Atzo Sao Pauloko (Brasil) Congonhas aireportu ondoan hegazkin batek izandako istripu larriaren ondotik, su-hiltzaileek 182 gorpu berreskuratu dituzte, baina oraindik falta zaizkie batzuk, hildakoak 200 baino gehiago izan direlako.
Congonhas aireportua Sao Paulo hiriaren erdi-erdia dago, eta Brasilen inoiz izan den hegazkin istripu larriena gertatu zen atzo goizean. 186 bidaiari zeramatzan TAM konpainiako Airbusak lurra hartutakoan irrist egin zuen, sutan hasi, pistako segurtasun eremutik kanpora egin, eta hegazkin konpainia bereko biltegi baten kontra egin zuen. Eraikinean gasolindegi bat zegoen, eta eztanda handia izan zen. Hegazkineko bidaiari guztiak hil direla baieztatu zuten, eta horiez gain, oraindik zehaztu gabe dauden eraikineko hainbat langile; 55 lagun, behintzat, ari ziren lanean eraikinean.
Teknikarien ustez, hegazkinak abiadura azkarregian hartu zuen lur.
Eraikin zati bat erori egin zen sutearen ondorioz, eta gorpuak bilatzeko lana zaildu egin zuen, hondakinen eta burdinen artean egin behar izan dute lan suhiltzaileek eta poliziek. Aurkitutako gorpuak kiskalita daudenez, auzitegiko medikuek egun batzuk beharko dituzte gorpuak aztertzeko eta hildakoak identifikatzeko. 53 gorpu aztertu dituzte, oraingoz, eta haietako 12 baizik ez dituzte identifikatu.
Brasil
Oraingoz, 182 gorpu berreskuratu dituzte Sao Paulon
53 gorpu aztertu ondoren, 12 baizik ez dituzte identifikatu. 200 lagun baino gehiago hil ziren atzo hegazkin istripuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu