Egun geldirik badago ere, bake prozesuan aurrerapauso garrantzitsuak emango direla uste du Obamak. Eta ez du bere agintaldia amaitu arte itxarongo prozesu horri bultzada emateko. «Ezin dugu noraezean jarraitu, ez bi aldeetan beldurra eta erresumina indartzen doala ikusita», azaldu du. Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen ustez, urte luzez itxaron dute, eta denbora horretan guztian bakea lortzeko itxaropena besterik ez dute galdu. «Hau guztia bideratu beharra dago». Negoziazioak ahalik eta azkarren hastea ezinbestekoa dela uste du Obamak, ondorioz; nahiz eta, ez dituen aurrerantzean egin beharreko urratsak zehaztu. Akordio bat lortzeko egutegia oraindik airean da.
Obamaren diskurtsoaren zain
Datorren astean Ekialde Hurbilera bidaiatzekotan da Barack Obama. Dituen asmoen berri orduan emango duela espero dute adituek. Asteazkenean, Saudi Arabiako Abdala erregearekin bilduko da; Ekialde Hurbileko bake prozesua landuko duten gai zerrendan dago. Bilera horrek baino gehiago, hala ere, hurrengo eguneko agerraldiak zeresan handiagoa emango duela uste dute adituek. Ostegunean, izan ere, herrialde musulmanentzako diskurtsoa du egitekoa Obamak, Kairon (Egipto). Eta Ekialde Hurbilerako plan berria ere han azalduko duela espero dute horiek.
Kairoko diskurtsoa, Israelgo eta PANeko agintariekin bildu ostean egingo du. Haien iritziak entzunda, horregatik, Obamak bi aldeak hurbilduko dituen plana aurkeztu beharko lukeela iritzi diote analistek. AEBetako presidenteak, dena dela, hala egingo duela ukatu du; alegia, Kairoko agerraldian ez duela palestinarren auzia hizpide hartuko. Obamaren arabera, «ez litzateke egokia» izango.
Abbasekin eta Netanyahurekin bildu ostean ere, ez dio Obamak ustez aurkeztekotan den bake plan berriari aipamen egin. Aitzitik, George Bushen agintaldian Israelek eta Palestinak sinatutako Errepide Mapa hartu du erreferentziatzat, eta han jasotako konpromisoak betetzeko eskatu du.
Mahmud Abbasek horretarako prest daudela erantzun dio: «Errepide Mapan jasotako obligazio guztiak betetzeko konpromisoa dugu. Ekialde Hurbilean bake iraunkorra, osoa eta justua lortzeko bide bakarra da hartutako konpromisoak betetzea».
Errepide Mapan jasotakoari erreferentzia eginez, eta lehentxeago Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak egin bezala, kokagune gehiago ez eraikitzeko eskatu dio Obamak Israeli: «Errepide Mapak kokaguneen eraikitze lanak bertan behera uztea eskatzen du, baita estatu palestinarra bideragarri dela bermatzea ere». Netanyahuren eskuineko gobernua, baina, ez dirudi horretarako prest dagoenik. Kokaguneen «hazkunde naturala» saihetsezina dela dio Tel Avivek, eta haiek handitzen segituko du.
Palestinari ere, haatik, bete beharreko konpromisoak dituela gogorarazi dio: «Alderdi bakoitzak ditu obligazioak: Israelek kokaguneak gelditu behar ditu eta estatu palestinarra bideragarri egin behar du; palestinarrek, euren aldetik, segurtasuna bermatzeko neurriak hartu behar dituzte».
Estatu palestinarra
«Bi estaturen eskutik etorriko den irtenbidean benetan sinesten dut». AEBetako presidenteak berretsi egin du estatu palestinarraren alde egingo duela, eta PANek eskertu egin dio hori. «Amerikarrek eta guk, palestinarrok, interes eta ikuspuntu bera dugu». Ez da, hala ere, Obamak Ekialde Hurbileko auziari irtenbidea emateko aukeratu duen bidea txalotu duen bakarra. Liga Arabiarrak, hala nola Washingtonen «aldaketari» ongietorria egin dio. «Hainbat leiho zabalik daudela uste dut, eta leiho horiek aukerak zabalik uzten dituzte», azaldu du Amro Musa Liga Arabiarreko idazkari nagusiak. Kokaguneei ere egin die erreferentzia:«AEBek, Europak eta mundu osoak kokaguneak gelditzeko unea iritsi dela diotenean, arrazoi guztia dutela iruditzen zait».
Barack Obamarekin bildu ostean, PANeko presidenteak Egiptora bidaiatu zuen atzo. Gaur Hosni Mubarak presidentearekin biltzekotan da. MENA Egiptoko berri agentziak jakinarazi duenez, bilera horretan Obamarekin hitz egindakoaren berri emango dio Mubaraki.
Kolonoak
ZISJORDANIA1972. 1.500
1987. 60.300
1993. 116.300
2008. 285.800
JERUSALEM EKIALDEA
2008. 193.700
Israelek gerra krimenak egin dituen ikertzen hastekoa da NBE
Israelek Gazan gerra krimenak egin dituen ikertzeko Nazio Batuen Erakunderen taldea datorren astean da lanean hastekoa. Gaur edo bihar Ekialde Hurbilera iritsiko dira, Rolando Gomez NBEko eledunak azaldu duenez. Gero, Egiptotik ez bada, Israeletik Gazara sartzen ahaleginduko dira.Richard Goldstone fiskala buru duen taldeak hartu du Gazan iragan abendutik urtarrila bitarte Israelek egindako gehiegikeriak ikertzeko ardura. Eta Tel Aviveko gobernuari lana errazteko eskatu dio NBEk. Horrek, ordea, ez diola lagunduko erantzun dio: «Kosta ahala kosta Israel erruduntzat jotzeko helburua dute, eta ez dugu lan horretan laguntzeko inolako asmorik».