Obama: «Segurtasun nuklearraren mesedetan mugarri da hitzarmena»

Armagabetze nuklearrerako START Berria sinatu dute Obamak eta Medvedevek, eta hitzarmena historikotzat jo dute

2010eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Barack Obama AEBetako presidenteak eta Dmitri Medvedev Errusiakoak armagabetze nuklearrerako hitzarmena sinatu zuten atzo, Pragan. Indarrean sartu aurretik, bi herrialdeetako ganberen esku dago hura berrestea; hala ere, nuklearren aurkako konpromisoa berritu izana historikotzat jo dute sinatzaileek. «Segurtasun nuklearraren mesedetan mugarri da hitzarmena», adierazi zuen Obamak atzo, START Berria izenez ezaguna egin den ituna sinatu berria zuela. Presidente estatubatuarraren ustez, arma nuklearrak ez ugaltzeko konpromisoari eta Errusiaren eta AEBen arteko harremanari ere on egiten dio akordioak. Eta uste bereko agertu zen Medvedev ere, itunari esker bi herrialdeen arteko lankidetzari bultzada eman diotela azalduz.

Zazpi urteren buruan armategi nuklearrak %30 murriztuko dituztela agindu dute Washingtonek eta Moskuk; ordurako gehienez 1.550 buru nuklear izango ditu herrialde bakoitzak. Neurriak, dena dela, aktibo dauden arma estrategikoei eragiten die soilik; hau da, jaurtitzeko prest dauden haiek desaktibatuko dituzte bakarrik. Bestela, biltegiratutakoak edotaarma nuklear taktikoak daudenetan uzten ditu izenpetu berri duten akordioak.

Haatik, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia baikor agertu da egindakoarekin; azken helburua lortzeko dagoela gogorarazteko baliatu du aukera, baina: «Munduko arma nuklear denak suntsitzea zeharo garrantzitsua eta ezinbestekoa dela argi gera dadin nahi dut». Hala, arma atomikorik gabeko mundurik sekula izango bada, hura eraikitzeko AEBek eta Errusiak egindako urratsa «ikaragarria» izan delakoan dago Ban.

Washingtongo goi bilera

Datorren astelehenetik hasita, 40tik gora herrialdetako gobernuburu eta estatuburu dira elkartzekoak Washingtonen, segurtasun nuklearraz hitz egiteko. Berak hasitako bideari heldu diezaioten ahaleginak egingo ditu Obamak han -gainontzekoek ere arma nuklearrak baztertu ditzaten nahi du-. Haatik, Washingtonen lehentasuna Irango programa nuklearraren gainean nazioarteak jarrera bateratua lortzea da; zehazki, NBEko Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea duten herrialdeak konbentzitu nahi ditu, zigor gehiago onar ditzaten. Orain arte Errusia eta Txina agertu dira uzkurren. Medvedevek egindako azken adierazpenetatik, baina, pentsa liteke ez duela betoa jarriko. «Teheranek egindako eskaintzari erantzuten ez badio, ezin ditugu begiak itxi. Segurtasun Kontseiluak gaiari heldu beharko dio berriro», azaldu du Medvedevek.

Akordio egiteko giroa izan da nagusi Pragan; hala ere, euren artean oraindik eztabaidatzeko gairik badela gogorazi zion Medvedevek Obamari. Hala nola AEBen misilen aurkako ezkutuak aurrera egiten badu, eta horrek bera mehatxatzen badu, hartutako konpromisoan atzera egiteko eskubidea erreserbatu du Moskuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.