Bayrouk murrizketak iragarri ostean, oposizioak mehatxu egin du zentsura mozio bat aurkeztuko duela

Frantziako lehen ministroak 43.800 milioi euro aurreztu nahi ditu herrialdearen zor publikoa murrizteko. Horretarako, pentsioak izoztuko ditu, lanpostu publikoak murriztuko ditu eta osasunera eta gizarte politiketara bideratutako gastua apalduko du.

François Bayrou Frantziako lehen ministroa atzo, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
François Bayrou Frantziako lehen ministroa atzo, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko uztailaren 15a
20:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako Gobernuak zor publikoa murriztu nahi du, eta horretarako plan bat aurkeztu du gaur François Bayrou lehen ministroak: datozen lau urteetan, urtero, 43.800 milioi euro murriztu nahi ditu herrialdeko aurrekontuak. Helburu hori gogoan, iragarri du pentsioak izoztuko dituela, lanpostu publikoak murriztu, eta osasuneko eta gizarte politiketako gastua apaldu. Gainera, bi jai egun nazional kentzeko aukera ere proposatu du. Neurri horiek ezinegona eragin dute oposizioan: RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak zentsura mozio bat aurkeztuko duela adierazi du, eta LFI Frantzia Intsumisoa mozioa babesteko prest agertu da.

RNko buru Marine Le Penek sare sozialetan ohartarazi duenez, Bayrouk atzera egiten ez badu, eskuin muturreko alderdiak haren aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko du. Ezkerreko alderdiak ere ez dira ados agertu lehen ministroak iragarritako neurriekin. LFIko buru Jean Luc Melenchonek sare sozialetan adierazi du Bayrou «kaleratu» egin behar dela: «Politika macronistak muturreko burugabekeriara daramatza Bayrouk: estatua eta zerbitzu publikoak suntsitu, eta merkatuari bide egiteko».

Frantziako Asanblean diputatu gehien duen alderdia da RN —124—, eta ezkerreko alderdi nagusia da LFI —71 ordezkari—. Baina ganbera horrek 577 aulki dauzka, eta, beraz, 289 boto behar dira gehiengoa lortzeko. Zentsura mozio batek aurrera egiteko ezinbestekoa da PS Alderdi Sozialistak hori babestea —66 eserleku—. Talde parlamentario sozialistaren presidente Boris Vallaudentzat «onartezina» da Bayrouk aurkeztutako plana, eta alderdiko buru Oliver Faurek ere neurriak kritikatu ditu sare sozialetan. Halere, ez batak ez besteak ez dute argitu PSk Bayrouren aurkako zentsura moziorik babestuko duen ala ez.

Iazko abenduaren 4an, Michel Barnier aurreko lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa babestu zuten RNk, LFIk, PSk, ekologistek eta oposizioko gainerako alderdi guztiek. Bayrouk abenduaren 13an hartu zuen lehen ministro kargua; ordutik haren aurka ere aurkeztu dituzte zenbait zentsura mozio, baina orain artekoek ez dute aurrera egitea lortu.

Bayrouk azaldu duenez, Frantziak mende erdi darama aurrekontu orekaturik aurkeztu gabe, eta defizit hori zor publikora gehituz doa: «Defizitera ohitu gara», adierazi du lehen ministroak. Egun, Frantziak 3,3 bilioi euro baino gehiago zorra du, hau da, BPGaren %114. Horrek zer esan nahi duen argitu du lehen ministroak: «Esan nahi du zorrak balio handiagoa duela urtebetean herrialdean ekoizten den guztiak baino».

IRAGARRITAKO NEURRI EKONOMIKOAK

Hona hemen Bayrouk iragarritako neurri nagusiak.

GASTUA

  • Estatuaren gastua izoztea 2026an, gastu militarrean eta zorraren ordainketan izan ezik.

  • Pentsioen, funtzio publikoko langileen soldaten, gizarte prestazioen eta zerga baremoaren zenbatekoak izoztea.

     

  • Hurrengo urteetan erretiroa hartzen duten hiru funtzionariotik bat ez ordezkatzea.

     

  • Tokiko, departamentuetako eta eskualdeetako erakundeetan guztira 5.300 milioi euro aurreztea.

     

  • Gaixo kronikoentzako edo zainketa asko behar dituztenentzako medikamentuen gehieneko ordainketa urtean 100 eurora igotzea —gaur egun 50 euro dira—.

  • Gaixotasunagatiko lan baimenen amaiera arintzea.

DIRU SARRERAK

  • Elkartasun ekarpen bat ezartzea errenta handienak dituztenei, eta ekoizpenekoak ez diren ondareen gehiegizko optimizazioaren aurka borrokatzea.

  • Iruzur fiskalaren aurkako borroka handitzea eta diruaren berreskuratze maila handitzea.

  • EBtik kanpoko —batez ere Txinako— merkataritza elektronikoko pakete txikien gaineko tasa bat ezartzea

    .

PRODUKTIBITATEA

  • Urteko 11 jaiegun ofizialetatik bi kentzea.

  • Enpresek bete beharreko burokrazia administratiboa sinplifikatzea.

  • Elkarrizketa soziala abiaraztea langabezia sistema erreformatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.