Nigerian petroliobide bat lehertu da eta 150 eta 200 pertsona artean hil dira, erreta Herritar andanak, erregaia lapurtzeko, hodia zulatu eta orduan izan da leherketa hegoaldeko oliobide batean

2006ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Lagos Nigeriako hiriburu ekonomikotik gertu izan zen leherketa. Petroliobide bat lehertu eta 150 eta 200 pertsona artean hil ziren atzo, agintariek emandako datuen arabera. Herritar andanak hodia zulatu zuen, gasolina lapurtzeko xedez eta orduan izan zen leherketa. Nigeria munduko petrolio ekoizle handienetako bat da -seigarrena zerrendan-, baina, hala ere, herritar gehienak pobrezian bizi dira. Petroliobideak zulatu ohi dituzte, horietatik hartutako ezantza merkatu beltzean saltzeko asmoarekin. Lan hori guztiz arriskutsu da eta, horren ondorioz, istripu larri ugari gertatu dira azken urteotan Nigerian.

Nigeriako National Petroleum Corporation (NNPC) konpainia estatalak kudeatzen duen petroliobidearen leherketa atzo goizean gertatu zen. Lagos hiriburu ekonomikotik zazpi kilometrora kokatua den herrixka batetik hurbil. Iladoko Ingabe hondartzean gertatu zen istripua. Atlas Cove portuko eraikuntza lanetara gasolina garraiatzen duen hodia izan zen zartarazi zena. Eztanda jazo zen unean, lagun andana erregaia lapurtzen ari zen, oliobidearen hogeita bost zentimetroko diametroa duen hodia zulatu eta gero.

LEHERKETAREN AZALPENIK EZ. Leherketa gertatu eta zenbait ordu gerora, erabat kiskalita zeuden gorpuak lerro-lerro ageri ziren hondartzan, ehun metroko luzera batean. Hoditik hurbilen zeuden gorpuak ia erraustuta zeuden. Hondartza ertzean, berriz, ontzi txiki bat ageri zen eta honetan zeuden lagunak ere erreta hil ziren.

Istripuaren gertaerak oraindik zehaztekoak direlarik, hipotesietako bat da, azkarrago ihes egiteko gisan piztuta utzitako ontziaren motoreak gasolinari su eman ziola. Izan ere, oliobidearen hodia zulatu eta gero, handik lapurtzen duten ezantza ontzira eramaten dute, bidoi batzuetan.

Abiodun Orebiyik Nigeriako Gurutze Gorriaren idazkari nagusiak istripuaren lekuan bertan bostehun bidoi aurkitu zituztela jakinarazi zuen: «Hauek, ziur aski, gasolina lapurtzeko baliatu zituzten». Sorospen erakundeko arduradunak erregaia lapurtzen duten herritarrei ohartarazi zien, horrelako lanak egitea oso arriskutsua dela.

Gurutze Gorriak ehun bat hildako izan zirela esan zuen hasiera batean. Emmanuel Adebayo polizia buruak, alta, gertakari larri horren ondorioak are larriagoak izan zirela jakinarazi zuen: «Hildakoak 150 eta 200 artean izan daitezke». Gorpuen egoera zein zen aintzat hartuta kopurua zehaztea ez zela erraza adierazi zuen: «Gorpu batzuk ia erraustuta daude eta zaila da zenbaketa egitea».

Petroliobideetako leherketak sarritan gertatzen dira Nigerian. Batetik, herritar batzuek hodiak zulatzen dituztela, ezantza lapurtu eta merkatu beltzean salduz dirua ateratzeko. Bestetik, petroliobideek etnia andanaren lurraldeak zeharkatzen dituzte eta multinazionalen jarrerak salatzeko gerrillari taldeek sabotajea ekintza ugari egiten dituzte. Erregaiak ustiatzen diharduten multinazionalen aurka oldartzen dira aspaldian, hain zuzen ere, petrolioak eragindako aberastasunetatik inongo etekinik ateratzen ez duten etnietako matxino taldeak.

PETROLIO EKOIZLE HANDIENETAKOA. >
Nigeria da munduko petrolio ekoizle handienetako bat. Petrolio gehien ekoizten duten herrialdeen arteanseigarrena da eta Afrikako lehena. Egunean 2,6 milioi upel ekoizten dira. Alabaina, 123 milioi bizilagun dituen herrialde honetako bizilagun gehienek ez dute ondasun natural horietatik etekinik ateratzen. <Herritarren %70 pobreak dira. Neurri handi batean petrolioaren aberastasunak berak eraman ditu nigeriarrak miseriara. Multinazionalek lurrak kendu dizkiete eta, hartara, landa eremurik gabe gelditu dira. Gabezia gorria pairatzen duten herritar horietatik askok petroliobideetako hodiak zulatzen dituzte, bertatik lapurtutako gasolina legez kanpo saltzeko gisan. Multinazionaletako langileak bahitzen dituzte gerrillariek maiz trukean dirua eskatuz. Nazioarteko langileak izaten dira gehienetan.

Nigeriako agintariek multinazionalen eroskeria onartu izan dute azken urteotan horiek petrolioa ustiatzearen truke. 1956. urtetik herrialdeak 300.000 milioi dolar baino gehiago jaso ditu multinazionaletatik, hauek dituzten mozkinak izugarriak badira ere. Sani Abacha diktadoreak 4.300 milioi dolar baino gehiago jaso zituen. Olusegun Obasanjo gaur egungo presidenteak, berriz, atzerrian kontu korronteak dituela jakinarazi dute hainbat iturrik.

1998. urtean izandako istripua da orain arte hildako gehien eragin dituena. Atiworo hirian petroliobide bat lehertu eta mila eta bostehun pertsona baino gehiago hil ziren. Petroliobideetako hodiak zulatzeak eragindako istripuez gain, beste hondamendirik ere pairatu du Nigeriak azken urteotan. Lagostik hurbil 2002. urtean gertatu zen leherketa batean, milatik gora lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.