bereziki berreraikuntzan lan egiteko etorritako edota ekarritako etorkin latinoamerikarrentzat da txarra egoera. Ez soilik Mississippin, baita Louisianan ere. Beloxin (Mississippi), esaterako, etxebizitza publikoaren %80 inguru suntsitu zuen urakanak. Berreraikuntzan lan egitera etorritako etorkinak -askok ez dute paperik- egoera kaskarrean bizi dira, zubipeetan, etxe hondatuetan, ibilgailu abandonatuetan...
Zeintzuk dira hondamendiak erasandako herritarren behar eta arazo nagusiak?
Bizimodu eta ogibideak erabat suntsituta geratu ziren. Adibidez, arrantza industrian lan egiten zuten etorkin vietnamdarrak -eta jatorri horretako herritarrak- lanbide gabe geratu ziren, eta ez dute zentimorik jaso beren etxebizitza eta arrantza ontzi zein lanabesak berreraikitzeko. Dena den, lehenbiziko beharra etxebizitza da: bizitzeko tokirik gabe, ezin da lanik egin, lan egin ondoren leku bat behar izaten baita atseden hartzeko eta bizitzeko! Nabarmentzekoa da Beloxi ekialdean dauden kasinoek hartu duten jarrera. Hedatu eta handitu nahian, kaltetutako jendearen lur ugari erosi dituzte. Ondorioz, herritar asko desplazatzen ari dira agintariak. Arrazoi ekonomikoengatik eginiko desplazamendua da eta arazo franko eragiten ari dira. Urte bat igaro da eta baldarkeria burokratikoa eta erabaki politiko okerrak oztopoa dira berreraikuntzarako.
Urakana gertatu ondoren, leziorik ikasi al dute bai agintariek bai herritarrek?
Lehenik eta behin, denok jakin behar dugu halako gertaeren aurrean prestatuta egoten. Guk, giza laguntzarako agentzia moduan, beti nabarmendu dugu hori. Tokiko, estatuko eta gobernu federalarekin elkarlanean gabiltza, pertsonarik babesgabeenak -pobreak, ezinduak, etorkinak, ingelesez ez dakitenak...- kontuan har ditzaten hondamendi bat gertatzean handik atera ahal izateko. Bigarrenik, etxebizitza sendo eta prestatuak eraikitzea funtsezkoa da. Orain arte, arlo horretan jendeak zituen bizi baldintzak izugarriak ziren: eremu kaltetuetako jende gehiena diru sarrera gutxikoak ziren. Aurrerantzean jende horrek nola eta nora alde egin behar duen jakitea eta alde egin ahal izatea bermatu beharra dago.
Batzuek diote eremu askotako -bereziki New Orleansekoa- populazio pobrea eta beltza murrizteko interes eta saioak daudela. Egia al da hori?
Halako zerbait, bai. New Orleanseko Udalak plan bat dauka parkeak eraiki eta kasinoen industria zabaltzeko. Ondorioz, han bizi zen jendea desplazatuko dute. Jende hori pobrea da: afroamerikarrak, latinoamerikarrak, vietnamdarrak... eta abar. Jende horrek ez du ahotsik, eta bihar [iragan ostiralean] AEBetako komunitate afroamerikarraren eskubide zibilen erakunde nagusiarekin egingo dugun bilkuran hori ozen salatu nahi dugu, alegia, arrazoi ekonomikoengatik jendea behartuta desplazatzen ari direla.
Gerraren aurkakoek diote Gobernuak hondamendiei aurre egiteko funtsezkoak izan zitezkeen dirua eta giza baliabideak Iraken okupaziora bideratu dituela.
Iraken erabiltzen ari diren funts horiek ederki asko erabiltzen ahalko ziren urakanak kaltetutakoak laguntzeko. Auzi kezkagarria da. AEBak munduko herrialderik aberatsenak dira, eta beharrik gorriena duen jendeak ez ditu laguntzarako dirua eta baliabideak jaso.
Laguntza iristen ez zela ikusirik, gizarte eta elkartasun arloko antolakuntzarik eraiki al dute herritarrek beraiek?
Bai. Esaterako, lan eskubideen arloan, berreraikuntzan dabiltzan gehienak etorkinak dira, gehienak paperik gabekoak, eta lehen ez zeuden erakunde batzuk sortu dituzte. Gizarte zibila hazten ari da. Jendea kezkatuta, suminduta dago, eta antolatzen ari da. Zentzu horretan, Oxfam jende eta talde horiei sostengu ekonomikoa eta informazioa ematen saiatzen da, herritarrek beren eskubideak zeintzuk diren eta eskubide horiek gauzatzen jakin dezaten. Eta erabaki hartzea prozesu demokratikoa izatea; ez ditzatela erabakiak soilik Washingtonen, Jacksonen edota New Orleansen hartu, herritarren iritziak eta beharrak kontuan hartu gabe.
Oxfamek ohartarazi du halako beste urakan batekin milaka pertsona geratuko liratekeela beren herrietatik atera ezinik.
Bai, jende asko egoera txarrean bizi da, trailerretan-eta. Beste urakan bat baletor, okerrago litzatekeela eta halako tokiak birrinduko lituzkeela ohartarazi dugu, eta hainbat erakunderekin elkarlanean gabiltza, prebentzio eta informazio lanetan.
Ba al dago ekimenik, edota asmorik, FEMA eta AEBetako agintariak auzitegietara eramateko, hondamendiaren kudeaketa txarragatik?
Ez dut informazio handirik horren inguruan, baina gu hainbat tokitan esaten ari gara agintariek erantzukizun bat dutela eta justizia egin behar dela.
Arriskua al dago hondamendiaren urtemuga igarota herritarrak eta agintariak desplazatutakoen eta gainerako kaltetuen eguneroko egoera latzaz ahazteko eta hauen egoera okertzeko?
Bai, horrek kezkatzen gaitu. Urtemuga aukera bat da gai horietaz hitz egiteko eta jendearen arreta erakartzeko.
«Kaltetuenak diru sarrerarik gutxien dutenak dira; hondamendiaren ondorioz pobreagoak dira orain»
New Orleansen
arrazakeriaauzitan
Iaz arte hiriko gehienak beltzak ziren, eta orain are gehiago baztertzen dituztela salatu dute hainbat ahotsekj.m. sarasolaKatrina urakanak gehien astindutako hiria da New Orleans. Behiala esklaboen salerosketaren zentro garrantzitsua izandakoak beltza edo afroamerikarra zuen populazioaren gehiengoa iazko hondamendia gertatu arte. Gehiengo beltza eta alkate beltza izanagatik ere, ordea, beltzak ziren biztanlerik pobreenetako gehienak. Beltzak, hispanoak eta zuri pobreak, berriz, herritarrik baztertuenak. Orain ahots askok diote hondamendiaren ondorengo laguntza banaketan eta berreraikuntza planetan pobreak eta bereziki beltzak areago baztertzen ari direla.
«Arrazakeria oso gordina da hemen. Jendea haserre zegoen [Katrina-gatik] jendea hiltzen ari zelako, baina ez zen haserretu umeek [beltzek] ez zutelako hezkuntza duina, ez zeudelako etxebizitza duinak», salatu du Barbara Majorrek. Ray Nagin alkateak sortutako Bring New Orleans Back (Ekarri Bueltan New Orleans) batzordeko zuzendari izana da Major.
Tokiko nahiz Louisiana estatuko zenbait agintarik esan zuten ezingo zituztela New Orleanseko behereko eremu batzuk ekaitz eta urakanen aurrean babestu. Hortaz, hiriko auzo beltz asko berreraiki gabe uzteko asmoa zegoen. Piztutako eskandalua zela-eta berreraikuntza planak aldatu dituzte, baina pobreenek eta herritar beltz askok beren kabuz beren etxeak berreraikitzeko dirurik eta baliabiderik gabe segitzen dute. Tulane Unibertsitateko agintari Lance Hillen esanetan, berreraiketa planak hasi zirenean, alde eginiko oso beltz gutxi zeuden bueltan, eta ez zuten plan horietan parte hartzerik izan. «Susmo txarrekin hartu zituzten plan horiek».
New Orleanseko herritarren erdiak baino gehiagok AEBetako beste estatu batzuetan desplazatuta jarraitzen dute. Hala, behinola populazio beltzak bi heren osatzen bazituen, orain gehienbat zuria da hiria. «Beltzen alde egitea ospatu zuten batzuek», dio Loyola Unibertsitateko agintari Ted Quantek.