Nuklearretan nuklearrena

Herrialde guztien artean, Frantziak du energia nuklearrarekiko dependentzia handiena. Energia inportazioen beharra jaisteko, 1974an abiarazi zuten erreaktore nuklearren garapenerako programa.

mikel rodriguez
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Mundu osoan 443 erreaktore nuklear daude IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera. AEBetan daude gehienak, 104, eta sailkapenean hurrengoa Frantzia da, dezente gutxiagorekin: 58. Japonia da hirugarrena, 54rekin, eta hortik aitzinera sailkapeneko gainerako herrialdeen kopuruak nabarmen egiten du beheiti: Errusiak 32, Hego Koreak 21, Indiak 20, Erresuma Batuak 19... Proportzioan, baina, Frantzia da herrialde nuklearretan nuklearrena, argindarra lortzeko energia iturri horrengan duen dependentzia gainerakoena baino nabarmen handiagoa baita (%75 inguru). Soilik Lituania zegoen maila bertsuan, baina 2009an herrialdeko zentral bakarra itxi zuten.

Frantziak 1950ko hamarkadan eraiki zituen lehen zentral nuklearrak, baina agintariek 1974an egin zuten energia mota horren aldeko apustu argia. Petrolioaren krisiaren aroa zen, eta energiaren arloan atzerriarekiko dependentziarik ez izatea zuen helburu erabaki horrek. Ordutik agintean izan diren gobernu guztiek apustu hori berretsi dute, eta azken 37 urte hauetan energia nuklearraren aldekoen eredu bihurtu da Frantzia. World Nuclear Association elkarteak nabarmendu ditu haren «energia independentziaren maila altua», Europako argindar kosturik «txikienetakoa» duela, eta argindarra sortzetik isuritako CO2 kopuruaren per capita maila «hagitz baxua» dela. Energia nuklearraren kontrakoentzat, ordea, argindarra sortzeko atzerriarekiko dependentzia gutxitu da, energia baliabide hagitz arriskutsu batekin ordezkatzearen truke.

Izan ere, Txernobylgo eta Fukushimako istripuek erakutsi dute ezbehar bat nahikoa dela hondamendia sortzeko. Frantziak segurtasun arloan hartutako neurriak goraipatu ditu World Nuclear Associationek, baina iragan ekainean Frantziako Nuklearren Behatokiak zalantzan paratu zuen zentralen segurtasun maila. Adibidez, ibai bazterreko erreaktoreetan, ur emaria erreaktorearen gutxieneko hoztea bermatzeko gai ez bada, nukleoaren fusioa gerta daitekeela ohartarazi zuen. Frantziako 58 erreaktoreetatik 44 daude ibai ertzetan.

Istripu arrisku larria 1999an

Iraganean, arazo larriei ere aurre egin behar izan diete Frantziako zentralek. 1999ko abenduaren 27an gertatutakoa, kasurako, Blayaisen, Atlantikoko kostan. Ekaitz bortitz batek eragindako olatuek uholdea sortu zuten zentralean, eta 1 eta 2 erreaktoreak geratu behar izan zituzten. Urak, ordea, larrialdietarako babes tresneria erabileratik kanpo utzi zuen; bertzeak bertze, zentralaren hozte sistema bermatzen duen ihinztatze gailua. Ordu batzuk geroago lehen erreaktoreko hozte sistemaren ponpagailuen erdiak hondatu egin ziren. Sistema horrek huts egitearen ondorioz gertatu ohi da nukleoaren urtzea; alegia, hondamendi nuklear handienak eragin ohi dituen istripua. Egoera larri horretan, alerta plana martxan jarri zuen zentralak, eta ongi funtzionatu zuen.

Frantziak argindarraren arloan lortutako burujabetasuna mitifikatuegia dagoela ere sostengatu dute hainbat erakundek. Nuklearren Behatokiak, esportazioen eta inportazioen balantza aldekoa dela onartu arren, nabarmendu du Frantziak Alemaniatik, Espainiatik eta Belgikatik argindarra inportatu egiten duela. Hortaz, Alemaniak zentral nuklearrak ixteko hartutako erabakiaren kaltetu handiena Frantzia dela dio Behatokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.