UKRAINAKO HAUTESKUNDEAK

Oposizioak bozetako emaitzen aurka borrokatzeko eskatu dio gizarteari

ESKEk irregulartasunak salatu ditu; Europako Batasunak emaitzak berrikusteko eskatuko du

Erredakzioa
2004ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ukrainako presidentetzarako hauteskundeen bigarren txandaren ostean, oposizioko buruzagiak, Viktor Jushtxenkok, bozen emaitza ofizialen aurkako «erresistentzia soziala» egiteko deia egin zien herritar guztiei atzo. Oposizioko buruak irabazitzat jo zituen igandeko hauteskundeak, «boto errealean» oinarrituta. Boto guztiak ez zeuden zenbaturik oraindik, baina botoen %99,14 zenbatuta, garaipena lehen ministro Viktor Janukovitxentzat zen, iturri ofizialen arabera. Ordu arteko zundaketek Jushtxenko ematen zuten garaile.

Hamar mila ukrainarrek babesa eman zioten atzo Jushtxenko hautagaiari. Kieveko Independentzia plazan egindako agerraldian, «Ukrainak bere botoa eta herriaren borondatea» defendatzen jakingo zuela aldarrikatu zuen Jushtxenkok jarraitzaileen aurrean. Bestalde, jakinarazi zuenez, bere alderdiak ezohiko bilera eskatuko du Parlamentuan, iruzur salaketak aztertzeko. Horretaz aparte, Jushtxenkoren aliatu Julia Timoshenkok, herritar guztiei muga gabeko grebarako deialdia luzatu zien. Hala, «lan eta hezkuntza arloa» bertan behera geldituko lirateke. Herritarrek protesta egin behar zutela nabarmendu zuen Timoshenkok: «Gure garaipena gaur Kievera iristen den jende kopuruaren eta kanpin-dendetan erresistitzeko daukaten ahalmenaren araberakoa izango da». Janukovitxek oposizioaren eskaerak kontuan hartu ezean trenbideak, errepideak eta aireportuak etengo zituztela ohartarazi zuen Timoshenkok.Plaza berean, hauteskunde batzordeak iruzurra egin zuela salatu zuen Jushtxenkok. Bere esanetan, Ukrainako eskualde batzuetan, hain zuzen, Donetsk, Lugansk, Nikolajevsk eta Sumiko eremuetan, partze-hartzea puztu zutela esan zuen oposizioko buruzagiak. Bere esanetan, eskualde hauetako hauteslekuetan ez zuten utzi ikuskatzailerik sartzen eta, beraz, 2.500 ikuskatzaile baino gehiagok kanpoan gelditu behar izan zuten. Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak, ESKEk, Ukrainako hauteskundeen emaitzek «sinesgarritasun falta» zutela adierazi zuen atzo idatzi batean. Idatzian aipatzen zenez, bozen emaitza, ez zen «guztiz garbia». ESKEko buruzagi Bruce Georgek hauteskundeen «gardentasun eza» nabarmendu zuen. Georgeren arabera, Ukrainako hauteskudeen lehenengo buelta ere dudagarria izan zen. Bestalde, Janukovitxen aurkako salaketetan auzitegiek beti arrazoia hautagai ofizialari eman diotela salatu zuen eta komunikabideek ere lehen ministroaren alde egin dutela. ESKEk salatu zuenez, hauteslekuetan zeuden begiraleetatik %40k ez zuten baimenik han egoteko; horien artean, poliziak eta tokian tokiko agintariak.

EB-Kiev harremana kolokan

Europako Batasuneko Atzerri ministroek hauteskunde prozesua eta emaitzak berrikusteko eskatu zioten atzo Kieveko gobernuari eta Ukrainako enbaxadoreei biltzeko deia egin zieten, kezken berri emateko. Herbehereetako Atzerri ministroak gogorarazi zuen, EBko lehendakaritzaren izenean, abenduan berriz aztertuko dituela Bruselak Ukrainarekiko harremanak eta okertzeko arriskua dagoela. Hala ere, lasaitasuna eskatu zien herritarrei.

Europako Kontseiluko Biltzar Parlamentarioko delegazioko zuzendari Doros Christodoulidesek ontzat jo zuen bigarren itzulian telebistaz hautagai nagusien arteko mahai-ingurua egin izana. Baina, kanpainan erabili zen hizkuntza «penagarria» zela gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.