Nigerren arabera, munduarentzat mehatxua dira Libiako kontrol gabeko armak

Muammar Gaddafi atzerriko potentzia baten eskariz hil zutela uste du Mahmud Jibril CNTko buru ohiak

Erredakzioa
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren erregimena erori ostean Libiatik kontrolik gabe ateratzen ari diren armak «mehatxu bat dira, bai eskualdearentzat, eta baita munduarentzat ere», Brigi Rafini Nigerko lehen ministroaren esanetan. «Egoerak oso baldintza konplexuak sortu ditu, eta Libiako armategiak arpilatu dituzte. Armen zirkulazioak bide ugari hartu ditu, baina denak Nigertik pasatzen dira».

Libiaren hego-mendebaldearekin muga egiten du Nigerrek, eta «armen zirkulazio guztiari» bidea eragozteko lanean ari direla iragarri du Rafinik Burkina Fasoko presidente Blaise Compaore presidentearekin egindako bileran. Joan den astean Nigerko armadak Libiatik zetozen hamabi kamioi gelditu zituen, denak armaz beteta. «Armak dituen jendeak inguratuta gaude, eta horrek arduratu egiten gaitu. Horregatik, eskualdean bakea lortzeko konponbide bila ari gara. Beharrezkoa delako. Guk badakigu zer den gatazka armatua jasatea», azaldu du Rafinik. Azaldu duenez, Gaddafiren armadakoak izandako ehunka soldadu tuaregek Libiatik ihes egin dute, eta Mali eta Nigerko desertura itzuli dira. Bi herrialdeetako agintariak beldur dira, 1990eko hamarkadan bezala, armak dituztela aprobetxatuz tuaregek bi estatuen kontrako borroka hasiko ote duten.

Jibrilen «bihozkada»

Bestetik, Mahmud Jibril CNT Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko lehen ministroak Gaddafiren hilketaren inguruan «bihozkada bat» duela aitortu du: «Uste dut atzerriko potentzia baten eskariz hil zutela Gaddafi, hura betiko isilik gera zedin. Tratu eta harreman ugari zituen munduko agintari askorekin, eta epaitu izan balute sekretu gehiegi geratuko ziren agerian».

Gaddafik bizirik ez egoteak eta Justiziaren aurrean ez erantzuteak penatu egiten duela azaldu du Jibrilek: «Bera zen herrialde osoko kutxa beltza». Iragan urriaren 20an hil zuten milizianoek Gaddafi, Surt hartu zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.