Nuklearren gerra piztu da

Milaka lagun bildu dira Alemanian 123 tona hondakin nuklear daramatzan trena gelditzeko asmoz

Erredakzioa
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Duela bederatzi urte gobernuan zeuden zentro-ezkerrak eta berdeek iragarri zuten amaitua zela energia nuklearraren garaia eta berriztagarriak indartzeko unea heldu zela. Orduan garaipena eurena zela uste izan zuten ekologistek. Baina garaiak aldatu egiten dira, eta udazken hasieran Angela Merkel kantzilerrak oker zeudela erakutsi zien berdeei, iragarri zuenean hamabi urtez luzatuko zuela zentral nuklearren bizia. Erabakiak bitan banatu zuen Alemaniako gizartea, eta protestak piztu zituen berdeen artean. Asteburu honetan manifestazio eta protesta ekintzak, baina, gogortu egin dira, Frantziatik Alemaniako Gorlebengo biltegira 123 tona hondakin nuklear daramatzan trena dela eta.

Trena herenegun irten zen Frantziako La Hague zentraletik, eta atzo, Estrasburgon geldialdi bat egin ostean, eguerdian heldu zen Alemaniara, baina ez esperotako bidetik, hego-ekialdeko Kehl zubitik baizik. Bitartean, mila manifestari inguru zeuden Berg hiriaren kanpoaldean, trena noiz helduko zain. Hura, ordea, 60 kilometro hegoaldeagotik igaro zen, azkenean. Hala ere, beste 50.000 pertsona inguru bildu ziren Dannenberg hirian -hori da biltegitik gertuen dagoen hiria-, eta bertan protesta baketsu bat egin zuten nuklearren aurka. Haiekin batera ikus zitezkeen oposizioko hainbat buruzagi ere.

Protestak eta hondakinen bidea oztopatzeko ekintzak aurreikusita, Alemaniako Poliziak 16.500 polizia mugiarazi ditu treneko segurtasun berma dezaten. Horretaz gain, ibilgailuaren bidea ezkutuan eduki dute istiluak saihesteko asmoz. Jakinarazi duten bakarra da behin Dannenbergera iritsita handik biltegirainoko bidea kamioietan egingo dutela hondakinek eta Gorlebenera bihar direla iristekoak.

«Behin-behineko» biltegia

Gorlebengo biltegia inauguratu zutenean, duela hogei urte inguru, haren helburua urte gutxian desagertzea zela nabarmendu zuten agintariek. Geroztik, baina, biltegia behin betiko bilakatzearen inguruko zurrumurruak zabalduz joan dira, batez ere Merkelek zentral nuklearren bizia luzatzeko asmoa iragarri zuenetik.

Zabalduta egin dituen hogei urteotan hondakinez beteriko 86 edukiontzi egon dira bertan; bihar, berriz, beste 11 helduko dira. Horrek guztiak eta biltegiaren bizia mugagabe egitearen eztabaidak polemika eragin du herrian bertan ere.

Biltegitik oso gertu dago Gartow herria, eta bertako alkatea harro dago 1979an hartutako erabakiaz. «Errazagoa izango zen ukatu izan bagina, baina ekonomikoki laguntza handia izan zen biltegia zabaltzea», dio Friedrich Wilhelm Schroeder alkateak. Asko dira hark bezala uste dutenak. Hainbat nekazarik diru asko irabazi zuten euren lurrak Gobernuari salduz, bertan biltegia eraiki zezan. Baina denak ez dira iritzi berekoak.

Hans Werner Zachow nekazaria da, baita Larrialdirako Elkartearen sortzailea ere. Biltegiaren proiektua aurkeztu zuten une beretik agertu zen haren aurka, eta uste berekoa izaten jarraitzen du gaur egun ere. «Zerbait gertatzen bada, inork ez ditu gure produktuak gehiago erosiko. Ez da segurua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.