OBAMA EKIALDE HURBILEAN. Obamak «aurreiritzirik gabeko harremana» eskaini die musulmanei

Palestinarren eta Israelen arteko gatazkaren irtenbide bakarra bi estatu sortzea dela gogorarazi du AEBetako presidenteak

2009ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
George Bushek egindakoa desmuntatzen hasia da Barack Obama. Eta, orain artean jasotako erantzunak ikusita, ongi ari dela dirudi, musulmanek harrera ona egin baitiete, oro har, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Egipton atzo esandakoei. «Inoiz ez gara egon islamarekin gerran», ziurtatu zuen, aurreko gobernuburuaren politikek erakutsitakoari kontra eginez. Hori hala, harreman berri bati ekitea eskaini die herrialde arabiarretako agintariei; aurreiritzietatik libre den hartu-emanari. «Nire lana izango da islamaren kontra AEBetan sortzen den edozein aurreiritzi deuseztatzea, baina kontrakoa ere eskatzen dut. Gu ez gara inperio berekoi eta suntsitzailea». Oraingoz, «hasiera ontzat» jo dute Liga Arabiarrak, PAN Palestinako Aginte Nazionalak eta Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak.

Kairo hiriburuko Al Azhar Unibertsitatean egin zuen hitzaldia. Han ikasi dute idazle eta politikari sunita nabarmenenek; tartean, Aiman al Zauahirik, Al Kaedako bigarrenak. Unibertsitateko areto nagusian bildutakoei baino askoz jende gehiagori zuzendu zitzaion Obama, ordea. Hainbat herrialdetako mila milioi musulman inguruk entzun zituzten haren asmo onak, telebista bidez. «Elkarrekiko errespetua jorratu behar dugu. Ez ditugu gure arteko aldeak gatazka bilakatu behar, horiek baitira izaera ematen digutenak. Gizakiak garen heinean partekatzen ditugun interesak dira garrantzitsuenak».

Ekialde Hurbilean, bakea

Egiptora heldu aurretik, Saudi Arabiara eraman zuen Obamak adiskidetasunerako mezua. Bi orduz aritu zen Abdula erregearekin aurrez aurre berriketan, herenegun. Haren «jakituria eta adeitasuna» goraipatu ondoren, elkarlanerako gonbita egin zion: «Konfiantza osoa dauka elkarrekin lan eginez gero aurrerapauso handiak egingo ditugula interes komuneko kontuetan». Ekialde Hurbileko gatazkari egin zion erreferentzia argia. Saudi Arabiak herrialde arabiarretan duen eragina baliatu nahi du Obamak,palestinarren eta israeldarren arteko bake prozesua sustatzeko. Hori da AEBen interes nagusietako bat, atzerri politikari dagokionez.

Hori hala, atzoko hitzaldian ere tarte berezia egin zion gai horri, Mendebaldea eta mundu arabiarra aldentzen dituzten kontuak zerrendatzean. Eta azken boladan defendatu duena adierazi zuen beste behin: «Bi estatuena da irtenbide bakarra». AEBak eta Israel lotzen dituzten interesak badauden arren palestinarren estatu sortzearen alde dagoela gogorarazi zuen. Txaloak amaitu bezain laster,alde guztien betebeharrak zerrendatu zituen Obamak.Herri palestinarraren beharrei erantzun ahal izateko moduko gobernua eskatu zion PAN Palestinako Aginte Nazionalari -Zisjordaniako Gobernua dago haren esku-; Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduari, berriz -Gazan agintzen du-, indarkeria bertan behera uztea eta Israelen existitzeko eskubidea aitortzea galdegin zion. «Israelek existitzeko eskubidea badu, halaxe dute palestinarrek ere». Horixe eskatu zion Israelgo Gobernuari, joan den astean Benjamin Netanyahu lehen ministroari aurreratu zion moduan.

Adierazpen labur bat bidali zuen hedabideetara Israelek. «Hain mezu garrantzitsua» baketzearen arorako bidea izango dela espero du. Baina pentsatzekoa da Netanyahuk Obamari erantzundakoari eutsiko diola oraindik: «Kokaguneen hedapen naturala saihestezina da». Bi estatuen irtenbidea ez dago, beraz, bere planen artean. Liga Arabiarrak, baina, denborarik galdu gabe eman die oniritzia estatubatuarraren hitzei. Amro Musa presidenteak «orekatu eta baikortzat» jo du haren hitzaldia. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak kulturen arteko zatiketa gainditzen lagunduko duela esan du. PANeko buru Mahmud Abbasek, berriz, hasiera ona dela aitortu du. Baita Hamasek ere, baina AEBak «kontraesanez josia» daudela gogorarazi du. Hezbola izan da sinesgogorrena: «Ez dugu sermoirik behar. Ekintzak behar ditugu, eta orain artean ez dugu palestinarrei dagokienean aldaketarik ikusi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.