Obamacare Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du AEBetako epaile batek

Epaia ez da irmoa, eta Helegite Auzitegira joko duela iragarri du Kaliforniako Fiskaltzaren bozeramaileak. Trumpek, aldiz, txalotu egin du epailearen erabakia. 

Trump presidentea, artxiboko irudi batean. MICHAEL REYNOLDS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko abenduaren 15a
19:38
Entzun

Donald Trump presidentetzara heldu zenean iragarri zuen Obamacare indargabetuko zuela, baina ahalegina Senatuan trabatuta geratu zen. Hiru errepublikanoren aurkako botoei esker, bestelako estaldurarik ez zutenentzako doako osasun sistemari eustea lortu zuten demokratek. Ordea, orain badirudi auzitegiek egingo dutela ordezkari politikoek lortu ez zutena. 

Texasko barruti bateko epaile Reed O'Connorrek hartu du erabakia. Trumpek berak bultzatutako zerga erreformari lotuta dago. Ordura arte, osasun asegurua ez edukitzeagatik isuna jaso zezaketen herritarrek; erreformaren ostean, ordea, ez da halakorik. Hala, epaileak ebatzi du horren ostean Obamacare indargabetuta geratuko dela, eta arrazoi eman die haren aurkako salaketa jarri duten hogei bat estatutako buruzagiei. 

Epaia, hala ere, ez da irmoa, eta Kaliforniako Fiskaltzaren bozeramaile Xavier Becerrak iragarri du Helegite Auzitegira joko dutela. Aldiz, Trump bera pozik agertu da epailearen erabakiarekin, eta albistea ontzat jo du Twitterreko bere kontuan idatzitako mezuan. 

Senatuan demokratek duten eledun Chuck Schumerrek, bestalde, hondamenditzat jo du ebazpena: "Hondamendia izango da AEBetako milioika familiarentzat". 2010ean, AEBetan 45 milioi lagunetik gora ziren inolako osasun estaldurarik ez zutenak; Obamacare indarrean sartuz geroztik, ordea, 28 milioira jaitsi zen kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.