UKRAINA

Oposizioak manifestaziora deitu du, 'iraultza laranja' ospatzeko

Bi hautagaiek aurrez aurreko azken eztabaida egin dute bozen aurretik

Erredakzioa
2004ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Presidentetzarako hauteskundeen azkeneko txanpan datorren igandean errepikatuko dira bigarren txandako bozak Viktor Janukovitx eta Viktor Justxenko aurrez aurre izan ziren atzo telebista publikoan. Eztabaida zuzenean eman zuten eta interes handia piztu zuen herritarren artean. Kanpainaren puntu gorena izan zen.

Justxenkoren pozoitzea berretsi zutenetik, hautagaiak aurrez-aurre biltzen ziren lehen aldia izan zen. Iragan azaroaren 21ean egin ziren bozen aurretik egindako azken eztabaida boza emateko adinean dagoen biztanleriaren erdiak ikusi zuen. Ikus-entzuleak gehiago izan ziren atzo telebistari begira.Oposizioaren arabera, Justxenko izango da bigarren txanda horretako garaile eta %16 baino gehiagoko aldea izatea espero dute. Bitartean, Gizarte Ikerkuntzarako Institutuak botoen %49,4a Justxenkorentzat eta %39a Janukovitxentzat izango dela aurreikusten du. Iruzurra berriz ez gertatzeko, nazioarteko 7.000 behatzaile baino gehiago izango dira.Boto berriak eskuratzeko asmoz, bi hautagaiek kanpaina berregituratu dute. Justxenko, ekialdera joan da boto bila. Izan ere, ekialdean errusieraz hitz egiten da eta tradizioz Janukovitxen aldeko eremua da. Justxenko, berriz, Europako demokrazia eta ekonomia liberalaren aldekoa da eta ekialdeko botoa lortzeko, estatuaren babesa eskaini du hango industria bultzatzeko.Bestalde, Janukovitx oraingo erregimenaren kontrako jarrera agertzen saiatu da. Aurkariaren pozoitzean ez zuela parte hartu esateaz gain, Leonid Kutxma presidente ohiak traizioa egin ziola salatu du. Bi hautagaien aldekoak kanpaina egiten dihardute. Justxenkoren jarraitzaileek, Dnipropetrivsk hirira egin dute bisitaldia eta Donetsera joateko asmoa daukatela adierazi dute. Oposiziokoek,aldiz, manifestazioa deitu dute biharko Kieveko Independentzia plazan. Hauteskundeetako iruzurraren ostean sortutako erresistentzi kanpaina dela eta, laranja-koloreko iraultzaren lehen hilabetea ospatuko dute. Hauteskunde garbien alde lelopean, 300.000 pertsona biltzea espero du oposizioak. Azaroaren 21eko egoera berriz gertatuko balitz jendearen erantzuna orain arte egindako kale-agerraldi baketsuen oso bestelakoa izango litzatekeela adierazi dute oposizioko kideek. Juri Lutsenko sozialistak kezka azaldu du, manifestazioak bi alderdietako jarraitzaileen arteko tentsioa areagotu ditzakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.