munDUA

Obamak dio AEBetako armadak 2013rako utziko duela Afganistan, baina aurki beste 30.000 soldadu bidaliko ditu

Gaur egun 68.000 militar estatubatuar daude han, "gerran". AEBetako presidenteak NATOko aliatuei 10.000 soldadu gehiago bidaltzeko eskatu die, baina Frantziak uko egingo dio. Erresuma Batua alde dago.

2009ko abenduaren 2a
10:05
Entzun
Egunkari batek gaur: Bakearen Nobel sariak beste 30.000 soldadu bidaliko ditu Afganistanera 2010ean. Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteaz ari zen, honek iragarri baitu albistea -abenduaren 10ean jasoko du saria-. "Horretarako beharra dago", esan du bart Obamak. "Gerra" baitago Afganistanen, haren iritziz.

Gaur egun 68.000 militar estatubatuar daude han. Hark iazko urtarrilaren 20an lehendakari kargua hartu zuenean 35.000 soldadu zituzten Afganistan.

Dena dela, 2013rako AEBetako tropa guztiak erretiratuko dituela hitz eman du eta bi urte barru hasiko dela armada erretiratzen handik.

Washingtonek, hala ere, hainbat baldintza ezarri dizkio trukean Kabuli; elkarlan eraginkorragoa eta gerra amaitzeko konpromisoa, erretiratzea gauzatu ondoren eta sistema demokratiko egonkor bat ezartzeko gai izan ez bada ere. NATO Ipar Atlantikoko Erakundearen Ituneko aliatuei, berriz, 10.000 militar gehiago bidaltzeko eskatu die.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak gaur adierazi du "erabat babesten" duela haren plana, baina berretsi du tropa gehiago zabaltzeari uko egingo diola.

Zehazki 2.000 soldadu gehiago igortzeko eskatu dio Alemaniari, 1.500 Italiari, 1.500 Frantziari eta beste 1.000 Erresuma Batuari. Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak herenegun iragarri zuen 500 militar bidaliko dituela, eta gaur beste herrialdeei eskatu die Obamaren "estrategiari" batzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.