Protestak herrialde arabiarretan

«Orain zerbait egiten ari gara behintzat»

Kairoko erreboltak hasi zirenetik, Egiptoko herriarekiko elkartasun uholdea hedatu da herrialde arabiarretan. Zisjordanian, Palestinako Aginte Nazionala elkarretaratze ororen aurka egiten saiatu da.

Joan den larunbatean ehunka palestinarrek manifestazioa egin zuten Ramalan, Egiptoko herriaren alde. LAURA RIOJA.
Ramala
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Egipto herrialde arabiar handia da, eta palestinarrok harreman historikoak ditugu harekin. Horregatik, han gertatzen ari denak eragina du hemen». Uadee Hananik 28 urte ditu, eta Nabuluskoa da. Ehunka palestinarrek bezala, Egiptoko herriari kalean sostengua emateko beharra agertu du. «Pozik gaude, herrialde arabiarretan aldaketak egitea oso zaila dela dioen ideia desegin baitute gure lagun egiptoarrek; gainera, atzerriko esku-sartzerik gabe ari dira egiten». Azken hori palestinarrentzat ere bereziki garrantzitsua dela uste du Hananik. «Egiptokoak Palestinako Aginte Nazionalari eragingo dio, ziur, gure gobernua AEBek eta Israelek sortu zutelako. Egipto zen, berriz, Mendebaldeak eskualdean egiten zituen esku-hartze ororen aita. Horregatik, zaila den arren, espero dezagun kanpoko irizpideak segituko ez dituen presidente bat egotea Egipton. Horrek beldurtzen du PAN».

Duela bi astetik, Kairon erreboltak hasi zirenetik, Egiptoko herriarekiko elkartasun uholdea hedatu da herrialde arabiar gehienetan. Sare sozialek eta sakelako bidez bidalitako mezuek berebiziko garrantzia izan dute herri mobilizazioak antolatzeko orduan. Palestinarrak, ordea, Kairon gertatzen ari zenari buruz isilik zeudela zirudien, lehengo astean mobilizatzen hasi ziren arte.

Egiptok berebiziko garrantzia du eskualdean. Duela 30 urtetik, Hosni Mubarak boterera iritsi zenetik, Israelen aliatu fidela izan da, eta betekizun garrantzitsua izan du Palestinako auzian eta bake elkarrizketetan. Mubaraken erregimenak Israelekin dituen harreman onak denon ahotandira. PANeko buru Mahmud Abbasek berehala eskaini zion sostengua Mubaraki, eta Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan bakea lortzeko egindako ahaleginak goraipatu zituen. Kalera atera diren palestinarrek uste dute boterea galtzeko beldur dela PAN. Bien bitartean, Anaia Musulmanekiko sostengua haziz doa. Zurrumurruek diotenez, Israel PANeko presidenteari presio egiten ari da Egiptoren alde antolatutako mobilizazio oro debekatzeko.

Haserrea kaleetan dago, ez dugu nahi ez Mubarak, ez bestelako erregimen faxistarik. Osloko Akordiorik ere ez dugu nahi. Hori idatzita zegoen 23 urteko gazte batek eusten zion pankartan, iragan larunbatean Ramalan egin zen manifestazioan. Mila lagunetik gora elkartu ziren hiriaren erdiguneko plazan. Gazteak eta emakumeak ziren gehienbat, eta Tunisiako, Egiptoko eta Palestinako banderen koloreak ikus zitezkeen haien artean. Egiptoko presidente ohi sozialista Gamal Abdel Naserren argazkiak ere ikus zitezkeen. Panarabismoaren sortzaileetako bat izan zen Naser.

«Orain zerbait egiten ari gara behintzat», dio Salma Kauasmi Ramalako gazteak. «Egipton gertatzen ari dena erabat sostengatzen dugu. Okupazioaren azpian dagoen herria garen heinean, badakigu zer den sufrimendua. Palestinarrek aldaketa eta demokrazia nahi dugu». PANen jarrera salagarria iruditzen zaio Kauasmiri. «Geure Polizia geure aurka dago. Egurtu egiten gaitu, eta herritarrak atxilotzen ditu». Hanani nabulustarra ere kritikoa da Poliziaren jarrerarekin, baina ez dagoela harrituta dio. «Jendea jo eta atxilotzeko erreakzioa hemen ohitzen ari garen bizitza ereduarekin bat dator. Palestinako Gobernua, azken finean, ez da ezer, horrelako egoeretan zerbait dela uste duen arren. Uste dut oraindik badugula espazioa eta aukera geure Polizia aldarazi eta geure alde jartzeko».

Iragan asteazkenean, Palestinako Poliziak lau gazte atxilotu eta beste bi identifikatu zituen elkarretaratze baketsu batean, Ramalan. Protestan 200 lagun inguru zeuden, 70 poliziak inguratuta. Tentsio handia egon zen elkarretaratzeak iraun zuen ordu erdian, eta polizietako batek manifestariei oihu egin zien. «Horrelako ekintzekin Palestinari eta gainontzeko herrialde arabiarrekin ditugun harremanei kalte egiten diezue, besterik ez». Egun horretan bertan, Betleemen ere jendea kalera atera zen, eta Haifan Israelgo arabiarrek elkarretaratzea egin zuten hiriko erdigunean. Ramalan larunbateko manifestazioa baimendu zuen PANek, baina bukaeran tentsio uneak izan ziren, Abbasen jarraitzaileek manifestariak iraindu zituztelako, eta zibil batek airera tiro egin zuelako.

Aldaketarako alternatiba

Protesta kalean dago, baina Egipton bezala, Hananik ez du argi nola antola litekeen alternatiba. «Anaia Musulmanak jostailu bat dira denentzat, Hamas PANentzat bezala. Era berean, Hamasek ere PAN erabili egiten du. Azken hori gehiago nabaritzen da Zisjordanian, Gazan baino». Hanani ezkerreko ideien aldekoa da. «Palestinan ezkerra ez dago antolatua, baina badago ezkerreko jendea. Hemen Egipton bezalako errebolta piztuko balitz, oso ezberdina izango litzateke, gu okupazioaren azpian gaudelako. Hori da oinarrizko ezberdintasuna».

Iritziak anitzak dira, ordea, palestinarren artean, eta denek ez dute Hananiren grina berbera ageri. «Mubarak ez da ona egiptoarrentzat, baina bai al dira Anaia Musulmanak?», dio Ramalako erdiguneko dendari batek. «Ni ez naiz Abbasen guztiz aldekoa, baina ez dut nahi Hamasek boterea hartzerik. Kristaua naiz, eta hemen, oraingoz, erlijio askatasuna dugu. Zer gertatuko litzateke gauzak aldatuz gero?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.