Aste honetan gertatzen dena erabakigarria izango da venezuelarren etorkizunari begira. Estatu kolpea bi egunotako gertaera planifikatuon ondorena bada, krisi politikoa desegonkortasun eternora bidera daiteke, edota bestela, etengabeko tentsioaren beste kapitulu batean geratu. Bigarren aukerak egiten badu aurrera, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak erabakiak hartu beharko ditu, eta krisia bideratzen jakin. Lehenengoa gertatzen bada, asko luza daitekeen gatazka bizi beharko du herriak.
Orduotan denetarik gertatu da. Giroa lasaitze aldera izan dira oposizioaren azken keinuak, —mezu anbiguoak eman eta eman ari da—.CNE Hauteskundeen Batzorde Nazionalaren aurrean gaurko deitu zuen protesta bertan behera utzi du, arriskutsuegia zelako. Gobernuari indarkeria sustatzea leporatzen badio ere, alde bolivartarrekoak izan dira hildako zazpi pertsonak, eta motorzale kaputxadunen ekintzek aurrera jarraituz gero atzera bueltarik ez lukeen egoera gertatuko litzateke. Gobernuak probokazioetatik ihes egiteko mezua eman die bere aldekoei, eta oposizioak egiten dituen protestei erantzun baketsua eman diezaietela. Gertatutakoa bitxia izan da.
Arratsaldeko zortzietan lapiko jotze zalapartsu batean parte hartzeko eskatu du, baina jende asko 17:00 inguruan hasi da zartaginak eragiten. 20:00etan izan da benetako soinua, Caracasko auzo batzuetan sekulakoa. Gauez soinuak dimentsio handiagoa hartzen du. Oposizioko jarraitzaileek protestarako beharra dutela bistan da, eta chavistek eurena sutsu defendatzeko grina dute, gaur Madurok esandakoaren estiloan egin ere, umoretsu: kalean jarri dira, taldeka, musika bozgorailuetatik zabaltzen, eta dantzan, Chavezen aldeko kantuen doinuan, kanpaina honetan pare bat abesti jarri baituzte modan, Skaperen El libertador horietako bat. Bolivar etorbidean 50 pertsona inguru elkartu dira festara, eta hiri osoan sortu dira taldeak.
Gauerdian, ordea, beira zati txiki-txikiak, eta zabor poltsa puskatuen hondakinak daude errepidean; keroseno usaina dago hainbat kaletan. Zerbait gertatu den seinale, baina garbituta dago; indarkeria arrastoak ahal diren neurrian desagerrarazten tematu da norbait. Ez dago segurtasun indarren presentziarik, itxuraz. Arrasto horiengatik ez balitz, gauak lasaia dirudi Caracasen.
Bihar, ordea, egunarekin batera —gaur eguerdia Euskal Herrian—, herrialde osoko partea jakiterakoan neurtuko da jarduna. Caprilesek temati jarraitzen du esanez iruzurra dagoela hauteskundeotan, nazioarteko behatzaileek esaten dutenaren kontra. Milioi bat boto inguru zulora joan direla esan du, baina Maduro ez dago prest haren eskakizuna aintzat hartzeko, hauteskundeok legezkoak izan direlako, CNEren sistema munduan dagoen onenetakoa delako —ez dira alferrik izan hamalau urtean egin dituzten hamasei prozesu—, eta ez daudelako prest galtzen ez dakitenen jokoan erortzeko. Hark beste hitz batzuez esandakoak dira hiru arrazoi horiek.
AEBek, amesgaizto honetako hirugarren protagonistak, ukatu egin dituzte Maduroren akusazioak. Eurek ez dute Venezuela desegonkortzeko asmorik, eta Venezuelako Gobernuak esandakoa erabat faltsua da. Horrelakoetan gertatzen den bezala, adierazpenak askotan benetako arazoa desbideratzeko egiten dira. Herritarrak kalera borrokara aterarazi nahi badituzte, haietako asko txinpartaren zain daude.