Nilo ibaia da Afrikako luzeena, 6.756 kilometrorekin. Afrikako ipar-ekialdean dago, eta bi ibaiadar ditu: Nilo Zuria eta Nilo Urdina. Lehena Ruandan jaiotzen da, eta handik, Aintzira Handiak zeharkatuz, iparraldera doa. Bigarrena, berriz, Tana lakuan sortzen da, Etiopian, 1.788 metroko altueran, eta 3.000 kilometro koadroko eremua du. Bi adarrek Sudanen bat egiten dute, eta Egiptorako bidetik jarraitu. Bietatik, ordea, azken horrek du emari handiagoa; hortik Etiopiaren asmoek Egiptoren haserrea eragin izana.
Badira bi urte Etiopiak iragarri zuenetik Grand Renaissance presa (Birsortze Handia) eraikitzeko lanak hasiko zituztela. Egiptok berehala erantzun zuen proiektua geldiarazteko eskatuz, eta hala egin ezean Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura joko zuela ohartarazi. Izan ere, Niloren dohain ere esaten dioten herrialdea beldur da ibaiaren gaineko eskumenak galduko dituela, eta harekin batera herrialdearen egonkortasuna, urik gabe gosea ziurra baita.
Egiptoko Gobernuak 1929an Erresuma Batuarekin hitzartutako banaketan oinarritzen da Kairo uren jabetza aldarrikatzeko. Garai hartan, Londresen kolonia ziren Burundi, Kenya, Tanzania, Ruanda eta Uganda, eta, beraz, ibaia haietako batzuen lurretatik igarotzen zen arren, ez zuten hitzik izan negoziazioetan. Akordioak uren %57ren jabetza bermatzen zion Kairori, eta beste edozein estatuk haren onespena behar zuen ibaiari eragiten zion edozein proiektu hasi aurretik. 1956an, Sudanek independentzia lortu zuen, eta, hiru urte geroago, akordio berri bat hitzartu zuen Kairorekin. Azken horren arabera, lehenak urtean 18.500 milioi metro kubo ur izango zituen, eta bigarrenak, 55.500. Alegia, bi herrialdeen artean banatu zuten Niloren emari osoa, Etiopiari negoziazioetan parte hartzea eskaini gabe, nahiz eta haren lurretan jaio ibaiaren adar nagusia.
Zibilizazioaren oinarri
Historian, Niloko urak oinarrizkoak izan dira eskualde osorako, haiei esker zuhaitzak landatu baitaitezke basamortutik gertu. Ibaia oinarrizko elementua izan zen Antzinako Egiptoren loraldirako, non nekazaritzan oinarritutako ekonomia bultzatu zen. Baina haren goraldiak aurreikusi ezinak uztak galtzea eragiten zuen, zela uholdeen ondorioz edo lehorteen eraginez. Hori dela eta eraiki zuen Egiptok lehen urtegia 1899 eta 1902 artean, geroztik behin baino gehiagotan handitu dutena. Gerora, 1959ko akordioez geroztik, beste hainbat eraiki dituzte, bai Egiptoko lurretan, bai Sudangoetan ere.
Bertako biztanleak ugaritu ahala, aurreko akordioetatik at geratutako sei herrialdeek —Burundi, Etiopia, Kenya, Ruanda, Tanzania eta Ugandak— Afrikar irtenbidea deituriko hitzarmena sinatu zuten, zeinak, Sudan eta Egiptoren arteko akordioari entzungor eginez, Nilori eragiten zioten proiektuak gainbegiratuko zituen batzorde bat osatzea proposatzen zuen. Dena den, egitasmoak ez du aurrera egiterik Nilo inguruko herrialde guztiek baiesten duten arte.
Bestetik, Hego Sudanen sorrerak ere mesede egin die Etiopiaren asmoei. Izan ere, independentzia lortu aurreko liskarretan, Addis Ababak sostengua eman zien hegoaldeko gerrillariei. Ondorioz, estatu sortu berriak ez dio inolako oztoporik ikusten Etiopiak Niloren adarretako batean urtegia eraikitzeari.
Bitartean, Egipto bakarrik geratzen ari da, eta ez du gatazka armatua baztertzen. Joan den urtarrilean, esaterako, orduan presidente zen Mohamed Morsiren adierazpen batzuk zabaldu ziren Egiptoko telebista publikoan. Haietan, estatuburuak ez zuen baztertu Etiopiako oposizioari armak emateko aukera. Dena den, adituek nabarmendu dute negoziazio gehienen aurretik egon ohi diren tentsioak direla mehatxuok. Izan ere, Egiptok 1876an eraso zion azkenengoz Etiopiari, Nilo eta Itsaso Gorriaren gaineko kontrola bereganatzeko asmoz. Gura eskualdean (Eritrea) talka egin zuten bi armadek, eta etiopiarrek erraz garaitu zituzten egiptoarrak.
Etiopiak behin baino gehiagotan nabarmendu du presak ez duela eraginik izango ibaiaren ur emarian, baina haren hitzek sinesgarritasun eskasa dute egiptoarrentzat. Herrialdeak krisi larriak izan ditu azken hilabeteetan, batzuek demokraziaren frogatzat jo zuten 2011ko Udaberri Arabiarretik hasi eta zenbaitek kolpe militartzat duten eta Mohamed Morsi agintetik kentzeko balio izan duten protestetaraino. Horri guztiari ur murrizketak gehitzen badizkiogu, gatazka leher daiteke. Izan ere, duela gutxi, populazioaren gorakada argudiatuz, Kairok ibaiko uren %95 baliatzeko proposamena aurkeztu du.
Burujabetza ekonomikoa
Addis Ababak, biztanleriaren gorakadari ez ezik, natur baliabiderik ezari ere aurre egin behar dio. Hortik presaren proiektua. Izan ere, bukatzen dutenean —ez dago argi datorren urterako edo 2017rako bukatuko duten—, Afrikako zentral hidroelektriko handiena izango da Grand Renaissance, eta baita herrialdeko aintzira artifizialik handiena ere, 63 milioi metro kubo gordetzeko tokiarekin —Nilo Urdinaren urteko emaria adina—.
Etiopiako Gobernuak dagoeneko 4.200 milioi dolar eman dizkio proiektuari, herrialdearen burujabetza ekonomikoa bermatzeko asmoz. Izan ere, etorkizunean zentralak sortuko duen argindarra inguruko estatuei saltzea litzateke asmoa. "Nilo ibaia gure herrian sortzen da, eta joan egiten da guri inolako irabazirik utzi gabe, baina, hemendik aurrera, hango ura baliatu ahalko dugu. Dugun autonomiaren seinale bat da; menpekotasunak amaitu eta askatasunera doan Etiopia baten seinale. Gobernua bonuak jaulkitzen ari da, eta gu guztiok horiek erosten proiektuari laguntzeko", azaldu du Semegnew Bekelek, urtegiko lanak gainbegiratzen ari den ingeniari etiopiarrak.
Italiako Salini enpresak bere gain hartu ditu eraikuntza lanak. "Ez da oso erraza neurri honetako proiektu bat eraikitzea horren urrun dagoen eremu batean. Hau munduko presarik handienetako bat izango da, eta herrialdea egiten ari den ahalegina ere izugarria da. Energia garbia ekoitziko dute, natur baliabideak erabiliz", azaldu du Francesco Verdik, Saliniko ordezkariak.
Afrikako argindar ekoizle nagusi bilakatu nahi du Etiopiak, Nilo Urdineko urak baliatuz. Baina, bide batez, baita lehorte eta goseteek gogor jotako 94 milioi biztanleak elikatu ere. Bestetik, zenbait iturriren arabera, Addis Ababak ez du baztertu ibaiaren gaineko hainbat eskumen beste herrialde batzuei saltzeko aukera. Horrek, noski, Egiptoren ezinikusia areagotuko luke.
Azken urteetan, lurrak, petrolioa eta bestelako natur baliabideak gatazka iturri bilakatu dira Afrikan, eta zerrendako hurrengoa bilaka daiteke ura. Izan ere, eta Etiopiak hitzeman arren soilik argindarra sortzeko erabiliko duela, inork ez du baztertzen uraren zati bat bere uztak ureztatzeko erabiltzea eta, ondorioz, Nilo ibaiaren emaria gutxitzea eta beste herrialdeetan arazoak eragitea.
Gaur egun, Etiopia da petroliorik gabeko herrialdeetatik hazkunde azkarrena duena. Afrikako Garapen Bankuaren arabera, 2012an %7,5 hazi zen hango ekonomia. Aurreko hamarralditik hona, %50 egin dute gora haren irabaziek. Goraldi horri bultzada handia emango lioke urtegia eraikitzeak, nahiz eta Munduko Bankuak ohartarazi soilik diru publikoa erabiliz murriztu egingo direla enpresa pribatuek estatuan egiten dituzten inbertsioak —gutxitze horretan zerikusia dute Egiptoren presioek ere—. Horiek hala, Afrikako potentzia ekonomiko bilakatzeko bidean da Addis Ababa, betiere Kairok trabak jartzeari uzten badio.