Gaur hiru urte, ehunka milaka lagun igaro ziren Hugo Chavezen hilotzaren aurretik, Caracasen: prozesio amaigabea zen hura, orduak eta orduak eguzkipean itxoin zuten komandantearen jarraitzaileek, muxu emateko, azken hitzak esateko: lortutakoa ez zela alferrikakoa izango agindu zioten, iraultza ez zela harekin hilko. Atzo, Madurok «iraultza bizirik» dagoela aldarrikatu zuen, babesa erakustera joan ziren Latinoamerikako hainbat agintariren aurrean. Nikaraguako presidente Daniel Ortega, Evo Morales Boliviakoa eta Salvador Sanchez Ceren El Salvadorrekoa izan zituen alboan, baina ekitaldiak ekitaldi, chavismoa ez dagobere garairik xamurrenean.
Chavezek esana zuen garai gogorrak bizitzekoak zituela Venezuelak, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Hil eta hiru urtera krisi latzean sartuta dago herria; balantzaka, proiektua. Oinarrizko produktuen hornikuntza gabe dago, eta petrolioaren prezio apalagatik —erregaiaren menpe bizi baita—, ezin goiari eutsi dabil, eta oposizioa gogor presio egiten ari zaio. Zurrunbilo politiko, ekonomiko eta sozialak mendean dauka Venezuela, eta badirudi lehertu egingo dela.
Jose Guerra oposizioko diputatuarekin eta Luis Pino soziologo chavistarekin hitz egin duBERRIA-k, aztoramen horretan aurrez aurre dauden bi pentsamenduak islatzeko. Guerraren esku balego, «ekonomiaren eta herrialdearen beraren eredu aldaketa» jarriko luke martxan lehenbailehen. Haren ustez, «oinarrizkoa da hori, ekonomiaegonkortzeko eta hazkundea eragiteko».
Oposizioak bultzatu nahiko lukeen lehen neurrietako bat pribatizazioak dira: «Gobernuak milatik gora enpresa estatalizatu ditu, eta pikutara eraman ditu jende askoren negozioak. Desjabetzeen bidez, ezinezkoa da herri bat aurrera ateratzea. Gorrien politikak XX. mende hasierara eraman gaitu».
Gobernuaren jarduera ekonomiko «penagarriari» egotzi diokrisia: «Ezin zen okerrago egin. Arrazoi askok eraman gaitu krisi humanitariora: prezioen kontrolak, produktuen espekulazioan dabiltzan mafiek, ustelkeriak, eta lehen mailako produktuak erosi eta produzitzeko dibisarik ezak. Ez dago lehen mailako produkturik, ezta botikarik ere. Jendea gose da, eta gaixo». Guerra MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiko diputatu izateaz gainera, oposizioaren plan ekonomikoalandu duen taldeko zuzendaria da, eta «gobernua lortzen» dutenerako prest daukate «Venezuela goitik behera aldatzeko plana».
Luis Pino, berriz, soziologian doktore eta unibertsitateko irakaslea da, baita PSUVko militantea ere. Harentzat, «asmakizun» bat da oposizioak dioen krisi humanitarioa: «Gerra ekonomikoaren parte da. Gerra zikina egiten ari dira. Inportazioak oposizioaren esku daude hein handi batean, eta gure herrian ia dena inportatzen da. Hornikuntzarik gabe uzteko plana egin dute, jendeak gosea pasatzea nahi dute».
Sustrai zaharren hazi berriak dira, Pinoren ustez, iraultza irauli nahi duten protagonistak: «IV. Errepublikan geneukan oposizio bera da. Jendea desagerrarazi zuena, gosez hil zuena, petrolioa bere esku zeukana eta AEBen zerbitzura zegoena. Eskuinik eskuinena. Opus Deikoak daude oposizioan agintzen duten alderdi nagusietan». Haren ustez, Venezuela bakartzeko ahalegin guztiak egiten ari dira, «herria itotzeko».
Maduro kentzeko saioa
Oposizioak Maduro kendu nahi du, eta bi bide proposatu ditu: batetik, erreferduma, eta bestetik, konstituzioaren zuzenketa bat, presidentearen legealdia sei urtetik laura jaisteko. Bide horien iragarpen ofiziala egitekoak ziren ostegunean, baina ez zuten egin, lehentxeago, Auzitegi Gorenak legebiltzarraren botereari mugak jartzeko erabakia iritsi zelako, eta horrek oposizioaren egitasmoak zailtzen ditu. Hau da erabakiak dioena: «Gobernuak ahalmena mugatua dauka, eta Herri Boterea, Botere legegilea eta Hauteskunde botereari buruzko erabakiak hartzea debekatzen dio».
Oposizioak lege eta ekinbide garrantzitsuak dauzka esku artean, Maduro kentzeko prozeduraz gainera, besteak beste Amnistia Legea, Leopoldo Lopez eta beste lider batzuk espetxetik atera ahal izateko. Legebiltzarrak esan du ez duela eraginik auzitegiak hartutako erabakiak, eta bere jardunekin jarraituko duela.
Haserre bizian dago oposizioa, eta, Guerraren iritziz, «herria atsekabetuta dago aspaldian. Diktadura baten menpe dagoen Auzitegi Gorena daukagu». Beste modu batera interpretatzen du Pinok egoera: «Bete behar diren legeak eta horiek betearazteko auzitegiak dauzkagu, baina estatu kolpe bat emango du aurki, Chavezekin egin zuen bezala. Konstituzioa bete ezin duenez, indarra erabiliko du».
Legebiltzarrari boterea mugatzea ez da Auzitegi Gorenak hartu duen erabaki polemiko bakarra. Legebiltzarreko hauteskundeak galdu ondoren auzitegirako izendatu zituzten magistratuetako batzuk zalantzan jarri ditu oposizioak chavismoarekin zerikusia dutelako. Horrez gainera, bozetan gehiengo kualifikatua ematen zioten 112 diputatuetatik hiru baliogabetu dituzte, eta 109rekin ez dute lege organikoak egiteko eta onartzeko nahikoa botere.
Egoera oposizioaren gobernu batek aldatuko lukeela uste du Guerrak. Aldaketa gertatuko balitz IV. Errepublikan bezala herritarrak gosez hilko direla pentsatzen du Pinok. Biak bat datoz gauza batean: «Egoera jasanezina da».
Oinordekoen kalbarioa
«Iraultza bizirik» dagoela aldarrikatu du Venezuelako presidente Madurok, Chavezen heriotzaren hirugarren urteurrenean, baina krisiak itota dauka herria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu