Duela hamarkada bat, ur eskasiari aurre egiteko irtenbide bat topatu zuen Etiopiak: urtegi bat Nilo Urdinaren adarrean, herrialdearen iparraldean. Baliabideak lortu, presa eraiki, eta oztopoei aurre egin ondotik, 2021ean, urtegia betetzeari ekin zioten. Horrela, agintariek argudiatu dutenez, aurrerantzean ur nahikoa izanen dute bai edateko, baita nekazaritza lanetarako ere; horretan aritzen dira hango biztanle gehienak. Gainera, presak energetikoki ere lagunduko du herrialdea. Etiopiako Gobernuak martxoan iragarri zuen presa sei hilabeteren buruan hasiko zela osoki lanean.
Presak erabat funtziona dezan lortzea, baina, nahikoa malkartsua izaten ari da, Egipto hasiera-hasieratik saiatu baita azpiegitura horren —eta herrialdearen— kontra egiten. Gutxiago bada ere, Sudani ere eragiten dio Etiopiaren erabakiak, eta Egiptorekin batu da haren aurka egiteko. Bi herrialde horien argudioa zera da: urtegia betetzeak ur falta handia eraginen duela beren lurretan; edo, kontrara, uholdeak.
Dena dela, Josep Maria Royo (Tortosa, Herrialde Katalanak, 1977) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bakearen Kulturaren Eskolako ikerlariak BERRIAri kontatu dionez, aspaldi hasi zen Egiptoren eta Etiopiaren arteko gatazka hori, eta Egiptok, urtegiari baino gehiago, boterea galtzeari dio beldurra. Royok 20 urte daramatza Afrikako herrialdeei buruzko lanak egiten; gatazkak eta harremanak aztertzen, batik bat.
«Egiptok indarra zeukan Etiopiarengan eragiteko, baina orain kolokan dago haren boterea. Lehendik ere bazituzten ika-mikak, baina 2011n, urtegia sortzen hasi zirenean, lehertu egin zen gatazka»
JOSEP MARIA ROYOBakearen Kulturaren Eskolako ikerlaria
11 herrialdek osatzen dute Niloren arroa, eta 1999. urtean Niloren Arroaren Aldeko Taldea sortu zuten horko kideek. Helburu argia zuten: hitzarmen multilateral bat sinatzea. «Hain zuzen ere, horixe da Etiopiak defendatzen eta eskatzen duena, ikuspegi multilaterala garatzea», azaldu du Royok. «Egipto eta Sudan itun prozesu horren parte ziren hasieran, baina, Niloren uren afera zegoenez tartean, uko egin zioten sartzeari».
Historikoki, hainbat hitzarmen egin dituzte Egiptok, Etiopiak eta Sudanek; batik bat, Niloko urak banatzeko. «Adostasun horiek, oro har, Egiptoren eta Sudanen alde egiten zuten; beti Etiopia ateratzen zen galtzaile». Horregatik azpimarratzen du Etiopiak hitzarmen multilateralaren beharra. Niloko uren «bidezko banaketa» bat egiteko eskatzen du, baina ez diote halakorik onartzen, eta, orduan, kanpoan bilatzen du laguntza.
Etiopian dago urtegia, Sudanekin mugan, eta han batzen zaio Etiopiatik datorren Nilo Urdina Egiptorantz doan Nilo Zuriari. «Ibaiadar bat da, Nilo Zuriko uren %85 inguru ematen duena. Etiopiako biztanleriaren %40 bizi da lur horietan», azaldu du Royok. «Egiptok indarra zeukan Etiopiarengan eragiteko, baina orain kolokan dago haren boterea. Lehendik ere bazituzten ika-mikak, baina 2011n, urtegia sortzen hasi zirenean, lehertu egin zen gatazka». Handik lau urtera, 2015ean, printzipioen itun bat sinatu zuten hiru herrialdeek, eta Niloren urak nola banatu zehaztu zuten: zer muga fisiko dituen eta herrialde bakoitzak zer-nola erabil dezakeen dagokion ibai zatia. «Inork ez du zalantzarik eginen noren mesederako zen hitzarmena, ezta?».
2021ean jarri zuten martxan urtegia, eta, betetzen hastearekin batera hasi zen urtegia bere lana egiten. Kanpoko laguntzari esker lortu zuen Etiopiak presa lanean hastea; Munduko Bankuak eta Afrikako Batasunak esku hartu zutelako, bertzeak bertze. «Energia sortzen ari da dagoeneko, baina oraindik azpiegitura lan batzuk falta ditu, eta horiek bukatzean eginen du osoki lan», kontatu du Royok. Lanak uztail inguruan bukatuko dituztela aurreikusten dute.
Turkia, Somalia eta AEB
Auzia, beraz, ez da soilik Etiopiaren eta Egiptoren arteko gatazka; bertze herrialde anitzek egiten dute bataren alde eta bertzearen kontra, Royok azaldu duenez. «Joan den urtean Turkiak akordio bat bideratu zuen Etiopiaren eta Somaliaren artean, eta, horrek zuzenean eragiten du Niloko aferan, Somaliak zeinen alde eginen duen erabakiko duelako».
Iragan irailean, bosgarren aldiz hasi ziren urtegia betetzen, eta, urtebeteko barealdiaren ondoren, ekaitza iritsi zen Egiptotik. «Lau urteotan Egiptok ez du kalterik jasan, ez du aurreikusitako ondorio txarrik pairatu», argitu du Royok. Horiek horrela, Etiopia etengabe ari da Egiptori egoera ikusarazten, eta erakusten aurrerantzean ere ez duela kalterik jasanen. «Egiptok, noski, ez du hori ikusi nahi». Ikerlariak jakinarazi duenez, Egipton ez da aldatu ziklo meteorologikoa, lehengo «berdin-berdina» da, eta ez da ez lehorterik ezta uholderik ere sortu.
2024an ia ez zen hiru herrialdeen arteko liskarrik izan, baina hobera ere ez zuen egin egoerak, Royok hausnartu duenez. «Lehengo urtean akordio bat sinatu zuten Etiopiak eta Somalilandiak [Somaliaren ipar-mendebaldea], eta, Egiptok, haien kontra egiteko, akordio militarrak ezarri zituen Eritrearekin eta Somaliarekin. Horretan ari dira etengabe, aliatuak bilatzen elkarren kontra egiteko». Oraingoz ez da gatazka armaturik izan bi herrialde nagusien artean, baina ikerlariak uste du ez litzatekeela hain arraroa izanen Egiptok gatazka bat abiatzea Etiopiaren aurka.
«Etiopiako eskasia faktore askok eragiten dute, ez bakarrik ur faltak. Baina egia da hein batean presak sekulako mesedea eginen diola herrialdeari»
JOSEP MARIA ROYO Bakearen Kulturaren Eskolako ikerlaria
Pobreziaren bertze faktore eragile bat borrokak eta gatazkak dira, «etengabe» ari baitira bizilagunekin borrokan; «gerran daude ia». Turkiak harreman ona du bai Egiptorekin, baita Etiopiarekin ere; Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, berriz, Egiptoren alde egin du hasieratik. «Bere segurtasunaren alde borrokatzeko eskubide osoa duela defendatzen du Trumpek». Etiopiak, erraterako, akordio bat sinatu zuen Britainia Handiarekin.
Pobreziak hala behartuta hartu zuen Etiopiak urtegia sortzeko erabakia, hori argudiatu zuen, baina Royok argi du presa hori ez dela aski izanen herrialdeak txirotasunari aurre egiteko. «Etiopiako eskasia faktore askok eragiten dute, ez bakarrik ur faltak. Baina egia da hein batean presak sekulako mesedea eginen diola herrialdeari». Etiopian jende anitzek egiten du nekazaritzan lan, baina geroz eta txikiagoa da sektorea. Urtez urte, industriagintza da gehien garatzen ari den sektorea, eta Europako zein Txinako hainbat lekutarako ekoizten dute, batik bat. «Hor ere eraginen du urtegiak; onerako».
Ikerlariak ez dauka dudarik irtenbidearen inguruan, eta Egiptok hitzarmen multilaterala onartu behar lukeela uste du; «behingoz bake itun bat sinatzeko». Baina ez du ematen Egiptok halakorik onartuko duenik, «badaki eta kanpo eragilerik gabe ezinezkoa dela Etiopiak irabaztea».