Al-Kabri herrixkakoa da sortzez Sumaia Ahmad Ismail. Palestina historikoaren iparraldeko puntan jaio zen, mugatik kilometro eskasera, 1937an. 11 urte baino ez zituenean ihes egin behar izan zuen jaioterritik.«1948ko maiatzaren 21a zen». Israelgo Estatua sortu eta biharamunean, milaka eta milaka palestinarrek etxea utzi behar izan zuten; garai hartako populazio arabiarraren %60 inguruk, hain justu (750.000). Israelgo armadak 418 herri suntsitu zituen juduen eskuetan uzteko. Sumaia Ahmad Ismail Zisjordanian babestu zen. Aitak etxetik hartu ahal izan zuen gauza bakarra erakusten du, jada guztiz herdoilduta dagoen giltza bat, etxeko ataria zabaltzen zuena. Aurki utziko du semearen eskuetan, belaunaldiz belaunaldi pasatzen baitira giltzak, kobrezkoak, baina urrezko altxorrak balira bezala.
Nakba (hondamendia arabieraz) egun beltza izan zen Ismailentzat. Baina ez bakarra. 80 urteko agureak egun beltz ugari ditu iltzatuak memorian, 1967ko gerrako egunak tartean. Zisjordaniako errefuxiatu gunean bakean biziko zirela uste zuen, egun batean armada sartu zen arte, duela 50 urte; ordutik, okupatuta, zapalduta eta bakartuta bizi da, milaka eta milaka palestinar bezala.
Bihozgabea da okupazioaren makineria; mende erdi batez, 50 urtez, 18.250 gauez eta egunez, lurrak zanpatzen. «Historia garaikidearen okupazio luzeena da». Ixaq Budeiri Ikerketa Arabiarren Elkarteko zuzendariaren hitzak dira. Ziad Hamuri bat dator harekin. Jerusalemgo Eskubideen Zentroko zuzendari eta abokatuak argi du zertarako baliatu duten okupazioa: «Israelek gure lurraldearekin geratzeko eta bi estatuen irtenbidea zapuzteko baliatu ditu 50 urte hauek».
NBE Nazio Batuen Erakundea bera arduratuta dago. Michael Lynk Palestinarako arduradunaren hitzetan, okupazioak «aldi batekoak» izaten dira, «baina honek badirudi ez duela amaierarik, okerrera ari baita. Israel, potentzia okupatzailea, agerian uzten ari da betikotu egin nahi duela okupazioa».
Kolonizazio politika da horren lekuko. Bi hamarkadatan hirukoiztu egin da kolonoen kopurua. Palestinako Estatistika Bulego Zentralaren arabera, 1972tik 2011ra, 40 urtetan, 40 bider hazi dira kolonoak. Egun, 400.000 judu bizi dira Zisjordanian. Eta, Jerusalem ekialdean, beste 200.000.
Datuok gerra demografikoa jartzen dute agerian. Populazio judua 6,3 milioikoa da —Israelen baino bi bider azkarrago handitu da lurralde okupatuetan juduen kopurua; izan ere, emakume kolonoek, batez beste, 7,7 haur dituzte—. Arabiarrak, berriz, 6,5 milioi inguru dira; Zisjordanian 2,93, Gazan 1,88 milioi, eta Israelen barruan beste 1,5.
Hiru eremu: A, B eta C
Elkarren ondoan bizi dira juduak eta arabiarrak, baina, bi mundu zeharo ezberdinetan, uharte urrunetan bezala, elkar ikusi gabe, baina batzuen identitateak bestearenak indartzen, gotorleku identitarioetan.
Osloko Bake Akordioak inflexio puntu latza izan ziren bide horretan, 1993. urtetik bi estatuen irtenbidea ezerezean utzi baitu kolonizazio politikak. Palestina historikoaren %22arekin soilik geratzea onartu zuen orduan PAN Palestinako Aginte Nazionalak. Egun, baina, lurralde historikoaren %8a baino ez da geratzen palestinarren esku. 1948ko Lerro Berdetik haratago lurraren %60 bereganatu du Israelek.
Zisjordania hiru zatitan banatzea adostu zuten bi aldeek itun horren bidez: A, B eta C eremuak. A eremuan PANek agintzen du—lurraren %18 inguru hartzen du—, eta hiri nagusiak batzen ditu; palestinarren erdiak baino gehixeago bizi dira han. B eremua partekatu egiten dute: palestinarren esku dago gobernu zibila, eta israeldarren menpe kontrol militarra. C eremua, aldiz, zeharo kontrolatzen du Israelek. Zisjordaniako eremu zabalena da—lurraren %60—, eta han ezarri dituzte azken hamarkadetako kolonia berriak.
Hori, baina, teoria baino ez da, praktikan erabateko kontrola baitu Israelek, baita A eremuan ere, han dauden errefuxiatu guneetan barne.
Statu quo-ak ezinezko egiten du bi estatu jasoko dituen mapa marraztea. Israelek 1967an bertan, su-etenean, eraiki zuen lehen kokagunea, Gush Etzion, non eta Jerusalem hego-ekialdean. Zisjordaniako lehena, Mehoda, urtebete geroago egin zuen, Jordan Haranean. 50 urte geroago, 200 kokagune baino gehiago daude, 53 palestinarren lur pribatuetan. Israelgo Gobernuak onartutako kokalekuak 131 dira, baina beste dozenaka eraiki dituzte baimenik gabe. Peace Now gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 91.
Adreiluak ezarri eta ezarri, porlanaren politika darama aurrera Israelek. Iaz, esaterako, %34 hazi zen kolonien eraikuntza; 1.814 etxebizitza eraiki zituzten, aurreko urtean baino 464 gehiago—2015ean 1.350 etxebizitza egin zituzten—. Peace Nowk emandako datua da, eta, zehaztu duenez, iaz egindako eraikuntzen %70 armistizioko mugetatik haratago egin ziren, 1.263 unitate.
Kontrolgunean zain
Ondorioak itzelak dira palestinarrentzat. Juduek pizgarri sozialak eta ekonomikoak jasotzen dituzte, baina arabiarrak gero eta baztertuago daude euren lurretan.
Horrek azaltzen du zergatik kokaguneak eraikitzen dituzten langileetako asko eta asko palestinarrak diren. Goizetik gauera ibiltzen dira euren lurrak okupatzen dituzten etxeak zutitzen, 70.000 kontratuarekin eta beste 30.000 eta 50.000 artean kontraturik gabe.
Tarek al-Taweel da horietako bat. «Eromen bat da, baina ez dut besterik; egun bakoitzeko 250 shekel [76 euro] jasotzen ditut. Okerrena kontrolgunea da». 300 izeneko kontrolgunetik pasatzen da oraindik egunak argitu ez duenean. Iluntzean bueltatzen da etxera.
Zisjordanian dagoen kontrolgune gogorrenetakoa da 300-a. Al-Taweel pasa ezinik geratzen da egun batzuetan; beste askotan, gehienetan ordu erdi edo ordubete egoten da zain, ilaran, miatzen eta galdekatzen ez badute.
Zisjordanian 96 kontrolgune iraunkor ezarri ditu Israelek. Beste asko edozein momentutan paratzen dituzte, kendu eta jarri, edozein egunetan, edozein errepidetan, edozein auzotan, palestinarrei leku batetik bestera joatea debekatuz, mugatuz edo zailduz, militarrek modu iraingarrian zain dituzten bitartean, izan eskolara doazen haurrak, ospitalera doazen edadetuak, haurdun dauden emakumeak edo semeak kartzelara bisitatzera doazen senideak. Kolono batek 35 minutuan egiten duen tartea egiteko ia zazpi ordu behar ditu palestinar batek.
Banaketa Hesia da bidean aurkitzen duten beste oztopoa. Ariel Sharonek duela hamabost urte martxan jarritako harresiak 490 kilometro ditu jada, eta, amaitutakoan, 720 izango ditu, herriak eta lurrak banatuz, eta hiriak inguratuz —hormaren %80 Palestinako lurrean barrena joango da bukatutakoan, eta zenbait tokitan 20 kilometro barneratuko da—.
Apartheid-aren harresia da okupazioaren sinbolo nagusiena, baina palestinarren bizimodua hamaika moduz mugatzen du Israelek. Lurrak konfiskatzea, baliabide naturalak kentzea, natura-erreserbak bereganatzea, etxeak eta azpiegiturak eraistea eta abar praktika arrunta da.
Uraren hornidura ere desberdina da batzuentzat eta besteentzat. Kokagune guztietan daude igerilekuak, eta palestinarren lurra, berriz, gero eta idorragoa da; kolonoen ur hornidura palestinarren halako lau da.
Jerusalemgo polarizazioa
Jerusalem da bi estatuek hiriburutzat aldarrikatzen duten hiri sakratua, eta han beste inon baino ageriagoa da polarizazioa. Auzo arabiar eta juduen espaloiak begiratzea baino ez dago. Ekialdeko auzo arabiarretan %64tik %75era igo da pobrezia tasa hamar urtean.
Erradiografia ikaragarria da. 67ko gerratik inoizko egoera «arriskutsuena» dela ohartarazi du nazioarteak. Iaz, orotara 99 palestinar hil zituzten, horietatik 26 Jerusalemen. Muhyee al-Din 10 urteko haurra hiritik gertu hil zuten, 2016ko uztailaren 19an: soldaduei harriak botatzen ari zela bala batek burua zulatu zion.
Etxeak eraistea ere gero eta ohikoagoa da. 2015era bitartean 14.500 palestinarrei kendu diete ekialdean bizitzeko baimena, eta azken hamabi urteetan 579 etxe suntsitu dituzte hiri zaharrean: 2.218 palestinar utzi dituzte kalean. Iaz, 172 etxe suntsitu zituzten, eta, aurreko urtean, 47 eta 79 artean. Silwan auzo arabiarra hiri zaharraren bihotzean dago, eta handik 600 palestinar bota nahi dituztela salatu dute, etxeak juduen esku uzteko.
Historia bera da. Naziek juduak nola, hala tratatzen baitituzte juduek orain arabiarrak, historiaren errepikapen makabro bat balitz bezala. Edward Said pentsalari palestinarrak zioen moduan: «Holokaustoa juduentzat izan zena da Nakba palestinarrentzat». Eta Nakbak indarrean jarraitzen du.
Akaso giltzak gordeko dituzte etxerik gabe geratu diren horiek, belaunaldiz belaunaldi pasatzeko, duela 70 urteko exodoa bizi izan zutenen moduan. Sumaia Ahmad Ismail bezala.
Israelen 50 urteko okupazioa. Zisjordania
Okupatuta, zapalduta, bakartuta...
Zisjordaniak mende erdi bat darama okupatuta; Lerro Berdetik haratago, lurraldearen %60 bereganatua du jada Israelek. 2,93 milioi palestinar bizi dira han; Banaketa Hesiari, kontrol guneei eta eguneroko bazterketa eta jazarpenari aurre eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu