Egun handia da gaurkoa Etxe Zuriko giltzentzat; gaur ebatziko da Barack Obamaren eskuetatik Mitt Romneyren poltsikora jauzi egingo duten edo ez. 169 milioi estatubatuarrek botoa ematea espero da; horiek erabakiko dute presidenteak beste agintaldi bat merezi duen edota Etxe Zuria errepublikanoa bihurtuko den ostera.
Botoak zenbatu aurreko azken orduetan, espekulazioak eta pronostikoak milaka dira: zein aukera dituzten alderdiek estatu hau edo bestea irabaziz gero —The New York Times kazetak Etxe Zurirako 431 bide posible kalkulatu dizkio Obamari, eta 76 Romneyri—; biztanleen ehuneko zenbatek onesten duten Obamaren kudeaketa; emakume beltz gazte eta formazio gabeen iritziak zein eragin izan dezakeen... Lan askotxo, iragarri ezin daitekeena asmatzeko.
Izan ere, gaur ez dago ezer ziur. Nazio osoko botoen inkestek pareko emaitzak iragartzen dituzte: herritarren %49k Obamaren alde egingo dute, eta beste hainbestek Romneyren alde. Boto sistema zuzena balitz, berdinketa ekarriko luke horrek. Baina AEBetako boz sistema desberdina da; horregatik, nazio osoko inkestek ez dute balio benetan emaitzarik aurresateko.
AEBetan, herritarrek ez dituzte zuzenean aukeratzen presidenteak; horretarako hautatutako 538 ordezkariek aukeratzen dute. Estatu bakoitzari ordezkari kopuru bat dagokio, bertan bizi diren biztanle kopuruaren arabera. Estatu batean gehiengoa lortu duen alderdia babesten dute estatu horretako ordezkari guztiek; berdin du botoen %51rekin irabazi duten, edo %90ekin. Presidentetza estatuka irabazten da.
Iparrean eta ekialdeko kostan Alderdi Demokrataren alde egin ohi dute, baita Kalifornian ere; batez bestekoaren gainetik ibili ohi da hango biztanleen formazioa —unibertsitate ezagunenak ere leku horietan daude—, eta kanpoko eragina handiagoa da han. Hegoaldeko lurjabe kontserbadoreek, berriz, errepublikanoen alde egiten dute usu. Erdialdean daude estatu erabakigarriak, gehiengo argirik ez dutenak. Kanpainako azken asteburua swing state batetik bestera pasatu dute Obamak eta Romneyk: bien artean, bederatzi estatu zapaldu dituzte 48 orduan.
Obamarentzat, presidentetzarako azken kanpaina izan da. Bozak galtzen baditu, erabakita dauka ez dela berriz aurkeztuko, eta irabazten baditu, legeak debekatu egiten dio hirugarrenez agintzea.
Badaki oraingoan ez dagoela 2008an irabazten lagundu zion Obama efekturik, ez eta orduko hartan erronka doinua zeukan «Yes we can» lelorik ere. Oraingoan «Forward» izan da demokrataren mezua: aurrera, eutsi orain artekoari, ondo ari gara eta. Lau urteotan ondo egindakoak izan ditu banderatzat kanpainan, eta bete gabeko promesetarako denbora gehiago eskatu du. Ekonomiaren gainbehera apur bat arintzea lortu du, eta larrien daudenentzako zerbitzu sozialekin asmatu egin du.
Londresko alkate Boris Johnsonek «Mitt Romney izeneko tipo bat» aipatu zuen kanpaina hasieran; orduan, askori kosta egiten zitzaien errepublikanoa presidente irudikatzea. Baina indarra hartu du, eta Obamari aintzat hartzeko moduko aurkari bihurtu zaio, presidentea baino baldarrago eta inkoherenteago aritu den arren. Enpresaria eta milioi askoren jabe da Romney, eta ekonomia Obamak baino hobeto kudeatzen dakiela aldarrikatu du. Aberatsak eta eskuindarrak alde ditu, eta bozek sortutako polarizazioak mesede egin dio; honezkero, Tea Party ultrakontserbadorearen gustukoa da, hasieran epelegia izatea leporatzen bazioten ere.
Irregulartasunen peskizan
Bi alderdietako abokatuak adi daude. Herritar batzuek aurrez eman dute botoa, eta dagoeneko sortu dira istilu batzuk. Floridan, esaterako, protestak izan ziren larunbatean, bozkalekuak ixteko garaian hainbat pertsona oraindik botoa emateko zain zeudelako. AEBetan, boz eguna asteartea da beti; langile askok asteburuan eman nahi izaten du botoa.
Euskal Herriko orduan, bihar goizeko bostetan amaituko da bozketa. Lehia oso estua baldin bada, ia ziurra da botoak berriz zenbatzeko eskatuko dutela. 2000an, lehen emaitzek Al Gore demokrata jo zuten garailetzat, baina azken unean, 537 botorengatik, George Bushek bereganatu zituen Florida eta presidentetza. Alderdi Demokratak bozak berriz zenbatzeko eskatu zuen, Kongresuak Alderdi Errepublikanoa garailetzat jo zuen arte.
AEBetan, makina bidez ematen da botoa. Toki batzuetan, ordea, zalantzazkoa izaten da ordenagailuen eraginkortasuna, eta huts informatikoak ere salatu izan dituzte. Ekialdeko kosta inarrosi duen urakanaren ondorioz, toki batzuetan behin-behineko hauteslekuak prestatu dituzte paperezko botoa emateko, eta CNN-ren arabera, batzuek e-mail bidez eta faxez eman ahal izango dute.
AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak
Obamaren azken aukera
Presidentea aukeratuko dute gaur AEBetan; Euskal Herriko orduan, bihar hasiko dira emaitzak zenbatzen, goizeko bostetanLehia oso estua baldin bada, ia ziurra da botoak berriz zenbatzeko eskatuko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu