Olus eta Nikosen lurrean mugak

LARNAKA
2003ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Hau nire anaia Olus da». «Eta hau nire anaia Nikos». Ohiz kanpoko modu horretan aurkeztu diote bere burua elkarri bi irakaslek, bata zipretar-greziarra eta bestea zipretar-turkiarra. Zipre iparraldeko eskola bateko ikasleak Larnaka hiri hegoaldeko eskolara iritsi dira bisitan. Ez dago dudarik. Zipreko bi aldeen arteko harremanetan garai berriak dira. Uhartea Greziarekin batzearen aldekoek estatu kolpea egin ondoren 1974. urtean Turkiako Armadak iparraldea okupatu zuenean, Zipre bitan zatikatua gelditu zen. Orduan NBE Nazio Batuen Erakundeak oraindik ere indarrean dagoen misio bat ezarri zuen, historiako luzeena. Ondoren sortu zen soilik Turkiak onartzen duen Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarra.

Rauf Denktashek hogei urte daramatza agintean. «Orain galdu egingo du. Ziur naiz». Oposizioari babesa ematen dion Kemal gaztearen hitzak dira. Gaur bozak daude Zipreko iparraldean. Kemalen itxaropena gauzatzen bada, Europako Batasunarekiko harremanek beste bide bat hartuko lukete, hain zuzen ere, zipretar-turkiar agintariek nahi ez dutena. Oposizioko alderdiek, alta, gero eta babes handiagoa dute, eta azken asteotan milaka pertsona bildu dituzte mitinetan, blokeoaz guztiz aspertuta.Zipretar-greziarrek Europako per capita errenta handienetakoa dute. Iparraldeko aldean, berriz, nazioarteko blokeoa ezarrita dago. Joan den apirilean agintari zipretar-turkiarrek mugak ireki zituzten. Ordu arte soilik atzerritarrek gurutzatzen ahal zuten muga, ordu gutxi batzuetarako, gainera.

Maiatzean, EBko kide

Larnakako eskolako arduradunak begietan emozio malkoak ditu: «Herritar askok beste komunitatearekin harremanetan jarri nahi dute,baina beti nagusitzen da politika».

«Lehen kasko urdinen kontrol eremuan egin behar genituen ikasleen arteko trukeak», zehaztu du irakasle batek.«Zipreko herritarroi burua berotu digute. Beti egon da propaganda. Umeak garenetik historiaren erdia baino ez dugu entzuten. Duela hiru urtera arte gu onak ginela pentsatzen nuen», azaldu du beste irakasle batek.Bost hilabete barru, maiatzean, Zipre Europako Batasunean sartuko da, beste bederatzi herrialderekin batera. Alta, gauzek bere hartan segitzen badute, Europako legediak ez du eraginik izango iparraldeko aldean. Egoera paradoxikoa da oso. Europako Batasuneko negoziatzaileek ere trabak aurkitzen dituzte; izan ere, iparraldearekin harremanik izateak Errepublika onartzea esan nahiko luke. Era berean, burokratak ezin dira bildu iparraldeko ministroekin, ez modu ofizialean bederen, eta ezin dute muga bere izenez deitu.Baina muga, egon, badago. Nikosia zatitua dagoen munduko azken hiria dela esaten da, 1974. urtean trazaturiko Lerro Berdeaz zatikatuta dagoen hiria.Greziako azken kontrola pasa ostean, turkiarren sarraskiak agerian jartzen dituzten margo batzuek atentzioa ematen dute. Beste aldean, beste horrenbeste gertatzen da, baina aldrebes. Erdian, inorena ez den lurra: Ledra hotela, NBEko misioaren kuartel nagusia izan zena.Varosha hirian zatiketa nabarmenago egiten da. Turkiako Armadak okupatu zuen Famagusta kostaldeko eremu turistikoaren hiri zipretar-greziarra. Milaka greziarrek Varoshatik alde egin behar izan zuten. Geroztik hiri fantasma bihurtu zen Varosha, hesiz inguratutako hiri fantasma. Laster bueltatuko al dira garai bateko herritarrak hara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.