MEXIKO

Obrador ezkerreko hautagaiak "desobentzia zibilera" deitu ditu herritarrak, Mexikon

Ezkerreko PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko buruak iragarri du gaur ez dituela onartzen uztailaren 1ean Hauteskundek Batzordeak emandako datuak eta herritarrei desobedientzia zibilera dei egin die, beti ere, "bide baketsuetatik". 

2012ko abuztuaren 31
18:33
Entzun

Andres Manuel Lopez Obrador ezkerreko PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko buruak iragarri du gaur ez dituela onartzen uztailaren 1ean Hauteskundek Batzordeak emandako datuak eta herritarrei desobedientzia zibilera dei egin die, beti ere, "bide baketsuetatik". 

"Bozak ez ziren ez garbiak, ez askeak eta ez benetakoak ere", adierazi du Obradorrek. Irailaren 9rako manifestazioa deitu du, "herritarren eskubide indibidual eta sozialen alde". Orain sei urte ere, mobilizatzera deitu zituen herritarrak; bozak Felipe Calderon Ekintza Nazionalerako Alderdi PANeko hautagaiak irabazi zituela onartzeari uko eginez. 

Helegitea, atzera

Hilaren hasieran, Federazioaren Botere Judizialaren Hauteskunde Auzitegiak atzera bota zuen Obradorrek jarritako helegitea. Hala, hauteskundeak baliogabetzeko ezkerreko alderdiaren eta hainbat herritarren eskaerak ez dituzte onartu. Pedro Esteban Penagos epaileak azaldu duenez, PRDk lehenengo helegitea Mexikoko Hauteskunde Institutu Federalean jarri behar du.

Hala ere, Hauteskunde Auzitegiak oraindik ez du eman hauteskunde prozesuaren legezkotasunaren inguruko azken ebazpena. Irailaren 6 arteko epea izango du horretarako. Orduan esango du azken hitza. Uztailean, zituen froga guztiak eskuartean joan zen Auzitegira Obrador, bozak baliogabetu eta berriz egin zitzaten eskatzera, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak iruzurra egin zuela argudiatuta. 

Emaitza ofizialen arabera, PRIko hautagai Enrique Peña Nietok irabazi ditu hauteskundeak botoen %38,2 eskuratuta, eta Lopez Obrador bigarren tokian geratu da, %31,8rekin. Ezkerreko hautagaiak, baina, ez ditu onartu emaitzak. Diputatuen Ganberan eta Senatuan ere gehiengo zabala eskuratu du PRIk. 

Olatuak, ordea, ez du Mexiko Hiria irentsi, eta hiriburuak ezkerraren oasia izaten jarraituko du, orain arte bezala. Ezkerraren garaipena, gainera, ez da nolanahiko izan, PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagai Miguel Angel Mancerak botoen %60 baino gehiago eskuratu ditu. 

Obrador, "irregulartasunak" daudela konbentzituta

Lopez Obrador sinetsita dago PRIk bost milioi boto erosi dituela, eta hauteskundeak askeak izan balira gehiengoak ez lukeela Peña Nieto aukeratuko. PRIk hauteskunde kanpainan 4.599 milioi peso —282 milioi euro— gastatu zituela adierazi du, legezko gehiengoa 336 milioikoa denean —20 milioi eurokoa—. Bereziki haserre agertu da iruzurra eremu pobreenetan egin dutelako, landa guneetan. "Tristura eta amorrua baizik ezin du eragin milioika mexikarren zoritxarraren arduradun diren horiek euren biktimak erabiltzea, batik bat pobreenak eta desinformatuenak, zorigaiztoko botere ekonomikoa, politikoa eta mediatikoa mantentzeko", kritikatu du.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.