Tomislav Nikolic SRS SerbiakoAlderdi Erradikaleko hautagaia atera da garaile, inkesta guztiek iragarri zuten moduan, Serbiako Presidentetzarako hauteskundeen lehen txandan. Bigarren postuan geratu da, ordea, azken lau urteotan Serbiako presidente jardunean diharduena, Boris Tadic. Bi lehiakide nagusiak bat datoz Kosovoko independentzia arbuiatzeko garaian -are zuhurragoa da Nikolic-, baina EB Europako Batasunean kidetze prozesuari dagokionez, berriz, euren jarrerak aldentzen dira. Tadic bigarren txandan nagusituko dela iragarri zuten hasiera batean adituek -duela lau urteko bozetan horrela gertatu zen-. Otsailaren 3an egingo da bigarren itzulian, eta gauza bera gertatzea zalantzan jarri dute orain.
Hauteskunde Batzordeak atzo eguerdian plazaratutako behin betiko emaitzen arabera, Tomislav Nikolic SRS muturreko alderdi kontserbadoreko hautagaia irten da garaile bozen lehen txandan, botoen %39,96 lortuta. Boris Tadic2004. urtetik Serbiako presidentea dena gelditu da bigarren lekuan. DS Alderdi Demokrataren hautagaiak botoen %35,41 bereganatu ditu.
Bi lehiakide nagusi hauetatik nabarmen atzean geratu dira NS Serbia Berria alderdiko hautagai Velimir Ilic -botoen %7,6- eta Slobodan Milosevic Jugoslaviako presidente ohiak sortutako SPS Serbiako Alderdi Sozialistaren izenean lehiatzen zen Milotin Mrkonjic -bozen %6-. Guztira bederatzi hautagai lehiatzen ziren lehen txandan. Parte-hartzea, aldiz, aski handia izan da; Serbiako 6,7 milioi hautesleen artean, %60 joan dira botoa ematera.
OTSAILAREN 3-AN BIGARREN TXANDA.Nikolic eta Tadic bozen emaitzak hizpide izan zituzten atzo. Serbia Europako Batasuneko kide bilakatzearen prozesuaz ere mintzatu ziren, kanpainan zehar egin bezala, bi hautagaiak. Datorren otsailaren 3ko bigarren itzuliko bozen erronka nagusitzat jo zuten auzia. Tadicen ustez herritarrena izango da erabakia: «Serbiarrok, Europaren alde edo aurkako hautua egin beharko dugu; hirugarren bide baterako aukerarik ez da».
Nikolicek, berriz, jarrera malguagoa agertu du: «Serbiak, aldi berean, EBren eta Errusiaren alde bozkatu du. Gaur egun, Errusiaren alderako bidea irekiagoa da, baina EBn kidetzerako bidea ireki egingo dut». Kanpainan Errusiarekiko elkarlanari EBtik hurbiltzeari baino garrantzia nabarmen handiagoa eman zion Nikolicek.
Serbiako Presidentetzarako bi lehiakide nagusien adierazpen hauei oihartzun eginda, EBko diplomazia arduradun nagusi Javier Solanak azpimarratu du Bruselak espero duela Belgradekiko hurbilketa prozesuak aurrera jarraitzea: «Europako Batasunetik hurbiltzeari eutsiko dion herrialde bat bezala ikusten dugu Serbia eta uste dut ikuspegi horrekin bat datozela serbiar gehienak». EBko diplomazia arduradun nagusiaren hitz leun hauek agerian utzi zuten Bruselak nahiago lukeela Tadicek gailentzea datorren otsailaren 3ko bigarren itzulian, baina jarrera hau ezin duela argiki azaldu jarduneko presidenteari kalterik ez egiteko. Izan ere, serbiar askok ez dute begi onez ikusten EBko herrialde gehienek albaniar jatorrikoak nagusi diren Serbia hegoaldeko Kosovoren independentziarako bidea, gutxi edo aski, sustatu dezaten. Kosovoko agintari independentistek iragarri dute herrialdearen independentzia aldarrikatuko dutela Serbiako presidentetzarako hauteskundeak iragan eta berehala.
KOSTUNICAREN JARRERA, ERABAKIGARRI. Kosovoko auzia guztiz minberatsua izango da, dena den, otsailaren 3ko bozen bigarren itzulian. Tadicek zein Nikolicek ozen aldarrikatu dute Kosovoren independentzia erabat arbuiatzen dutela. Jarrera irmo honetan zein izango da sinesgarriena, horixe izan daiteke bi asteren buruko bozketaren giltzarria.
Vojislav Kostunica Serbiako jarduneko lehen ministroak tarte horretan hartuko duen jarrera ere erabakigarria izan daiteke bozetan. Ezen, igandeko lehen itzulian Velimir Ilic sostengatu zuen Slobodan Milosevic boteretik haizatuta izan ostean Serbiako presidente izandakoak. Kosovoko auziagatik, baita Serbiako gerra kriminalak nazioarteko epaitegiaren esku jartzearen kontuagatik ere, Kostunicaren jarrerak EBrekiko hurbilketa prozesutik gero eta aldenduagoak bilakatu dira azken urteotan.
Horiek horrela, datorren otsailaren 3ko hauteskundeetan ez dela orain dela lau urte gertatutakoa errepikatuko iritzi diote politikan adituek - Tadicek Nikolici aurrea hartu zion orduan bigarren itzulian-. Errusiako Duma Legebiltzarreko diputatu eta Serbiako Presidentetzarako bozen behatzaile taldeko Konstantin Zatulinek adierazi zuenez zalantzan da hasiera batean inkestek iragarritakoa:«Serbiako boz hauetanohiko gertakizuntzat eman zitekeena, hots, Nikolicek lehen txandan aurrea hartzea eta Tadicek bigarrenean gailentzea azkenean ez gauzatzea gerta daiteke». Nikolic Kosovoko auzian egungo presidentea baina jarrera irmoagoa izatea une honetan lagungarri izan dakioke, diputatuaren iritzian: «Kosovoko auzi guztiz minberak hautesle asko Nikolicen alde boto ematera bultzatu ditzake; gauzak horrela, lehia oso handia izan daiteke».
CESID Hauteskunde Askeen eta Demokraziaren Aldeko Zentroko arduradun Djordjie Vukovicek uste du, haatik, Serbiako herritarrek apustuaz ohartuta daudela: «Jendeak ondo daki hauteskunde hauek egundoko garrantzia daukatela, egingo duten hautuaren arabera Europako Batasunetik edo Errusiatik hurbiltzea izango baita ondorioa».
«Europaren aldeko edo aurkako hautua beharko dugu egin; hirugarren bide baterako aukerarik ez da»
boris tadic
serbiako ALDERDI DEMOKRATIKOKO HAUTAGAIa
«Serbiak, aldi berean, EBren eta Errusiaren alde bozkatudu; egun, Errusiarako bidea irekiagoa da, baina»
tomislav nikolic
sRS alderdi kontserbadoreko hautagaia
Nikolicek aurrea hartu dio Tadici Serbiako bozen lehen itzulian, inkestek iragarri bezala
Adituek zalantzan jarri dute Tadic presidenteak hautagai kontserbadoreari irabaztea bigarren itzulian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu