Klima larrialdia

Orain arteko tenperaturarik altuena neurtu dute ozeanoen gainazalean

Batezbesteko tenperatura 20,96 gradura heldu da aste honetan, eta adituek ohartarazi dute igo egingo dela datozen hilabeteetan.

Urpekari bat itsas-hondoa garbitzen, Rosario uharteetako kostaldean, Kolonbian. ELKIN CASTRO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko abuztuaren 4a
17:32
Entzun 00:00:0000:00:00

Ozeanoen gainazaleko tenperaturarik altuena neurtu dute aste honetan: 20,96 gradu. Zientzialarien arabera, El Niño fenomeno atmosferikoak ere badu zeresana ozeanoen berotzean, baina horri gehitu behar zaizkio klima larrialdiak eragindako aldaketak. Aurrez, 2016an neurtu zuten orain arteko tenperaturarik altuena, 20,95 gradukoa, eta orduan ere El Niño fenomenoa zegoen indarrean. Hala ere, zientzialariek ohartarazi dute ozeanoetako tenperaturak igotzen jarraituko duela datozen hilabeteetan, eta errekorra behin eta berriz gaindituko dela, izan ere, martxoan heldu ohi da ozeanoetako tenperatura maila gorenera.

«Zenbaki horietara orain iritsi izanak kezkatzen nau, izan ere nork daki noraino helduko diren tenperaturak hemendik martxora bitartean», ohartarazi du Samantha Burgessek, Eruopako Copernicus programako kideak. Burgessek azaldu du zenbat eta erregai fosil gehiago baliatu, orduan eta gehiago berotuko dela ozeanoetako ura, eta ondorioz, denbora gehiago beharko dela berotze hori moteldu eta lehengo tenperaturetara heltzeko.

Ozeanoek rol garrantzitsua dute kliman, beroa xurgatzen dutelako eta airea hozten, lurrazaleko tenperaturak freskatuz eta beroa eramangarriago eginez. Ozeanoak berotu ahala, ordea, gutxituz doa karbono dioxidoa xurgatzeko haien ahalmena ere, eta, beraz, berotegi gas kopuru handiagoa pilatzen da atmosferan. Horrez gain, ozeanoetako tenperatura igo ahala, azkarrago urtzen da poloetako izotza eta igoz doa itsasoaren maila.

Duela 150 urte hasi ziren ozeanoetako uraren tenperatura neurtzen itsasontziak baliatuta; duela berrogei urtetik hona, berriz, sateliteak eta buiak ere erabiltzen hasi dira horretarako. Datuak biltzen hasi zirenetik, 0,9 igo da ozeanoetako tenperatura; horietatik 0,6 azken lau hamarkadetan. Azken urteetan, gainera, ezohiko tenperaturak neurtu dira hainbat gunetan; iaz, esaterako, 38 gradu neurtu zituzten Floridako uretan, AEBetan.

Lehorrean bezala, itsasoan ere gero eta maizago gertatzen dira bero boladak. 2019an egindako ikerketa baten arabera, 2015 eta 2016 artean aurreko urteetan baino hiru aldiz bero bolada gehiago izan ziren. Bero bolada horiek lurrazaleko suteekin alderatzen dituzte zientzialariek, urpeko landaredia suntsitzera hel daitezkeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.