Oposizioak Zimbaweko bozen garaipena aldarrikatu du, datu ofizialen esperoan

Mugabe eta Tsvangirairen alderdiak berdinduta daude Legebiltzarrerako bozetako lehen emaitzen arabera

2008ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Emaitza ofizialak eman gabe garaipena aldarrikatzen duenak estatu kolpearen alde egiten duela ziurtatu du Zimbaweko Gobernuak. Oposizioa, ordea, hauteskunde iruzurraren beldur da; horregatik, kalkuluak egin ditu, eta bozetan Morgan Tsvangirai MCD Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko presidentetzarako hautagaiak hauteskundeak irabazi dituela ziurtatu du. Botoen %60 Tsvangiraik lortu ditu, eta Robert Mugabe orain arteko presidenteak %30 baino ez, Tendai Biti MDCko idazkari nagusiak adierazi duenez. 128 barrutitako datuetan oinarrituz, 96 eskuratu ditu Tsvangirairen alderdiak, Bitiren hitzetan. Legebiltzarra 210 eserlekuk osatzen dute, beraz, horko garaipena ez dute segurtatuta oraindik.

Iragan larunbatean bozak-presidentea, legebiltzarkideak, senatariak eta zinegotziak aukeratu zituzten- egin zituztenetik Hauteskunde Batzordeak ez ditu behin betiko emaitzak eman. Hain zuzen, boto zenbaketa ohi baino luzeago doalako, Mugaberen gobernuak iruzurra egingo duela susmatzen hasi da oposizioa. 2002an egindako presidentetzarako bozetan Gobernuak hauteskunde egunean bertan eman zituen emaitzak argitara. Bat dator oposizioarekin ordukoa hauteskunde iruzurra izan zela. 2005eko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere emaitzak manipulatzea egotzi zioten Gobernuari. «Inork ez du bozkatu Mugaberen alde, baina emaitzak haren aldekoak izateko azpilanean ari dira», salatu du Bitik.

Emaitza definitiborik ezean, Hauteskunde Batzordeak Legebiltzarrerako bozen lehenengo emaitzak eman zituen atzo. Hogei bat hauteskunde barrutitako botoak zenbatuta, MCDri eta ZANU-PF Zimbaweko Afrikako Batasuna- Fronte Abertzaleari hamabina eserleku aitortu dizkie. ZANU-PF da agintean dagoen alderdia. Gainera, ofizialak ez diren datuak emateri uzteko eskatu dio MCDri, emaitzak emateko baimena Hauteskunde Batzordeakberak baino ez duela nabarmenduz.

Ikuskatzaile independenteek ez dute ulertzen zergatik atzeratu den hainbeste botoen zenbaketa.Lehenengo datuak larunbat gauean bertan Hauteskunde Batzordeko egoitza nagusira iritsi zirela gogorarazi dute. Hala ere, Sijanyiso Ndlovu Informazio ministroak pazientzia eskatu die herritarrei: «Ez genuke Hauteskunde Batzordea estutu behar; datuak iritsi ahala emango dute emaitzen berri».

Tsvangirai eta Mugabez gain, Simba Makoni Finantza ministro ohi eta hautagai independentea presidente kargua eskuratzeko lehiatu direnen artean dago. Hiruretako batek ere ez badu botoen %50 eskuratzen, bigarren itzulia egin beharko dute.

Mugabe presidente izan da herrialdeak 1980an independentzia lortu zuenetik. Mugaberen garaipena baino ez dutela onartuko ziurtatu dute Gobernuak nahiz armadak.



KENYAKO LISKARRAK GOGOAN. Soldaduek Harare, Zimbaweko hiriburua, hartua dute. Emaitza ofizialak eman arte garaipena aldarrikatzeko debekua ezarri dute, eta, hala eginez gero, estatu kolpetzat joko dutela ohartarazi. Horregatik guztiagatik, datozen orduetan gertatuko denaren beldur dira gehienak, Kenyako hauteskundeen ondotik izandako liskarrak gogoan. Izan ere, hauteskunde iruzurra gertatuz gero, protestak egingo dituela ohartarazi du oposizioak, eta, dirudienez, Mugabe edozer egiteko prest dago ahots kritikoak isilarazi eta seigarren aldiz presidente kargua eskuratzeko.

Europako Batzordeak, berriz, iruzurren gaineko espekulazioak saihesteko emaitzak ahalik eta azkarren emateko eskatu dio Zimbaweko Hauteskunde Batzordeari.



«Inork ez du bozkatu Mugaberen alde, baina emaitzak haren aldekoak izateko azpilanean ari dira»

tendai biti
MCD alderdiko idazkari nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.