Beste gauza askoren artean, adierazpen ofizialek eta errealitateak gutxitan bat egiten dutela erakutsi du Wikileaks atariko filtrazioak. 91.000 dokumentutan jasotako sekretu militarrek Washingtonen gezur ofizialak aireratu dituzte. Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuak eta armada nabarmen geratu dira, horregatik. Dena dela, filtrazioak ez du toki hobean utzi Barack Obama presidente estatubatuarra: iritzi publikoa Afganistango estrategiaren alde jarri behar zuenean -urte honen amaieran berrikusi behar du Afganistanerako politika-, haren aginduetara dauden soldaduek Afganistanen egindakoak aireratu dituzte. Eta gerra galtzen ari direla zabaldu dute, baita terrorismoaren aurkako borrokan aliatu beharko luketenak sare islamista armatuen alde egiten dutela ere. Adituek diote Wikileaksek zabaldutako filtrazioak lehendik jakina zena baieztatzen dutela; haatik, hori baino zerbait gehiago lortu du Pentagonoaren datuak zabaldu dituenak: Washingtonek Afganistanen daraman estrategiaren inguruko eztabaida piztu du berriro; Obamak nahi baino lehenago, gainera.
AEBetako presidenteak «kezka» agertu du filtrazioagatik. Halaber, zabaldutako dokumentuen edukia beren testuinguruan kokatzeko eskatu du. Wikileaksek eskuratutako datuak, izan ere, 2004ko urtarriletik iazko abendura bitartekoak dira; Obamaren hitzetan, estrategia berria martxan jarri aurrekoak. Haiek nabarmen uzten dituzten praktika militar ilunak indarrean den politikari ezin zaizkiola egotzi uste du, ondorioz, presidente estatubatuarrak. «Zaharrak dira dokumentu horiek, eta estrategia berria martxan jartzera eraman gintuen egoeraren berri besterik ez dute ematen», azaldu zuen atzo, AEBetako Kongresuko buruzagiekin egindako bileraren ondotik -Afganistango gerrarako diru partida handiagoak aurreikusten dituen lege proiektua ziren bozkatzekoak atzo Kongresuan-.
Obamaren arabera, filtratutako dokumentuetan agertzen den egoera hura gainditzeko erabaki zuen iaz Afganistanen indarrak biltzea, eta, beraz, Afganistanera soldadu gehiago bidaltzea. Obamaren ustez, ezinbestekoa da jendeak ulertzea gerra irabazteko estrategia horren alde egin behar dutela.
Zeregin horretan, baina, Wikileaksen filtrazioak kalte besterik ez dio egin Washingtongo gobernuari. Hala uste du Daniel Ellsberg AEBetako analista militar izandakoak: «1971ko filtrazioak ez zuen geldiarazi Vietnamgo gerra, baina iritzi publikoan ondorioak izan zituen. Afganistango gerrarekin ez al da gauza bera gertatuko, 300 mila milioi dolar gastatu direla jakinda? Talibanek ez dute amore emango». 1971ean Ellsbergek berak eman zizkion The New York Times egunkariari Pentagonotik eskuratutako dokumentuak; sona handiko filtrazioa izan zen hura. Wikileaksena ordutik gertatutako handiena, analista ospetsuaren ustez.
Bin Ladenen koordenatuak
Dokumentu sekretuak nork filtratu zituen argitzeko, Pentagonoak zigor arloko ikerketa abiarazi du. David Lapan bozeramaileak zehaztu duenez, lurreko armadako dibisioa arduratuko da kasua eramateaz. Hain zuzen, talde hori bera arduratu zen Bradley Mannig 22 urteko analista ikertzeaz, Wikileaksi ustez hainbat dokumentu eman zizkiolako. Susmagarrien artean da Mannig oraindik ere; Lapanek adierazi duenez, ordea, ez da bakarra. Horregatik, ikerketa zabala egingo du Pentagonoak.
Wikileaksek eskuratu dituen dokumentuek ofizialki sekula onartu gabeko operazio eta hanka-sartzeen berri ematen dute; besteak beste, talibanak hiltzeko, AEBek operazio berezietarako talde bat sortu dutela Afganistanen, eta talibanak zirelakoan ehunka zibil hil dituztela. The Guardian egunkariak jakitera eman duenez, halaber, hainbat dokumentuk erakusten dute zerbitzu sekretuek bazekitela Osama Bin Laden non zegoen. Pentagonoak koordenatu zehatzak sekula izan dituenik ez du onartu orain arte.
Alabaina, Pakistani buruzko datuek eragin dute polemika handiena nazioartean. Wikileaksen argitaratutakoaren arabera, izan ere, Pakistango zerbitzu sekretuek talibanakfinantzatzen dituzte, baita Afganistanen erasoak egin ditzaten entrenatu ere. Islamabadeko gobernuak ukatu egin du; hainbaten ustez, ordea, Pakistan berriro susmopean egonda, Washingtonek balia dezake egoera, terrorismoaren aurkako borrokan gehiago egin dezan exijituz. Hainbat biltzarkide iritzi horretakoak dira, The New York Times egunkariari azaldu diotenez, baina ez dute izenik eman.
Afganistango Gobernuak ere Pakistanen presio gehiago egin beharko luketela adierazi du. «Ez dugu Afganistanen terrorismoa amaituko, ez badiegu terroristei haien jatorrian aurre egiten», adierazi du Uaheed Omarrek, Afganistango presidente Hamid Karzairen bozeramaileak.
Afganistango gerrak ez du amaierarik ageri, izan ere. Horren lekuko, egunero herrialde horretan erasoetan hiltzen direnen kopurua. Atzo bertan sei zibil hil zituzten ekintzaile talibanek, Paruan probintzian, Afganistango ipar-ekialdean.
Obamaren estrategia auzitan
Wikileaksek zabaldu duen filtrazioak Washingtonek Afganistanen daraman estrategiaren inguruko eztabaida piztu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu