Onik iritsi dira Venezuelara FARCen menpe zeuden Clara Rojas eta Consuelo Gonzalez

FARCek, ELNk, paramilitarrek eta bestelako taldeek orotara 3.000 lagun dauzkate bahituta Kolonbian

arantxa elizegi egilegor
2008ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Clara Rojas eta Consuelo Gonzalezek sei eta zazpi urte egin dituzte, hurrenez hurren, FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren menpe. Baina azkenean aske dira. Venezuelako presidente Hugo Chavezek eta Kolonbiako Gobernuak elkarlanean egindako operazioa atzo amaitu zen, Rojas eta Gonzalez Caracasen beren familiekin elkartu zirenean.

Herenegun gauean jakinarazi zuen Chavezek FARC bahituak askatzeko prest zela. Atzo eguerdirako, berriz, dena prest zegoen bi bahituen bila joateko. San Jose del Guaviaren, Kolonbian, bildu ziren Venezuelatik joandako Gurutze Gorriaren MI17 airekoak. Han ziren, halaber, operazioan parte hartuko zuten ordezkariak: Venezuelako Barne ministro Ramon Rodriguez, Kolonbiako presidentetzako kide bat, Kubak Caracasen duen enbaxadorearen laguntzailea eta hainbat mediku eta erizain. «FARCeko taldeko burua agurtu dut, baita Clara eta Consuelo ere. Hunkituta zeuden. Rodriguez ministroak esan dit ondo daudela», adierazi zuen Chavezek Barne ministroarekin telefonoz hitz egin ostean.



OPERAZIO MILITARRAK, ETENDA. Trukean arazorik egon ez dadin, Kolonbiako armadak operazio guztiak eten ditu Guaviaren ordubetez. Defentsa ministro Juan Manuel Santosek azaldu duenez, San Josetik ehun bat kilometrora askatu dituzte gerrillariek bahituak, La Paz eta Tomachipan herrien artean, soilik indigenak bizi diren eremuan. Handik zuzenean Venezuelarantz joan dira bi helikopteroak.

Gaur egun, Kolonbian hiru bat mila bahitu daude FARCen, ELNren, paramilitarren eta bestelako talde armatuen esku. Hala ere, Venezuelak Kolonbian duen enbaxadore Luis Fernando Marinen iritziz, Rojas eta Gonzalez askatzearekin bat «ate bat ireki dute» gerrillariek. «Kolonbiako Gobernuak azaldu du aurrera egiteko gogoz dagoela; gerrillariek beste inor askatu nahi badute, prest dagoela».

Enbaxadorea ez ezik, Clara Rojasen ama ere pozik agertu da berriarekin. «Ez dago hitzik sentitzen dudana adierazteko. Orain nire lana Kolonbiako haur guztien alde lan egitea izango da», adierazi du Clara Gonzalezek. Patricia Perdomo Consuelo Gonzalezen alabak, berriz, iragarri du ez duela atsedenik hartuko FARCek bahitu guztiak askatu arte. «Honek bukatu egin behar du. Nire amak sei urte eta lau hilabete egin ditu gerrillaren esku. Denbora asko da».

FARCeko gerrillariak prest agertu ziren 50 bat bahitu Kolonbiak preso dituen 500 gerrillari ingururekin trukatzeko. Aurrerago, baina, 50 horiek 40 bilakatu ziren. Azken horietako hiru ziren Gonzalez, Rojas eta haren seme Emmanuel. Duela gutxi jakin da, ordea, Emmanuel Bogotan bizi dela 2005etik. Horiek hala, Bogotak bahituta dauzkan beste 700 lagunak askatzeko eskatu dio talde armatuari.

Rojasekin batera bahitu zuten Ingrid Betancourt aske utz dezaten eskatzeko batzordeak ere txalotu egin du operazioa, etaUribe eta Chavezi elkarlanean jarraitzeko eskatu die. «Ingriden eta beste bahituen alde ere ahalegin bat egitea espero dugu», nabarmendu du batzordeko buru Herve Marrok.AEBek beraiek ere eskertu egin dute Chavezen bitartekaritza.



«Clara Rojas eta Consuelo Gonzalez askatzearekin batera, ate bat ireki dute gerrillariek»

Luis fernando marin
kolonbiako venezuelaren enbaxadorea
«Ingrid Betancourten eta beste bahituen alde ere ahalegin bat egiteaespero dugu»

Herve marro
Betancourten aldeko batzordeko burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.