Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentetza hauteskundeen irabazlea Joseph Kabila egungo presidentea izan da, emaitza ofizialen arabera, botoen %49rekin. Etienne Tshisekedi oposizioko lider nagusiak, ordea, ez ditu emaitzak onartu, eta presidente izendatu du bere burua —botoen %32 eskuratu ditu—. «Emaitzak gure herriarentzat probokazio bat direla uste dut, eta erabat errefusatzen ditut», adierazi du Tshisekedik. Iragan azaroaren 28an egin ziren bozak, eta oposizioko taldeek Kabilaren aldeko iruzurra salatu zuten. Tentsio eta liskarrengatik, atzora arte gibelatu zuten emaitzen jakinarazpen ofiziala, eta, espero bezala, lehen istiluak berehalakoan lehertu ziren.
Indarkeria kanpainan lehertu zen estatuko indarren, oposizioko manifestarien eta hainbat milizia talderen artean. HRW Human Rights Watchen arabera, gutxienez hemezortzi lagun hil ziren aldi horretan. Bozen ondorengo egunetan ere istilu ugari izan ziren, batez ere Poliziaren eta Tshisekediren jarraitzaileen artean. Horiek adierazi zuten emaitzak Kabilaren aldekoak baziren ez zituztela onartuko. Atzo tiro hotsak aditu ziren Tshisekediren etxe inguruan. Lekukoen arabera, Polizia aritu zen tiroka Tshisekediren jarraitzaileak sakabanatzeko asmoz. Era berean, ibilgailu militarrak Kinshasa hiriburuan etengabeko joan-etorrian ibili ziren egun guztian.
Gerra zibilerako arriskua
Tshisekediren aldarrikapenak gerra zibila pitz dezake Kongon. Azken hamabortz urteetan bi gerra zibil pairatu ditu herrialdeak: bata Mobutu Sese Sekoren erregimena amaiarazi zuena (1997), eta bertzea Laurent Desiree Kabilak —egungo presidentearen aitak— boterea hartu zuenean sortutakoa (1998-2003). Denera bortz milioi lagun inguru hil ziren aldi horretan. Hain zuzen, bozen helburua zen azken gerra zibilaren ondorengo trantsizio aldia azkartzea. Presidentearen kargu hartzea hilaren 20an izanen da, eta Auzitegi Gorenak epe horretarako berretsi behar ditu emaitzak.
Oposizioko buruak Kongoko presidente izendatu du bere burua
Emaitza ofizialek Kabila egungo agintariaren garaipena berretsi arren, Tshisekedik iruzurra salatu eta ez ditu onartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu