Nigerian gutxienez 26 lagun hil dituzte tiroz, Mubi hiriko ikasle egoitza batean

Agintarien ustez, Boko Haram talde islamista edo ikasle taldeen borrokak egon daitezke erasoaren atzean

Arnaitz Lasarte.
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ikasleen egoitza baten aurka egindako eraso batean gutxienez 26 lagun hil dituzte Nigeriako ipar-ekialdeko Mubi hirian. Erasoa ez du inork hartu bere gain. Hilketen lekuko izan den irakasle batek azaldu duenez, uniformez jantzitako talde bat egoitzaren atarira sartu, eta ikasleak geletatik aterarazi zituen; guztiak lerro batean jarri, eta batzuei tiro egin zieten erasotzaileek. Lekuko horren arabera, hildakoen artean musulmanak zein kristauak daude, eta erasotzaileek ez zuten «irizpide argirik» erabili erabakitzeko zeini tiro egin eta zeini ez.

Yushua Shuaib Larrialdi Nazionalerako Agentziako bozeramailearen arabera, Nigeriako Polizia bi hipotesi nagusi ari da ikertzen. Batetik, azaldu du unibertsitateko bi talde politikoren arteko borrokaren ondorio izan daitekeela tiroketa, ikasleen hauteskundeak orain dela gutxiegin baitituzte unibertsitate horretan. Bestetik, esan du Boko Haram erakunde islamistaren eraso bat izan daitekeela. Talde horrek, normalean, politikarien eta polizien aurkako ekintzak egiten ditu, baina ikasleen aurkako zenbaitzuk ere egin izan ditu Mubi hiria dagoen Adamawa eskualdean. Inguru horretan, Nigeriako armadak Boko Haramen aurkako operazio bat egin berri du, gainera; bertan, talde islamistako ustezko buruzagi bat hil du, eta beste hainbat lagun atxilotu, Boko Harameko kide direlakoan.

Boko Haramen bideoa

Hain zuzen ere, sarekada horregatik, Boko Haramek bideo batean mehatxu egin die Nigeriako agintariei: «Boterean dagoen jendearentzako mezu bat da hau. Ez duzue atsedenik izango berriro. Zuek bakarrik sortu duzue zuen arazoa». AbubakharShekau buruzagiak adierazi du nahiz eta sarekadak egin taldea ez dutela ahuldu. Horrez gain, salatu du Nigeriako armadako soldaduek Boko Harameko kide diren zazpi emakume atxilotu eta torturatu egin dituztela.

Bideo berean jakinarazi dute neurriak hartuko dituztela argitaratu berri den Mahomari buruzko filmaren aurka: «Horrek guztiak ez du eraginik profetarengan, baina ikusiko duzue zuei zer ondorio utziko dizkizuen».

Erlijioen arteko borrokak

Boko Haramek hezkuntza ez-islamikoa bekatua da esan nahi du Nigeriako hausa hizkuntzan. Afrikako herrialderik jendetsuena da Nigeria, eta berrehundik gora etnia daude herrialdean. Ondorioz, politikaren, erlijioaren eta lurraldearen inguruko tentsio ugari izaten dituzte beren artean. Azken gatazka nagusia, ordea, erlijio banaketak eragin du. Hegoaldean, kristauak dira gehienak, eta iparraldean, musulmanak.

Bi komunitate horien arteko liskarrak handituz joan dira azken hilabeteetan.Human Rights Watch erakundearen arabera, 2009an taldeko buruzagi zen Mohammed Yusuf hil zutenetik, Boko Haramen erasoak ugaritu egin dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.