Olmert: «Estatu palestinarra sortu ezean, Israel desagertuko da»

Israelgo agintariaren iritziz, Tel Aviven interesentzat funtsezkoa da Bi Estatuen Aterabidea gauzatzea

2007ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Sionisten beldur eta argudioetako bat -«palestinarren mehatxu demografikoa»-aintzat hartuta, eta Hegoafrikako behialako Apartheid sistemaren keriak aipatuta, Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek atzo Haaretz egunkariaren bidez ohartarazi zuen estatu palestinarra eratu ezean, denborarekin Israel desagertu egingo dela. Annapolisko konferentzian Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin hitzartutakoa bete behar dela eman zuen aditzera, hots, 2008ko bukaerarako bake akordioa lortzea eta estatu palestinarra sortzea. «Iritsiko da eguna Bi Estatuen Aterabidea ezingo dena gauzatu, eta orduan Hegoafrikan izan zuten gatazka izango dugu, boto eskubide berdintasunagatik. Hori gertatzean Israelgo estatuarenak egingo du».

«Erakunde juduak, AEBetan dugun sostengu nagusia, lehenak izango dira gure kontra jotzen, esango baitute ezin dutela sostengatu biztanle guztientzako boto eskubide berdintasuna ez duen estatu ez demokratiko bat». Olmerten esanetan, duela lau urte ideia bera azaldu zuen beste elkarrizketa batean, artean Ariel Sharon lehen ministroaren ondokoa zela.

Egun 1.400.000 israeldar-palestinar bizi dira Israelek 1948an okupatutako lurretan. Maiz salatu izan dute bigarren mailako hiritar gisa tratatzen dituztela. Alderdi sionistei -laboristak edota Kadima, esaterako- bozkatzen ez dietenek alderdi palestinarrei bozkatzen diete; hauek 10 diputatu dituzte Israelgo Legebiltzarrean.

Olmertek aipatutako Bi Estatuen Aterabidearen arabera, Israelen ondoan sortuko da estatu palestinarra, hark 1967an okupatutako lurretan. Haatik, Israelek dio Jerusalem ekialdea ezin dela palestinarren hiriburua izan, eta Zisjordanian dituen kokagune multzo nagusiak atxiki nahi ditu.

Estatu Binazionalaren Aterabidea proposatzen dute beste batzuek -israeldar zein palestinar-, bi herriak estatu laiko eta demokratiko batean eskubide berdinekin elkarren ondoan bizitzeko. Beste palestinar batzuek (Hamas eta Jihad Islamikoa) Palestina osoan estatu islamikoa eratu nahi dute, kristau eta juduen eskubideak bermatuta.



ANNAPOLISEN EMAITZAK. Annapolisko konferentziaren emaitzez mintzo, Olmertek azaldu du «israeldarren itxaropen gisa jo zitezkeenak baino gehiago» lortu dutela Tel Aviveko ordezkariek. «Haatik, horrek ez dizkigu kentzen negoziazioetan izango ditugun oztopoak; negoziazioak zailak eta konplexuak izango dira, eta pazientzia eta sofistikazio dosi handiak beharko ditugu». Gainera, «orain solaskide bat» dutela nabarmendu du, Abbasi erreferentzia eginda. «Solaskide ahula da, ez kualifikatua, eta [Erresuma Batuko lehen ministro ohi] Tony Blairrek dioen bezala, oraindik lanabesak atondu behar ditu, eta baliteke hori ezin burutu ibiltzea. Baina nire ardura da hark tresnak jasotzea eta akordio baten ildo nagusien inguruan elkar ulertzea lortzea».

Badil erakunde palestinarraren arabera, Annapolisko negoziazioetan Israelgo Atzerri ministro Tzipi Livnik PANeko ordezkariei exijitu zien aurrerantzean palestinarrek ez dezatela inoiz Nakba hitza erabili. Hitz arabiar horrek Hondamendia esan nahi du, eta 1948an Israel sortzeak palestinarrei eragindako ihesa eta lur, etxe nahiz aberriaren desjabetzea adierazten du.



PALESTINAREN ZATIKETAREN URTEMUGA. NBEk Palestina historikoa zatitu zuenetik 60 urtera, eta erakundeak proposatutako Herri Palestinarrarekiko Elkartasun Egunaren kariaz, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek gatazka konpontzeko prozesua laguntzeko eskatu du. Hamasek salatu du AEBek nahi izan dutela Annapolisko konferentziak eta zatiketaren urtemugak denboran bat egitea, «kausa palestinarra suntsitzeko».

Bestalde, Israelgo armadak Hamaseko lau kide hil ditu Gazan.



60 urte

zatitua eta urratua
1947ko azaroaren 29an Palestina historikoa zatitu zuen NBEk; arabiarrak gehiengoa izan arren, juduei eman zien lur zatirik handiena.
j.m.s.

Auzi judua delakoa eta Europako leku askotan jazarria zegoen komunitate baten sufrimendua konpontzeko, herri baten -palestinar arabiarra- sufrimendua eragin zuten munduko potentziek, sortu berria zen Nazio Batuen Erakundearen bidez. 1947ko azaroaren 29an gertatu zen, New Yorken, 181 ebazpena onartzean. Britainiarren okupazioaren eta sionisten kolonizazioaren biktima zen herriari ez zioten bere iritzia galdetu.

Ebazpenak 33 estatu kideren babesa, 13ren errefusa eta abstentzio bat jaso zituen. Zatiketaren ondorioz, populazioaren %70 ziren palestinar arabiarrek (lurren %92ren jabe) soilik herrialdearen %43 izango zuten, estatua eratuz gero. Aitzitik, populazioaren %30 ziren palestinar juduak nahiz etorkin juduak (lurren %8ren jabe) lurralderik zabalena izango zuten, %55, baita lurrik onenak ere.

Jerusalem eta Belen nazioartearen kontrolpean jartzea, Corpus Separatum gisa, ebatzi zuen NBEk. Antzinatetik Palestinan bizitzen segitzen zuen komunitate judu txikiari etorkin juduen olde handia erantsi zitzaion mugimendu sionista XIX. mendeko bukaeran lurrak erosten eta koloniak eraikitzen eta XX. mende hasieran britainiarrei presio egiten hasi zenetik. Tsarren Errusiak juduen kontra eginiko pogrom edo jazarpenetatik eta Alemania naziak eginiko Holokaustotik ihesi iritsi ziren milaka eta milaka judu Palestinara. Buruzagi sionistek eta hauen aliatuek jazarpen eta sarraskien karta erabili zuten Palestinan «juduentzako aberria» eraikitzeko konbentzitzeko. Sionisten lelo bat, Aberri bat lurrik gabeko herriarentzat herririk gabeko lur batean, gauzatzen saiatu ziren, eta lelo hori gezurra bazen ere, nazioartearen babes zabala jaso zuten.



ZATIKETAREN ONDORIOAK. Sionistek, taktikoki, NBEren plana onartu zuten. Palestinarrek eta gainerako arabiarrek, ordea, errefusatu egin zuten. Ordu arte, liskarren bat kenduta, harmonian bizi ziren palestinarrak, arabiar (musulman eta kristau) zein judu izan. Sionismoak eta NBEren planak, aldiz, gauzak erabat aldatuko zituen.

1948ko maiatzaren 15ean sionistek Israelgo estatu independentea aldarrikatu zuten. Arabiarrek ez zuten estaturik eratu. Milizia sionistek lehenagotik garbiketa etnikoa hasia zuten, eta aldarrikapen horren ondorioz, palestinar arabiarrek eta inguruko bost estatu arabiarrek gerra deklaratu zioten Israeli. Alta, arabiarrak, kolonialismotik askatu berriak, gaizki prestatuta zeuden, eta israeldarrek, AEBen eta Txekoslovakiaren laguntza ekonomiko eta militarrari esker, gerra irabazi zuten. Palestinaren %78 (NBEk emana gehi %35) eskuratuta. 750.000 palestinar errefuxiatu bihurtu ziren.

1977ko abenduan NBEk ebatzi zuen Herri Palestinarrarekin Elkartasun Eguna egitea urtero azaroaren 29an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.