Orlettiren amarruan

Automotores Orletti garaje mekanikoaren itxura zuen tortura zentroko lau kide epaitu dituzte Argentinan; Cabanillas jeneralari bizi guztirako kartzela zigorra ezarri diote, eta gainontzekoei, 20 eta 25 urte artekoa.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Buenos Airesko Automotores Orletti garajeak autoetarako sarrera handi bat dauka, biltzen den metalezko errezel bat eta, ondoan, ate blindatu txikiago bat. Bi solairuko erakin horretan, areto handi bat da behekoa, eta komun bat eta garbitegi bat ditu bereizita. Betoizko zorua lurrez eta koipez zikindua dago, txasien arrastoak nonahi, eta bahitutakoren baten autoa. Erdian, urtegia eta presoak zintzilikatzeko txirrika, urpekoa egiteko prest. Goiko solairuan, galdeketetarako gela bat, torturatzeko beste bat eta arropa eskegitzeko terraza bat daude: terrazari lorategia deitzen diote militarrek.

Ate blindatuaren behazulora gerturatu, eta «Operacion Sesamo» esatean ireki diote atea Eduardo Cabanillas jeneralari. Zentroko nagusiak zain dauzka Honorio Martinez Ruiz,Eduardo Alfredo Ruffo, Raul Guglielminetti eta Anibal Gordon. Beste edozein egun izan daiteke, baina 1976ko irailaren 14a da. Estela Moya Saravia eta Gustavo Gaya senar-emazteak etxetik atera dituzte, baita haien lagun Ana Maria Perez ere. Une batetik bestera lehertuko zaion bederatzi hilabeteko sabela dauka Perezek, eta besteak baino lehenago atera dute handik; tiro bat sabelean jota bota dute inguruko muino batean.

Zigorrak

Eduardo Cabanillas bizi guztirako kartzela zigorrera kondenatu dute, hilketengatik epaitutako bakarra. Hil zituenen artean daude herenegun epaia ematerakoan lekukoek, senideek, seme-alabek lagunek eta biktimek oihukatutakoen izenak: Gustavo eta Ricardo Gaya, Marcelo Gelman, Dardo Albeano Zelarayan eta Ana Maria Perez bera, besteak beste. Cabanillasen kasuan, ez dute egindakoengatik soilik epaitu, baita bere zereginengatik ere: OT18ko buru izan zen —Orletti garajearen izen ofiziala—, Condor Planeko buru Ruben Visuararen eta Otto Paladinoren agindupean. Honorio Martinez Ruiz, Eduardo Alfredo Ruffo, Raul Guglielminetti eta Anibal Gordon —azken hori hilda dago— hark agindutako tortura guztiak egiteko zeuden. Guglielminettiri jarri diote kondenarik laburrena, kasu guztietan ez zuelako parte hartu —beste zentro batzuetan egindakoengatik epaitua dago—, eta beste biek hogeita bost urteko zigorra jaso dute.

Epaia irakurtzeko saioan prozesuan lekuko izan diren biktimak, seme-alabak eta abokatuak egon dira. Sara Mendezek epaia bere urtebetetze egunean jaso du, hunkituta. Orletti ongi ezagutzen du Mendezek. Han eduki zuten bahituta; han lapurtu zioten Simon semea —hogei urtera berreskuratu zuen—. «Beti esaten dut justizia berandu heltzen denean ez dela justizia, zigorgabetasuna luzatu egiten delako urteekin, baina kasu hau urrats bat da, oso garrantzitsua».

Kanpoan, epaitegi aurrean, Gayaren semeetako bat besarkatu dute han daudenek, Maiatzeko Plazako amek ere bai, eta norbait Sara Mendezi Zorionak zuri kantatzen hasi da.

Hego Amerikako zuloa

Orlettin 200 lagun atxilotu eta torturatu zituzten Argentinako diktadurak iraun bitartean, 1976tik 1983ra bitartean. Hego Amerikako diktadoreen Condor Planaren koordinazio zentroa zen, eta oposizio politikoa egiten ziotenentzako zuloa. Argentina, Uruguai, Txile, Bolivia, Paraguai eta Kubako biktimak egon ziren han, herri haietako torturatzaileen esku.Victor Visuarak Eduardo Ruffo agenteari agindu zion kobazulo bat aurkitzeko. Garajea ezin egokiagoa zen. Gaur egun, museo bilakatu dute, biktimen oroimenez.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.