Obamak Abbasi adierazi dio NBEn alde bateko urratsak egitearen aurka dagoela

PANek, beranduenez, hilaren 29an eskatuko du Palestina NBEko kide ez den estatu behatzaile gisa onartzea

Arnaitz Lasarte.
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Palestinako eta Israelgo herrien arteko auzia konpontzeko, Barack Obama AEBetako presidenteak ez du begi onez ikusten NBE Nazio Batuen Erakundean «alde bakarreko» urratsak egitea. Hala adierazi dio Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteari, bi agintariek telefonoz izandako hizketaldian. Abbasek azaro amaieran eskatuko du NBEn Palestina «kide ez den estatu behatzaile» gisa onartzeko. Israel, ordea, urrats horren aurka dago, baita AEBak ere, haren aliatu nagusia. Etxe Zuriak ohar batean nabarmendu du Ekialde Hurbilean bakea lortzeko konpromiso «sendoa» duela, baina horretarako Israelen eta palestinarren arteko «elkarrizketa zuzena» bultzatuko duela.

Mohamed Xtayeh Al-Fatah alderdi palestinarreko kideak jakinarazi duenez, Abbasek, beranduenez, azaroaren 29an egingo du PAE Palestina Askatzeko Erakundeak NBEn duen estatusa handitzeko eskaera. Nabir al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiak gaur emango du data zehatzaren berri, erakunde horrek Kairon duen bileraren ostean. Abbasek aurrera segituko du eskaerarekin, nahiz eta ebazpena ez aurkezteko «presio handiak» jasan dituen.

Abbasek iazko irailaren 23an egin zuen NBEn Palestinaren estatu izaera eskatzeko lehen saioa. Eskaera hark desadostasunak sortu zituen NBEko Segurtasun Kontseiluko hamabost kideen artean, eta, azkenean, ez zuten ebazpenik eman PANeko presidentearen eskaerari buruz. AEBek gelditu egin zuten prozesua.

Oraingoan, ordea, itxaropentsuago daude ordezkari palestinarrak. Izan ere, kide ez den estatu behatzaile gisa onartzeko eskaeraren inguruan bozkatzeko eskumena ez du Segurtasun Kontseiluak, NBEren Batzar Nagusiak baizik. Han babes zabala jasotzea espero dute.

Israelek eskatzen dituen «baldintzarik gabeko negoziazioak» baztertu egin ditu Xtayehek: «Lehen ere parte hartu izan dugu baldintzarik gabeko negoziazioetan, eta ez dute ezertarako balio izan». Al-Fataheko ordezkariaren esanetan, Israelek Zisjordaniako eta Jerusalem Ekialdeko koloniak bertan behera utzi arte ez da beste negoziaziorik izango. Hain justu, Haaretz egunkariak jakinarazi du Israelgo Gobernuak Zisjordaniako kolonian 538 etxeeraikitzeko plana onartu duela.

Gazatik Israelera, suziriak

Azken egunetan, Gaza eta Israelen arteko mugako giroa gaiztotu egin da. Israelgo Gobernuak salatu du Gazako miliziek suziriak jaurti dituztela Israelera, eta Ehud Barak Defentsa Ministroak esan du Hamasek garesti ordainduko dituela eraso horiek. Europako Batasunak bi aldeei eskatu die «neurriz jokatzeko», egoera gehiago larriagotu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.