AEBetako Alderdi Errepublikanoak ustezko eskandaluen bidez estutu nahi du Barack Obama presidentea. IRS zergak biltzeko agentziak Tea Party eta beste erakunde kontserbadore batzuk ikertu dituela eta, errepublikanoek espioitzaren mugan aritzea leporatu diote Obamaren administrazioari. Ekonomia pribatuaren defentsan abangoardia den herrialdean, Ogasuna bereziki ospe txarreko erakundea da, eta presidenteak berehala aldendu nahi izan du zergen agentziaren aurkako akusazioetatik. IRSren jokabidea «gehiegizkoa» dela esan du Obamak, eta AEBetako «tradizioen aurkakoa». IRSko zuzendari Steven Millerrek onartu egin du «akatsa» izan zela talde kontserbadoreei ikuskatze «zorrotzagoak» egitea. Eric Holder Justizia idazkariak, bestalde, FBIri agindu dio auziari buruzko ikerketa bat egiteko.
AEBetako hedabideek argitaratutakoaren arabera, 2010ean hasi zen IRS Tea Party eta haren inguruko taldeak ikertzen. Talde horiek helburu sozialeko erakunde gisa zeuden izen emanda, eta gisa horretako taldeei zerga salbuespena aplikatzen zaie. Erakunde kontserbadoreek behar besteko bermeak betetzen zituzten egiaztatzea zen ikerketaren helburua. IRS helburu politikoekin erabiltzea debekatuta dago AEBetan, eta hori da errepublikanoek Obamari egin dioten akusazioa. Etxe Zuriak, baina, Ohioko behe mailako funtzionario batzuen ekinbidea izan dela esan du, eta Obamak gogor agertu nahi izan du. «Ez dut horrelako portaerarik onartuko. Zer gertatu den jakingo dugu seguru».
APren espioitza salaketa
Sute baten ondoren beste bat piztu zaio, ordea. Associated Press agentziak salatu du Justizia Departamenduak telefonoak kontrolatu zizkiola iaz, AEBek Yemenen egin zituzten erasoen eta ekintzen inguruko informazioa lortzeko agentziak zuen iturria nor zen jakiteko. Alderdi Demokratako kongresistek ere gertatutakoa kritikatu dute berehalakoan, eta argibideak eskatu, elur bolak erabat harrapa ez ditzan.
Ogasunak Tea Party ikertu duelako, Obama estutu nahi dute errepublikanoek
FBIk ikertuko du auzia, eta zergak biltzeko agentziaren jokabidea «gehiegizkoa» izan dela esan du presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu