Nicola Sturgeon: «Egun onenak etortzeko daude oraindik Eskozian»

SNPko buru berriak Erresuma Batuko hauteskundeetan jarri du arreta: gehiengo osorik gabeko parlamentu batean, Eskoziako botoak giltza izan daitezke datorren udaberrian

Alex Salmond eta Nicola Sturgeon, SNPren asteburuko kongresuan. ROBERT PERRY / EFE.
Samara Velte.
2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Nahiago nuke gaur independentzia ospatzen ariko bagina. Sari hori irabazteko daukagu oraindik; baina, lagunok, jakin ezazue: irabaziko dugu. Eskozia herrialde independentea izango da». Hitz horiekin hasi du Nicola Sturgeonek bere lehen hitzaldia SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buru gisa. Alderdiko kideek asteburuko kongresuan aukeratu dute Alex Salmonden lekua betetzeko, eta, okerrik ezean, asteartean bozkatuko du Edinburgoko parlamentuak haren hautagaitza Eskoziako lehen ministro izateko.

Independentziari buruzko erreferendumean ezezkoa nagusi irten arren, alderdi independentista inoiz baino indartsuago dago. Bi hilabete eskasean 60.000 bazkide berri lortu ditu SNPk, eta irailean zeuzkanak halako lau ditu orain; Sturgeonen arabera, «adinez nagusi direnen artetik, 50etik bat». Kopurutan, Erresuma Batuko alderdietan hirugarrena da gaur egun, Alderdi Kontserbadorearen eta laboristen atzetik. «Erreferendumak biziberritu egin du Eskozia», azaldu du Sturgeonek: «Jendea politizatu du berriz, inplikatu eta iritzia ematera bultzatu du. Erabil dezagun berriz erreferendumak sortutako botere demokratiko hori. Eskoziarentzako egunik onenak heltzeko daude oraindik».

Lehenbiziko helburua datorren urteko udaberrian jarri duSNPko presidente berriak: Erresuma Batuko hauteskundeetan. «Liberal-demokratak eta UKIP [Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia] batuta baino kide gehiago ditugu. Hauteskundeotan, SNP ikusteko modukoa izango da, eta entzun egingo dute Eskoziaren ahotsa. Westminsterrek ez gaitu betiko egoerara itzularaziko». Eskoziar guztiei nazio gisa elkartzeko deia egin die Sturgeonek, baita erreferendumean ezetz bozkatu zutenei ere. «Gure botoen presioak behartu zituen Londresko alderdiak botere gehiago agintzera, eta, orain, gure presioak behartuko ditu emandako hitza betetzera».

Laboristengandik urruntzen

David Cameronen gobernuak erreferendumerako kanpainaren azken asteetan onartu zuen Eskoziako Parlamentuari eskumen gehiago eskaintzea, inkestak baiezkora gerturatzen hasi zirenean. Alderdi Laboristak ere jarrera hura babestu zuen, eta hainbat boto-emaile ezezkoaren aldera erakarri zituen, horrela erdibideko aukera bat bozkatzen ari zirelakoan. Orain, laboristak garesti ordaintzen ari dira egindakoa: Londresko gobernu kontserbadorearen aldamenean jarri ziren erreferendumean, eta hark ez du, oraingoz, emandako hitza bete. Bere garaian independentziaren aurka bozkatu zuten asko zapuztuta daude horregatik, eta inkestek inoizko emaitza txarrenak iragartzen dizkiote Eskoziako alderdi nagusi izandakoari.

«Alderdi Laborista indar aurrerakoia zen garai batean», esan du Sturgeonek: «Orain, aurrera egiteko oztopo bat baino ez da. Hauteskundeak heltzen direnean, esango digute beraiei botoa emateko, bestela tory-ak helduko direlako gobernura. Baina azkenengoetan ere Eskoziak laboristen alde egin zuen, eta hala ere,tory-ek gobernatu dute».

2015ean hainbat faktore berri hartu beharko dituzte kontuan. Nagusia, UKIPen eragina: alderdi xenofobo eta ingeles nazionalistak eragin nabarmena du jada Cameronen gobernuan, eta Europako Parlamenturako hauteskundeetako emaitza errepikatzen bada, ordezkaritza zabala lortuko du udaberrian. Nigel Farage alderdiko buruak gogor egingo dio gobernuari, besteak beste, Europako Batasunetik ateratzeko erreferendumera deitzeko.

Eskoziak 59 ordezkari ditu Erresuma Batuko Parlamentuan, eta, gaur egun, haietatik bakarra da Alderdi Kontserbadorekoa. Tradizioz laboristek lortu ohi dituzte gehienak, baina horrek ia ez du eragiten Westminsterko irudi orokorrean, ordezkari gehienak Ingalaterran aukeratzen dituztelako. «Ingalaterrako herritarrek maiatzean berriz tory-ak bozkatzen badituzte, ez du axolako guk zer aukeratzen dugun: gobernu tory-a izango dugu, edo, okerrago, kontserbadoreek eta UKIPek osatutako bat. Hori gertatzen bada, Eskoziak behar duen azkenengo gauza da diputatu laboristek ordezkatzea, erreferendumean tory-ak babestu zituzten horiexek». Ordea, Erresuma Batuan laboristek gobernua osatzen badute, hura baldintzatzeko gai izan daiteke SNP: «Gehiengo osorik gabeko parlamentu batean, Eskozia giltza izan liteke. Pentsa zer lor dezakegun Erresuma Batuko gobernu laborista batetik, gure botoen menpe balego. Benetako eskumenak eman beharko lizkiguke; gure haurrak pobretzen dituzten murrizketak planteatu beharko lituzke berriz; eta berriro pentsatu behar luke arma nuklear gehiago jarri nahi ote dituen Clydeko kostan». Ozen egin du promesa: SNPren Westminsterko ordezkariek «ez dituzte inoiz, sekula santan, tory-ak gobernura eramango».

Eskoziaren etorkizuna

Hiru egun barru Eskoziako lehen ministro kargua hartuko du Sturgeonek; lehenbiziko emakumea izango da postu horretan. «Badakit irla hauetan ez daukagula oso oroitzapen ona agintean egon zen azken emakumeaz», esan du, Margaret Thatcherri erreferentzia eginez, eta barrea eragin du publikoan: «Baina hark herrialdea banatu zuen, eta nik aurkakoa egingo dut». Gobernuburu gisa agenda soziala lehenetsiko duela agindu du, eta pobrezia murriztea «erronka pertsonala» izango dela beretzat: «Gure herritarretatik milioi bat —220.000 haur— pobrezian bizi dira. Munduko herrialde aberatsetan hamalaugarrenean, eskandalu handia da hori». Datozen bi asteotan argitaratuko du gobernu programa: «Nazio gisa lortuko dugun arrakasta ekonomiaren menpe dago. 2007tik bizi izan dudan eta erreferendumerako kanpainan ikusi dudan guztiarengatik, badakit gobernu on bat eta independentziarako urratsak elkarren eskutik doazela. 1,6 milioi pertsonak bozkatu zuten independentziaren alde; gure aurrekoek amestu zezaketena baino gehiago da. Hor daukagu abiapuntua, eta gailurra bistan dago. Erronka handia da, baina gure erabakia, indartsuagoa. Saria oparotasuna eta berdintasuna izango da. Saria independentzia izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.