Memoria historikoa. Alemania

Oroimenean iltzatutako memorizidioa

90 urte igaro dira Alemaniako Ikasleen Batasunak 20.000 liburu inguru erre zituenetik. Weimarko Errepublikaren eta langile mugimenduaren sinboloak suntsitu zituzten Marxen, Freuden eta Einsteinen lanekin batera, eta zientzia eta literatura lan aurrerakoiak ostrazismora kondenatu.

Liburuak erretzen 1933ko maiatzean, Berlingo Opernplatzen. GEORG PAHL / WIKIPEDIA.
Berlin
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Wer weiterliest, wird erschossen... (Irakurtzen jarraitzen duena fusilatua izango da...) izena du erakusketak. Hartan, gogora ekartzen dute nola Berlinen eta Alemaniako beste hogei hiritan 20.000 liburu inguru erre zituzten, eta gertatutakoaren inguruko informazioa eskaini. Berlingo Ikasleen Elkartearen Batzorde Historikoak (Hiskom) antolatu du, eta, batez ere, Alderdi Nazionalsozialistaren memorizidio saioetan oinarritzen da, pertsonen memoria eta haien pentsamendua sistematikoki ezabatzeko ahaleginean, alegia. Ia mende bat igaro da ordutik —90 urte bete ziren maiatzean—, baina gertatutakoa memoria kolektiboan geratu da.

Primo Levi idazleak erabili zuen memorizidio hitza lehenengoz. Erresistentziaren parte aktiboa izan zen Levi, eta Auschwitzeko kontzentrazio esparrura (Polonia) deportatu zutenean bere gizatasuna suntsitzeko ahaleginei buruz idatzi zuen. Pertsonaren arrastoa apurtzea, suntsitzea eta etetea litzake memorizidioa. Baina naziak ez ziren horretara mugatu. Oroitzapen lekuak ere desagerrarazi zituzten, kaleen eta plazen izenak aldatu, eta erregimenaren gogoko ez ziren egileen aipamenak debekatu. Esaterako, Heinrich Heineren izena testuliburuetatik ezabatu eta «poeta ezezaguna» bilakatu zuten.

Debekatutako lanak

1933ko maiatzean, Berlingo Opernplatzen —egungo Bebelplatz— Herbert Gutjahr zuzenbide ikaslea izan zen liburuak sutara botatzen lehena: «Klase borrokaren eta materialismoaren aurka! Volksgemeinschaft [herri komunitatearen] eta bizitzaren alde! Marx eta Kautskyren idatziak sutara». Beste zortzi ikaslek, bata bestearen atzetik mikrofonora hurbildu, eta nazien aldarriak oihukatu zituzten liburuak sutara jaurtitzearekin batera.

Debekatutako egileetatik gehienak herrialdetik kanpo zeuden ordurako, baina Erich Kaestner idazle judua han zen, eta gertaeren lekuko izan zen. Historia liburuetan jasota geratu dira haren hitzak: «Gure liburuak sugar madarikatuetara erortzen ikusi nituen, eta gezurti txiki maltzurraren diatriba axolagabeak entzun. Hileta giroa zegoen hirian. Magnus Hirschfelden [medikua eta homosexualen eskubideen aldeko ekintzailea] busto lodi baten burua zutoin luze baten gainean zegoen, alde batetik bestera kulunkatzen. Nazkagarria izan zen».

Irudi horiek gogora ekartzean, Joseph Goebbelsen figura dator askoren oroimenetara. Hura izan zen ekinaldi horren bultzatzaile nagusia. «Nazi batentzat ere arriskutsua zen nazien artean bizitzea. Giro horretan, gailentzea lortzen zutenek soilik egiten zuten aurrera», azaldu du Bernd Schilfert Hiskomeko kideak.

1933ko martxoaren 13tik zuen Goebbelsek Herri Ilustrazioko eta Propagandako Ministerioaren ardura. Handik gutxira hasi ziren kaleratzeak, eta naziek debekatu egin zieten kultura sektorean aritzea gertukoak ez zituztenei. Komunikabideetako erredakzioak garbitu zituzten, eta araudi berriak ezarri. Goebbelsek bere burua hauspotzeko baliatu zuen ekinaldia, eta itzala egin ziezaioketen lehiakideak baztertzeko.

Ikasleek ere propaganda baliatu zuten nazien ideiekin bat ez zetozen lanen aurka egiteko. Apirilaren 12an abiatu zuten kanpaina. Egun horretan publikatu zuten Alemaniaren aurkako izpirituaren kontrako 12 tesi izeneko idatzia. Hartan, gogor egiten zuten juduen, sozialdemokraten, komunisten eta liberalen aurka. Letra gotikoz eta tinta gorriz idatzia zegoen testua, eta unibertsitateetan eta egunkari askotan argitaratu zuten. DSt Ikasle Alemanen Batasunak antolatutako lau asteko propaganda maiatzaren 10ean amaitu zen, milaka liburu erretzearekin batera.

Unibertsitateak

Zail da irudikatzea unibertsitateko ikasle-irakasleak eurak izan zirela halako kanpaina bat bultzatu zutenak. Baina, Schilferten esanetan, irekiera saiakerak egon ziren arren, garai hartako unibertsitate gehienak «burgesak eta elitistak» ziren. «Gerraosteko inflazioak eta krisi ekonomikoak eragindako krisi existentzialista zela eta, asko erakunde nazien mende geratu ziren, baita ikasleak ere».

Alderdi naziaren (NSDAP) parte zen Sturmabteilung (eraso dibisioa) edo SA talde paramilitarra, baita Kampfbund für deutsche Kultur (Alemaniako Kulturaren Aldeko Aliantza) edo KfdK ere. Hiskomek antolatutako erakusketaren paneletan irakur daiteke Lehen Mundu Gerrako beteranoak bizkor bihurtu zirela SAko kide, taldeko «laguntasun kulturak» erakarrita. Ikasleak eta mundu akademikoa KfdKren bitartez batu ziren alderdi nazira, baina baita SAko partaide bihurtu ere. Arrunta bilakatu zen alkandora arreak zeramatzaten ikasle uniformatuak ikustea ikasgeletan.

«Iraganean sakontzen den heinean, oroimen prozesuak batu egiten dira, eta gertaera ezberdinak bakar batean metatu. Hori bera gertatu zen maiatzaren 10arekin ere», azaldu du Schilfertek.

1932ko uztailean estatu kolpea eman zuen Franz von Papen kantzilerrak Prusian —orduko Alemaniako eskualderik handienean—, Paul von Hindenburg presidenteak ezarritako larrialdi dekretu bat baliatuz. Eskualdeko eremu batzuetako ezinegona eta arazoak kudeatzeko gobernuaren ustezko ezintasuna izan ziren neurri hori hartzeko aitzakiak —Zentro-ezkerreko koalizioa zegoen agintean 1918tik, baina, apirileko hauteskundeen ondoren, gutxiengoan zegoen legebiltzarrean—.

Prusiako estatu kolpeak Weimarko Errepublikaren amaiera bultzatu zuen, baita nazionalsozialismoaren gorakada ere. Adolf Hitler izendatu zuen kantziler Von Hindenburgek; 1933. urteko urtarrila zen. Otsailaren 27an Reichtag eraikinean, hau da, Alemaniako Legebiltzarrean izandako sutea ekintzaile komunistei egotzi, eta alderdi naziak bereganatu zuen boterea.

Alderdi naziaren jarraitzaileetako bat besterik ez zen orduan Wolfgang Herrmann, baina 29 urteko liburuzain hark sortu zituen gerora ikasle nazionalsozialistek erabiliko zituzten zerrenda beltzak. Horien bidez, ikasle taldeek unibertsitateetako, erakundeetako eta liburu dendetako literatura lanak konfiskatu zituzten. Liburutegi publikoak ere hertsatu zituzten, eta erregimenaren ideologiarekin bat egiten ez zuten liburuak erretiratu.

Ikasleek idatzitako zerrenda beltz horiek Hitz Idatziaren Ganberak aurrerago sortu zuen zerrenda ofizialagoaren abiapuntu izan ziren. Potsdamgo Unibertsitateko Ikasketa Europar-Juduetako historia irakasle Werner Tressek gogoeta egin du nazionalsozialisten etsai literario eta politikoen inguruan. «Ez dago argi ideia horiek berriak ziren edo lehendik gizartean hedatuta zeuden. Hala balitz, nabarmentzekoa litzateke haserre hori bildu, erradikalizatu eta zeinen denbora gutxian baliatzeko gai izan ziren izuaren eta burokraziaren bidez».

Liburuak, arpilatuta

Maiatzeko gau haren ostean ere, liburu denda eta liburutegiak arpilatzen jarraitu zuten nazionalsozialistek. Liburutegi publikoen funtsen %10 baino gehiago galdu ziren, eta funts pribatuen arpilatzea are bortitzagoa izan zen. «Unibertsitateen liburutegietako liburu gehienak ez ziren erre: armairu pozoitsuak zeritzetenetan pilatu zituzten», azaldu du Schilfert Hiskomeko kideak.

Europa ekialdean ere gertatu ziren arpilatzeak. Polonian suntsitutako 15 milioi liburu zerrendatu ditu Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak —estatuko funtsen % 60—. Horien egileetako askok erbestera jo zuten, batez ere Pragara eta Parisera.

Alfred Kantorowicz idazle eta kazetaria izan zen nazien aurka gogorren egin zutenetako bat, eta Liburu Erreen Liburutegia sortu zuen Parisen, 11.000 lan ingururekin. Baina ihesera jo zutenetako asko ezin izan ziren Alemaniara itzuli. Beste zenbait, berriz, nazien krimenen aurkako epaiketetan parte hartzeko edota auzi horien berri izateko itzuli ziren. Kaestner eta Erika Mann idazleak izan ziren nazioarteko auzitegian gertatzen zenaren berri eman zutenetako bi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.