Goizean goizetik, hartua izan dute poliziek Frantziako hiriburua. Laugarren asteburua dute protestan Jaka Horiek, eta, Barne Ministerioaren arabera, 31.000 atera dira kalera gaur. Istiluak eragozteko xedea argudiatuta, atxiloketa ugari egin ditu Poliziak, batez ere, Eliseo inguruan. Ez dituzte istiluak eragotzi, ordea, eta dozenaka lagun zauritu dira. Negarra eragiteko gasa bota du Poliziak Jaka Horien aurka, eta oldarraldiak izan dira. Frantziako Gobernuaren arabera, 55 dira zaurituak, horietako hiru, poliziak.
Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 700 lagun atxiki dituzte gaurko mobilizatzioetan identifikatzeko, 589 Frantziako hiriburuan, eta horietatik 475 polizia etxera eraman dituzte atxilotuta. Le Figaro-ren arabera, milatik gora dira kalean atxiki dituztenak. Saltoki eta eraiki ugari itxita daude goizetik; besteak beste, Eiffel dorrea, Louvre museoa eta Parisko Opera. Denera, 90.000 polizia atera ditu kalera gobernuak Frantziako Estatu osoan; 8.000 bat, Parisen.
Beste zenbait hiri nagusitan ere deitu dute mobilizazioetara. Bordele iparraldean, esaterako, moztu egin dute A10 autobidea, errepidean suteak eraginda. Beste errepide nagusi batzuk ere blokeatu dituzte Jaka Horiek.
Blokeatzeak Miarritzen eta Biriatun
Euskal Herrian ere mobilizatzen ari dira. Goizean, Miarritzen (Lapurdi) elkartu dira batzuk, eta bi taldetan, Biriatuko eta Miarritzeko ordainlekuetara joan dira. Kamioiak blokeatzen aritu dira, autoak pasatzen uzten zituzten bitartean.
Bi taldetan banatu dira, batzuk Biriatuko ordainlekura joan dira eta besteak Miarritzekora. Kamioiak blokeatzen dituzte, autoak pasatzen uzten dituzten bitartean @berriapic.twitter.com/jd6z7PR2vN
— Eihartze Aramendia (@earamendia) 2018(e)ko abenduaren 8(a)
Mugimendua hasieran erregaien zergaren emendedatzearen aurka hasi bazen ere, sektore ugari batu dira protestara azken egunetan, eta aldarrikapenak ere ugaritu dira. Macronen dimisioa, lan sariak goititzea, tasak gutxitzea... denetariko eskariak egin dituzte gaur Miarritzen elkartu direnek. Ilara luzeak eragin dituzte bi noranzkotan; bai Baiona aldera, bai Donostia aldera.
Klimaren aldeko manifestazioak antolatuta zeuden gaurko Ipar Euskal Herrian, eta Jaka Horietako batzuek bat egin dute deialdi horrekin ere.
📣 Klimaren aldeko nazioarteko martxa ! Baionan 1200 pertsona bilduak gira alarma klimatikoa jotzeko ! pic.twitter.com/ylZgNgCOAw
— Bizi ! (@bizimugi) 2018(e)ko abenduaren 8(a)
Jaka Horietako batzuk Baionara joan dira, klimaren aldeko martxara, aldarrikapen horrekin ere bat egiten dutela adierazteko. Denak ez dira ados, ordea, eta ordainsarietan jarraitzea erabaki dute @berria
— Eihartze Aramendia (@earamendia) 2018(e)ko abenduaren 8(a)
Miarritzeko eta Biriatuko ordainlekuetan, ilunabarrera arte geratzeko asmoa agertu dute mobilizatuta daudenek. Hendaia eta Pausu arteko zubia ere itxi du goizean beste talde batek.