Migratzaileak

‘Open Arms’ ontzia atxikitzeko agindu du Italiako fiskal batek

Mediterraneoan erreskatatutako 100 migratzaileak Lampedusa uhartera eramateko agindu du Agrigentoko Fiskaltzak. Aurrez, Espainiako Gobernuak jakinarazi du Audaz ontzi militarra arratsaldean ateratzekoa zela migratzaileak hartzeko.

2019ko abuztuaren 20a
07:59
Entzun

Luigi Patronaggio Agrigentoko (Sizilia) fiskalburua Open Arms ontzian izan da gaur, Italiako hedabideek jakinarazi dutenez, eta horren ondoren hartu du erabakia: ontzia atxiki, eta migratzaileak Lampedusan lehorreratu. Efe agentziaren arabera, ontziak gutxienez bi aste egin beharko ditu Italian, fiskaltzak zigor kodearen 328. artikulua urratu ote den ikertu bitartean; hau da, funtzionario publikoei sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra ezartzen diena "justizia, segurtasun publiko, ordena publiko, edo higiene edo osasun arrazoiengatik" ezarritako betebeharrari muzin egiteagatik. 

Migratzaile ugarik itsasora jauzi egin dute Lampedusara igerian iristeko, eta horren ostean iritsi da Espainiako Gobernuaren jakinarazpena: Audaz izeneko bidaliko zuela Italiako uharte horretara, ontzian dauden ia 100 migratzaileen kargu egin eta Palmako portuan lehorreratu zitezen laguntzeko. Hori jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak: “Itsasontziarekin batera joango da Palmako porturaino”. Halaber, gaineratu du, erabaki honen bitartez Espainiak aste honetan bertan konponduko zuela OpenArms ontzian bizi duten “larrialdi humanitarioa”.

Espainiako Gobernuaren erabakiarekin sei egun itxaron beharko zuketen migratzaileek portu batean lehorreratzeko; izan ere, hiru egun barru iritsiko zatekeen Audaz ontzi militarra Lampedusa uhartera, eta beste hiru egun beharko zituzkeen Balearretara iritsi eta Palman porturatzeko. Bitartean, egoera gero eta larriagoa da itsasontzian: gaur, hamabost migratzailek baino gehiagok egin dute jauzi itsasora, Lampedusara igerian iristeko asmoz.

"Egoera kontroletik kanpo dago". Horrela definitu dute jasaten ari direna Open Arms ontziko kideek, hainbat migratzailek itsasora jauzi egin ostean. Bizi duten egoera larriari aurre egiteko asmoz egin dute jauzi migratzaileek: goizean goiz jauzi egin du batek, beste bederatzi migratzailek ondoren, eta jarraian beste hainbatek. Itsasontziko sorosleek eta Italiako kostazainek erreskatatu dituzte guztiak. GKEak sare sozialetan adierazi duenez, itsasora jauzi egin duten azken bost migratzaileak Lampedusako portura eraman dituzte.

Oraintxe, Lampedusatik 800 metrora dago itsasontzia, baina egun ugari daramatza han. Duela sei egun sartu zen itsasontzia Italiako uretan; izan ere, Matteo Salvini Italiako Barne Ministroak herrialdeko ur eremuan sartzeko debekua ezarri zion erreskateontziari. Lazioko Lurralde Auzitegi Administratiboak, ordea, bertan behera utzi zuen debeku hori, ontzia "ageriko zailtasun egoeran" dagoela eta barruan dauden pertsonek berehalako osasun arreta behar dutela ebatzita.

Uhartearen kostaldean daudenetik, migratzaile bat baino gehiago ebakuatu behar izan dituzte osasun arazoak direla eta. Kasurako, bart gauean bederatzi migratzaile eta laguntzaile bat ebakuatu behar izan dituzte. "Egoera hau jasangaitza dela ikusi nahi ez duena ez da gai besteen minarekiko enpatia izateko".

Beste tragedia bat, baieztatzeke

Alarm Phone erreskate taldeak jakinarazi duenez, litekeena da Libia parean ehundik gora migratzaile zeramatzan ontzi bat irauli izana. Twitterren azaldu duenez, arrantzale libiar batek eman du ezbeharraren berri. Ez dago baieztapenik oraingoz, ordea. Arrantzaleak adierazi du hiru pertsona salbatu zituela berak, eta beste hainbeste gorpu ikusi dituela. Nabarmendu du ontzian zihoazenak ehundik gora zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.