Protestak herrialde arabiarretan

Oposizioak Ajdabija hiri estrategikoa hartu du

Afrikako Batasunak eta Arabiar Ligak su-etena eskatu dute Libiako gatazkari konponbidea emateko

2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Nazioarteko koalizioak Ajdabija hiri estrategikoan Muammar Gaddafiren indarrak bonbardatu izanak oposizioari hiria hartzeko bidea ireki dio. Erreboltariek erregimenaren aldeko tropak kanporatzea lortu dute. Bi aldeek kontrolatutako eremuaren mugan dago Ajdabija. Hori horrela, Gaddafiren indarrak bertatik kanporatzea mugarria izan da Libiako gerran.

Iragan astean sartu ziren Tripoliko tropak Ajdabijan. Bertatik, matxinoen esku dagoen Bengazi ekialdeko hiriaren aurkako ofentsiba prestatu nahi zuen Libiako erregimenak. Bengazi da, hain justu, erreboltarien gotorleku nagusia. Duela astebete nazioartearen esku hartzea hasi zenetik, baina, gerraren norabidea aldatu egin da. Tripolik Ajdabijatik irten dela baieztatu du.

Garaipen erabakigarri horrekin adoretuta erreboltariek mendebalderantz jo dute. Ajdabijatik 80 kilometrora dagoen Brega hiria dute orain jomuga, eta oposizioko indarrek hiria hartzear daudela adierazi dute. Gaur goizerako euren eskuetan izatea espero dute. Bregaren ondotik, mendebalderago dagoen Ras Lanuf lukete helburu. Azken erasoaldian, hain zuzen ere, Ajdabijatik 200 kilometrotara dagoen hiri horretaraino heltzea lortu zuen oposizioak. Gaddafiren indarrak defentsiban daudela azaldu du Txamsiddin Abdulmla erreboltarien bozeramaileak; airez indarrik ez dutela nabarmendu du.

Gerraren beste fronte nagusia mendebaldeko Misratan dago, hiri hori baita mendebaldean oposizioaren esku dagoen bakarra. Gaddafiren tropek erasoaldiak egin dituzte egun osoan, baina nazioarteko koalizioak kontraofentsiba egin du eta Gaddafiren bonbardaketak geldiarazi ditu. Erreboltariek hirian egoera «oso larria» dela azaldu dute. Atzo, gutxienez bi zibil hil zituzten, eta aste osoan 115 lagun hil dituztela salatu du Misratako bizilagun batek. Ekialdeko eta mendebaldeko sarrerak kontrolatzen dituzte, oraindik Gaddafiren tropek eta hiriko hainbat eraikinetan frankotiratzaileak daude. CNN telebista katearen arabera, atzo, Gaddafiren frankotiratzaileek hogei lagun inguru zauritu zituzten.

Tripoli hiriburuan ere liskarrak jazo ziren atzo. Koalizioak hainbat bonba jaurti ditu, Gaddafiren indarrak geldiarazteko asmoz.

Esku hartzearen arrazoiak

Libiako gerran plaza funtsezkoa kendu diote Gaddafiri. Eta hori koalizioaren aire erasoei esker lortu dute. Gobernuak, hain justu, nazioarteko koalizioa erreboltariei herrialdearen jabe egiten laguntzen ari dela salatu du, eta ez soilik herritarrak babesten, 1973 ebazpenak biltzen duen bezala. Barack Obama AEBetako presidenteak, berriz, esku hartzea justifikatu du, eta azpimarratu du horri esker libiarrak salbatzen ari direla. Era berean, Gaddafi hiltzeko inolako asmorik ez dutela berretsi du.

AB Afrikako Batasunak eta Arabiar Ligak, bestalde, su-etena eskatu dute. Gatazka armatuak biktima gehiago eragitea saihestu behar dela defendatu dute. Herenegun, hain justu, Libiako gatazka konpontzeko bide orria aurkeztu zuen ABk eta Gaddafik onartu egingo zuela iragarri zuen. Libiako Gobernuak herritarren nahia beteko lukeen prozesu politiko bat garatzeko konpromisoa hartu beharko luke, bide orriaren arabera.

NATOk, bestalde, aire eremuaren debekua hiru hilabetez luzatuko dela aurreikusten du. Ostegunean nazioarteko operazioen gidaritza hartu zuen erakundeak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.