Nazio Batuen Erakundea. 68. Batzar Orokorra

Obama: «Ekintza militar batek ez du bake egonkorra eramanen Siriara»

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren arabera, «garaipen militar bat lortzea ameskeria bat da»

mikel rodriguez
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Siriak lehenbiziko hitzaldietatik hartu du protagonismoa NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean. Ban Ki-moon idazkari nagusiak harekin hasi du sarrerako hitzaldia, eta Barack Obamaren mintzagai nagusietako bat izan da, espero bezala. «Ekintza militar batek ez du bake egonkorra eramango Siriara», adierazi du AEBetako presidenteak.Joan den abuztuan Siriaren aurka «eraso mugatu bat» egiteko asmoa agertu zuen Obamak, gobernuak armak kimikoak erabili zituela argudiatuta. Batzar Orokorrean Damaskoren aurkako akusazioa berretsi du, baina bide diplomatikoak hobestearen alde agertu da.

Hala ere, Obamak erran du NBEren Segurtasun Kontseiluak «ebazpen zorrotz bat» onartu beharko lukeela. AEBek eta Errusiak duten eztabaida handienetako bat da hori, Washingtonek NBEren Gutuneko 7. Atalan oinarritu nahi baitu ebazpena —zigorrak eta erasoak baimentzeko erabiltzen den atala da—, baina Errusia ez dago ados. Obamaren arabera, Sirian arma kimikoak debekatzea «abiapuntua» izanen da, eta «gerra zibilari irtenbide baketsu bat bilatzeko nazio guztien eragina» eskertu du. Hedabide gehienek hori Errusiari buruz erran duela interpretatu dute, baina erreferentzia ausartago bat ikusi duenik ere egon da, AEBetako presidenteak Irani keinu bat egin diolakoan. John KerryAEBetako Estatu idazkaria eta Muhammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroa bihar dira elkartzekoak; nahiz eta gai nagusia Iranen programa nuklearra izanen duten, litekeena da Siriako egoeraz ere mintzatzea.

Batzarretik kanpo Siriari buruz eginen den bilera nagusia, baina, biharkoa izanen da. Ban, Kerry eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa elkartuko dira. Gatazkaren irtenbidea lortzeko bertze konferentzia bat antolatzeari buruz eztabaidatuko dute. AEBek eta Errusiak Siriako arma kimikoak suntsitzeko akordioa egin zutenean, konpromisoetako bat izan zen Genevan (Suitza) bertze konferentzia bat antolatzen saiatzea. «Sirian garaipen militar bat lortzea ameskeria bat da. Erantzun bakarra akordio politiko bat da», adierazi du Banek Batzar Orokorraren sarrerako hitzaldian.

FSA, «aireko erasoak» eske

Oposizioko FSA Siriako Armada Askea talde armatuak, baina, konferentzia politiko batean parte hartzeko berriz ere baldintzatzat paratu du Baxar al-Assad Siriako presidentea auzitegi batera eramatea. Gainera, atzerriko esku hartze bat eskatu du Salim idriss buruzagiak. «Ez ditugu soldaduak behar, aireko erasoak baizik. Edo behintzat, airekoen aurkako misilak», adierazi dio Alemaniako Der Spiegel astekariari. FSAri lotutako NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalak Batzar Orokorrera «maila altuko» ordezkaritza bat bidaliko duela jakinarazi du. Mendebaldeak, Persiako golkoko monarkiek eta Turkiak babestutako erakunde horrek ez du argitu konferentzia politiko bat babesteko prest dagoen, baina FSAren antzeko baldintzak paratu ditu orain arte.

Bi talde horiek ere ezkor erantzun zioten AEBek eta Errusiak arma kimikoen inguruan egindako akordioari. Idriss FSAko buruak orduan errandakoa berretsi du. «Armen suntsiketa ez da ongi aterako. Erregimena arma kimikoak gordetzen ari da». Sirian salatutako eraso kimikoak ikertzen dituen NBEko taldea, baina, gaur bertan itzuliko da herrialdera. Martin Nesirky NBEko bozeramailearen bulegoak ohar batean jakinarazi duenez, ikertuko dituzten salaketen artean dago Khan al-Asaleko erasoarena. Iragan martxoaren 19an gertatu zen, Alepotik hurbil. Gobernuak matxinoei egotzi zien, baina gero matxinoek gobernuari leporatu zioten. 25 lagun hil ziren. Nesirkyk jakinarazi du, baita ere, Golango gainen inguruan matxino talde batek NBEren misioari ebatsitako kasko urdinak erabili dituela hainbat erasotan.

Gobernuaz gain, kurduen YPG Herriaren Defentsarako Unitateak ere matxinoen aurka borrokan ari dira. Alepo hirian badira hiru aste FSArekin borrokan ari direla kurduak bizi diren auzoak babesteko. YPGren arabera, FSAko 90 kide hil dira borroketan, eta hamalau zibil kurdu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.