Ohiz kanpoko hauteskundeak

Bihar hasiko da Frantziako presidentetzarako bozen kanpaina. Inork ez du defendatu Hollande presidentearen agintaldia. Herritarren eskuetan dago Europaren geroa

Presidentetzarako 11 hautagaietatik hamar —azkenak irudian agertzeari uko egin zion—, apirilaren 4an egindako eztabaidan. LIONEL BONAVENTURE / EFE.
ander perez zala
2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezohiko presidentetzarako hauteskundeak dira aurtengoak Frantzian, arrazoi ugarirengatik. V. Errepublikan lehen aldiz, bi alderdi tradizionalak ez dira bigarren itzulirako sailkatuko, eta FN Fronte Nazionalak, alderdi marjinala izateari utzi, eta sekulako pisua lortu du. Bihar abiatuko dute kanpaina, eta, azken orduko sorpresarik ezean, FNko presidentegai Marine Le Pen —EB Europako Batasunaren aurkakoa— eta En Marche! mugimenduko Emmanuel Macron —Ekonomia ministro ohia PSren gobernuan, eta EBren defendatzaile sutsua— lehiatuko dira maiatzaren 7an. Ohiko bi alderdiek, PS Alderdi Sozialistak eta LR Errepublikanoek indarra eta babesa galdu dute lehen itzulia hurbildu ahala —bi aste barru, apirilaren 23an—, eta ezinezkoa lukete Le Peni eta Macroni aurrea hartzea.

Gora egitea lortu duen bakarra La France Insoumise-ko Jean Luc Melenchon da —hiru astean bost puntu igo da—, eta, inkestetan PSko Benoit Hamonen eta LRko François Fillonen artean dagoen arren, aukera handiak ditu eskuinaren presidentegaia ere lehen itzulian gainditzeko. Hala, datozen bi asteetan zehaztuko da Le Penen eta Macronen mailara iristeko gai izango ote den Melenchon, bi hautagai nagusiek ez dutelako aurrerapauso handirik egin azken hilabeteon; beherako joera txikia ere izan du Macronek. Inkesten arabera, herritarren bi herenak bozkatzera joango dira, baina beste herena ez da ziur —%34 eta %40 artekoa litzateke abstentzioa—, eta hor egon daiteke gakoa.

Bost horiez gain, beste sei presidentegai aurkeztuko dira, aukera gutxiago dituztenak: Nathalie Arthaud (LO Langileria Borroka), Philippe Poutou (NPA Alderdi Antikapitalista Berria), Jean Lassalle (Resistons), Nicolas Dupont-Aignon (DLF Frantzia Altxatuta), Jacques Cheminade (SP Elkartasuna eta Garapena) eta François Asselineau (UPR Batasun Popular Errepublikanoa).

Faboritoen artean, eskuineko hautagaiek, Le Penek eta Fillonek, dituzte boto-emaile fidelenak —%80 inguru—, eta ezkerrekoen artean, Melenchonen eta Hamonen kopurua txikiagoa da —%50 eta %60 artean—. Frantziakoa gizarte eskuindarra da tradizioz, baina aspaldian lehenengoz, bi alderdi nagusietako presidentegaiak muturrean kokatuta daude beren alderdien espektro ideologikoan. Alegia, PSko eta LRko boto-emaileek hautagai moderatuak bozkatu izan ohi dituzte, eta horrek azalduko luke, hein batean, Macronengana jo izana. Bere burua zentrokotzat jotzen du Macronek, eta diskurtso horri esker lortuko lituzke boto horiek, baita MoDem alderdiaren babesa ere. Frantzian dioten bezala: «Lehenik, bihotzarekin bozkatu; bigarrenik,buruarekin», bozetako bi itzuliei erreferentzia eginez. Inkesten arabera, Le Penek ez luke bigarren itzulia irabaziko.

2002an bezala, eskuin muturra bigarren itzulirako sailkatuko da. Orduan ezusteko albistea izan zen arren, egun barneratuta duteberriz gertatuko dela. Mitin bat ematekoa zen atzo Le Pen Korsikan, baina haren aurkako protesta baten ondorioz bertan behera utzi behar izan du.

Lehen aldia da V. Errepublikako presidente bat ez dela bigarrenez aurkeztuko —PSko François Hollande—, haren agintaldiaren porrotaren ondorioz. Hori gutxi balitz bezala, 11 presidentegaitatik inork ez du defendatu egungo estatuburuaren lana, eta, paradoxikoki, haren Ekonomia ministro izandako Macronek lortu du inork espero ez zuen arrakasta. Hollandek 2012ko kanpainan hitzeman zuenaren kontrakoa egin du, eta askotan eskuinak berak orain arte egin ez zituen neurriak hartu ditu, tartean Macronen lan erreforma.

Dena den, gidoia ez da esperotakoa: Alain Juppe Bordeleko alkatea jotzen zuten denek LR-ren presidentegaitzat —eta presidente berritzat—; PSren hautagaitzat zuten Manuel Valls lehen ministro ohia, baina primarioak galdu zituzten biek. Hala, egun, Le Peni, eskuin muturrari aurre egiteko aukera bakarra eskuina dela dirudi: Fillon erradikala edo Macron moderatua. Ia ezinezkoa den arrean, mahai gainean dago oraindik ezkerraren batzea, eskuinaren alternatiba izateko. Baina, Europan bezala, alderdi sozialdemokratak gain behera dago —Melenchon da hurbilen dagoena—.

Hollanderen bilana gogorra da: langabezia %10era igo da —bederatzi milioi pertsona inguru; lau milioi, pobrezian—. Herrialdea larrialdi egoeran dago, besteak beste Parisko eta Nizako erasoen ondorioz, eta xenofobia eta nazionalismoa areagotu egin dira. Horrek ahalbidetu dio Le Peni eztabaiden agenda finkatzea. Langabeziaren, immigrazioaren, nortasunaren, segurtasunaren eta nazioarteko aferen inguruan —Siriako gatazka, Vladimir Putin Errusiako presidentearekiko harremana, eta Europako Batasuna gehienbat— eztabaidatzen ari dira.

Europa, Frantziari begira

Boz hauek erabakigarriak izan daitezke EBren etorkizunerako. Macron eta Hamon dira europazaleenak, eta gainontzeko hiru faboritoen artean andana aukera daude: itunak birnegoziatzetik eurotik eta EBtik ateratzera.

Le Penen garaipena zorigaiztokoa izan daiteke Bruselarentzat. Brexit-aren ostean, frexit-a proposatu nahi du Le Penek —erreferenduma galduz gero dimitituko luke, azaldu duenez—, baita Melenchonek ere, baina azken aukera litzateke harentzat—. Frantzia Europako bigarren potentzia da, eta garrantzi handia izan du europar proiektuaren sorkuntza eta garapenean. Jendaurrean, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak esana du ez dutela B planik Le Penek irabaziz gero; kontran, Macronen garaipenak europar proiektua bultzatuko lukeela uste du. Hain zuzen ere, batasunak hartu duen norabidearen erakusle dira Frantziako bozak, azken urteotangailentzen hasi diren diskurtso sozioekonomikoak herrialdean ere barneratu direlako. EBk ere asko du jokoan presidentetzarako boz hauetan.

Le Penek edo Macronek irabazita ere, ikusteko dago noren babesa lor dezaketen beren proposamenak onartuak izateko. Ekainean egingo dituzte parlamenturako eta senaturako hauteskundeak —bi itzulitan—, eta zita horietan askoz zailago izango dute adina ordezkari lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.